Literatoak

Harriet, Bernard Maurice

Joanes Haraneder lapurtarrak Testamendu Berriaren euskal itzulpena egin zuen, baina lana ez zen itzultzailea bizi zelarik argitaratu. Jean Robin-ek eskuz kopiatu zuen 1770ean, eta 1855ean Baionan argitaratu zen (lau ebanjelio kaleratu ziren), Lasserre-ren moldiztegian, honako izenburu eta azalpenarekin: Iesu-Christo / gure Iaunaren / Testament / Berria / lehenago / L N. Haraneder / Done Ioane Lohitsuco laun aphez batec / escuararat itçulia;/ orai, artha bereci batequin, garbiquiago, / lehembicico aldicotcat aguer-aracia, / laphurtar bi jaun aphecec; / jaun Aphezpicuaren baimenarequin.

Izenburuan bertan "lapurtar bi jaun apaizak" nor diren esaten ez den arren, badakigu argitalpenaren egileak Pierre Nérée Dassance (1801-1858) eta Maurice Harriet (1814-1904) izan zirela. Badirudi, alabaina, Harriet izan zela argitalpenaren arduraduna, eta argitaratzaile-lanak egiteaz gain, Haranederren testua goitik behera aldatu zuela, nahieran. Hori dela eta, Henrike Knörr-ek "Haranederen galbahe" deitu zion; izan ere, alde aski nabarmena ikusi zuen Haranederren bertsioaren eta 1855ean argitaratutakoen artean. Vinsonek eta Daranatzek ere susmo hori islatu zuten euren idazkietan, eta XX. mendean Lafittek, Mitxelenak, Ruiz Arzalluz-ek eta Altunak susmoa baieztatu eta luze frogatu zuten.

Moldaketa-lanetan zenbait eredu aipatu izan dira: Vulgata eta Sacy jansenista, Joannes Leizarragaren itzulpena eta Haraneder bera. Jakin, badakigu Leizarragaren itzulpena bere liburutegian zeukala Harrietek, baina badirudi beskoiztarraren lana ez zuela gehiegi baliatu. Ikertzaileek bi argudio eman izan dituzte hautu horren inguruan: alde batetik, Harrietek jendeak irakurtzeko moduko argitalpena prestatu nahi izan zuen, eta Leizarragaren ereduak kutsu zaharregia eta kultista zeukan horretarako. Bigarrenik, badirudi, nahiz eta hiztegian hori erakutsi ez, Harriet garbizalea zela; izan ere, latinetiko mailegu garbiak beste hitz batzuekin ordezkatzen saiatu zen. Haranederren lanaren argitalpenaren izenburuan irakurtzen da "garbikiago" hitza, asmo oso bat islatzen duena.