Kontzeptua

Harpe

Leize batzuk santutegi gisa erabili izan dira lehenago, eta horietan, mitologiarekiarekin lotutako kontuak aurki daitezke.

Toloñoko mendilerroan bi kobazulo daude, eta San Tirso eta San Quilliz (Quirze) santuei eskainitako baselizak dira, hurrenez hurren. San Bartolomeren baselizak, Atauritik gertu, haitzulo bat hartzen du. San Romani dedikatutakoa, berriz, izen bereko herrian dagoen haitz batean dago. Hirutasunaren baseliza Gibijo mendiko kobazuloan dago, Kuartangon. Ama Birjinari dedikatutako baseliza bat da Jaitzeko kobazuloetako batean dago. Horrez gain, Ama Birjinari dedikatuko beste batek Oskiako harkaitzaren koba hartzen du. Uxueko Ama Birjina ere kobazulo batean agertu zen. Urdulizko haitzean kobazulo bat dago, eta bertan aurkitzen dugu Santa Marina baseliza. Abadiñon, Atxarteko haizpitartean dagoen kobazulo batean, Kristo Sainduaren baseliza aurki daiteke. San Elias edota Santelli edo Sandalli baseliza Araotzko haitzuloan dago (Oñatin). Barruan, historiaurreko giza hilobien arrastoak daude. San Adriango baseliza izen bereko tunelean dago, Aizkorriko mendilerroan.

Faidon, Erdi Aroko hiru tenplu txiki daude lurpean. Lehenengoa Done Mikelen harkaitzean dago. Bigarrena Haitzetako Ama Birjinaren baseliza da, Kruziaoko harkaitzean dago, eta paleokristaua da. Hirugarrena aurrekoaren gainean dago, haitzean zizelkatuta: oinplanoak tenplu bisigotikoen antza du.

Sarratxoko haitzean (Albaina) beste bi tenplu paleokristau daude arrokan zizelkatuta. Goba kobazuloan ere (Lañun), bi labar-tenplu daude, Sarratxo eta Faidokoen oso antzekoak: bertan, Erdi Aroko inskripzio latindarrak daude. Santorcarian (Santa Leocadia) Lañuko beste haitz bat da, eta, bertan, bi tenplu gehiago ikusi daitezke. Horietan zien aurreko labar-tenpluetan absideak eta dagozkien aldareak ikus daitezke. Horietako batzuk arroka-irtengune kubikoak dira, eta beste batzuk hormetan zizelkatutako hobiak dira.

Aralarko Done Mikel in Excelsis santuaren kondairak dio arkanjelu honen santutegia leizearen sarreran eraikita dagoela. Garai batean, Herensugeren bizitokia ere izan zen, eta ingurukoek gizakiak eskaintzen zizkioten opari gisa. Aldarearen mahaiaren eskuinean, zulo bat dago, horma-hilobi zaharren modukoa, eta lurpeko barrunbe horrekin komunikatuta omen dago. Erromes askok burua zuloan sartu ohi dute kredoa errezatzen duten bitartean, buruko minetatik babesteko.

Aralarko Done Mikelen antzeko horma-hobiak daude ere Usurbilgo San Esteban santutegi edo baselizan, Zukiñagako Ama Birjinarenean (Hernanin), Zegamako San Pedrorenean eta Orioko San Juan Bautistarenean. Hobi horietan otoitz egiten dute bisitan joaten diren fededunek. Zeharburuko koba Bidarrai mendian dago, eta Elizak onartu gabeko ermita bat da. Bertan, "santu" legendario bat gurtzen zen: kondairak dio harri bihurtuta geratu zela, eskualde osoan "hago, hago" mehatxu-ahotsak hainbat gauez entzun ondoren. Harpeko Saindua edo Harpeko Saindia (kobako santua) deitzen diote. Kondaira hori bat dator Mariren zikloko beste gaietako batekin, eta kontakizuna Puyko Andre Mariaren parekoa da, Lizarratik gertu dagoen koba batean gertatu zena.