Eskultura

Haizearen Orrazia

Haizearen Orrazia, uste okerrez Haizeen Orrazia moduan ezaguna, Luis Peña Ganchegiren obra arkitektonikoaren gainean kokatutako Eduardo Chillidaren eskultura multzoa da, 1976an amaitua. Kantauri itsasora begira, arroka batzuetan txertatuta dauden altzairuzko hiru eskulturek, eta apurtzen diren olatuez elikatzen diren aire eta ur irteerek osatzen dute. Ia hamarna tonatako pisua duten hiru piezak kokatzeak buruhauste handiak sortu zituen, eskultoreak ingurunea bere horretan mantentzea nahi baitzuen. Azkenean, José Elosegui ingeniariak aurkitu zuen irtenbidea, itsaso gainean olatuei eutsiko zien zubi erraildun bat eraikiz. Eskultorearen lekurik kuttunena hiriko bereizgarri eta donostiarren identitate ezaugarri bilakatu zen modu horretan.