Literatoak

Harispe, Piarres

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Donibane Lohitzune, 1854-Garches, 1925.

Piarres Harispe Lapurdiko kostaldean, Donibane Lohitzunen, jaio zen 1854an, Larresoroko seminarioan egin zituen ikasketak eta 1881ean apaiztu zen. Gutxi idatzi eta argitaratu zuela eta, euskal literaturaren historia nagusietan ezer gutxi esaten da berari buruz, ez bada aipamen soilen bat. Euskal Herritik kanpo, Belgikako hiriburuan eta Parisen bizi izan zen.

XIX. mende amaieran Euskal Erria aldizkarian zenbait lan argitaratu zituen (1884-1886), bai eta Euskal Esnalean ere. Erlijioari buruzko artikulu laburrak idatzi zituen, Frantziako Chanson de Roland ezaguna (Errolanen kantorea) itzuli zuen lapurterara eta Ainhoa (Paris, 1893) eleberria idatzi zuen frantsesez. Alabaina, euskal letretan Karmela antzerki-lanari esker aipatu ohi da.

Ezagun da XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran antzerkigintzak, euskal antzerki berriak, Hego Euskal herrian zer nolako indarra hartu zuen, besteak beste, Marzelino Soroa edo Toribio Altzaga egileen eskutik. Bada, sasoi hartan bertan kaleratu zuen Harispek Karmela drama erromantikoa.

Drama historikoa da Karmela lanean ageri dena, Orreagako guda mitikoa du ardatz, eta Euskal Erria aldizkarian kaleratu zen ez osorik, baina zatika, 1886an. XIX. mendeko Ipar Euskal Herriko antzerki-lan aipagarrienetakoa da, baina ez zuen lortu, inondik inora ere, garai hartako Donostia aldeko antzerkigileen lanen arrakasta: antzeztu ere ez zen egin.

Bertsoz idatzi zuen Harispek, hiru ekitalditan, hamabi silabatako bertso-lerroak eta binakako errimak erabilita. Esan bezala, lapurtarrak Orreagako guda hartu zuen oinarri, baina egilearen fantasiak non-nahitik egiten du gainezka. XIX. mendeko beste egile lapurtar zenbaiten ildoan kokatu izan dute ikertzaileek, hala nola, Jean Duvoisin eta J.M. Hiribarrenen ildoan.

Antzerki-lana XX. mendean argitaratu zen, osorik, Donostian, eta 1992an Erein argitaletxeak berrargitaratu zuen.

Patxi Salaberriren ustez, "Hizkuntza ikuspegia da faktorerik azpimarragarriena" (2002: 13) lan honetan. Darrigolen ideiekin egin zuen bat, eta batasuna lortze aldera proposaturiko berrikuntzen alde agertu zen, hots, k, ge, gi edo z bezalakoak erabiltzearen alde. Antzerki-laneko hizkuntz eredua ere ez da badaezpadakoa: Hego Euskal Herriko hizkera arrunta (ez garbizaleena) hautatu zuen. Bigarren argitalpenerako idatzitako hitzaurre laburrean argi asko adierazi zuen zein zen bere asmo nagusia:

"Una egimen labur bat orai duela ogoi eta bortz urte egin dutana. Ez nuen billatzen orduan, ez dut geiago billatzen orai, mintzatzen ez den eskaldun lapur bat eskribatzea. Miñ ingarri da ikustea gure mintzaera zahar eta ederrean sumatzen diren obra geienak ezin adituzko hitz eta itzaldietan itzuliak direla. Itzaldi eiek jakintsunak gozatzen dituzte beharbada, baiñan ez ordian jende xeiak. Ez Mariñelek, ez langileek ez dituzte irakur ahal ezin errexki adituak direlakotz. Ez ote dituzte itzaldi bakotxean itz arrotz eta gogor batzu kausitzen, ez ote dute behar billatu nekez bere gogoetan zer hitz eiek erran nai duten? Jakintsun izkuntz ederrez burua naasia daukate. Eien mintzoa izan daiteke zuzen eta garbi, baiñan ote da jende xeiarena bainon legun eta argikiagoa?

Eskuara ez de bertze mintzaerak bezala. Ederkiena mintzatzen dutenak dire gure mendietako artzaiñak, Aiñoako laborariak, eta Donibaneko Kazkarotak".

1925ean Garches-en hil zen Harispe.

  • APALATEGI, Ur. "Karmela (1886)". Euskal Literaturaren Hiztegia. Euskara institutua-EHU, 2008. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Piarres Harispe". [Kontsulta data: 27-04-2012].
  • ONAINDIA, Santiago. Euskal Literatura (III). Donostia: Etor, 1974.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar, 2002.