Literaturakoak

Gutun liburua (1975). Jose Paulo Ulibarri

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Gutun liburua (Gutunliburua) da Jose Paulo Ulibarri idazle arabarraren lan nagusia. Ulibarri (Okondo 1775 - Abando 1847) albaitaria ogibidez, Bilbo ondoko Abandoko alkatea izan zen lau aldiz, eta hirutan batzarkidea Gernikan. Euskaltzale eta foruzale amorratua, karlismoaren aldekoa izan zen. Bestelako lan gehiago egin arren -Egunari eusquerazcoa erdarazcotik itzuliya (1815), Gabon-kantak...- lan guztiak ahaztuxe egon dira. Arabako Foru Aldundiak 1975ean argitaratu zuen Gutun liburua lanaren edizio faksimilea. Aurretiaz, esku-izkribuak Urkijoren liburutegian zetzan, eta zenbait pasarte baino ez zeuden argitaratuta zenbait aldizkaritan.

Dena dela, Gutun liburuaren pasarte gehienak ez ziren egin publikoari emateko. Lanak dituen alde nagusi bietarik lehenengoan, izenburuak berak ongixko adierazten digun bezala, bere epistolarioa, biltzen da, hots idatzi eta jaso zituen gutunak. Baditu, bestalde, beste testu batzuk ere: irakurtzen zituen liburuen oharrak eta efemerideak jasotzen zituen, laburpen gisa; ferratzaileentzako kontratuak ere ematen ditu, batzuk erdaraz eta beste batzuk gaztelaniaz; bere bizitzaren pasarteak, Bilboko setioko gertaerak. Ulibarrik sasoiko handiki askorekin izan zituen harremanak. Harremanon emaitza dira, hain zuzen, Gutun liburuak jasotzen dituen eskutitzak. Erro, erregearen ingurukoa; Iztueta eta Mendiburu idazle gipuzkoarrak; Bizkaiko diputatuak ziren Novia Salzedo, Anitua, Barrenetxea, eta Valdespinako Markesa; Basaguren, Soloeta Baltzola, Olabarria eta Julian Argaiz Gernikako junteroak; Juan eta Francisco Zengoitia-Bengoa koronelak; Zabala, Luno eta Estarta frantziskotar fraideak... denak izan ziren Ulibarriren jakintza, asmo eta kezken lagun. Izan ere, gutun hauetan guztietan Ulibarriren idearioa nabarmen-nabarmena da, bai euskararen gainean, eta bai politika ideien gainean. Gutun liburua ez da ulertzen Ulibarriren uste eta iritziak aintzakotzat hartu gabe. 1823. urtean hasita, epistolarioa zabaltzen duen lehenengo eskutitza, Diego de Basagureni zuzendua, eta 1834ko dataz Bizkaiko diputatu karlistei agindutako memoriala dira hainbestetan agertutako Ulibarriren ideien benetako manifestu argiak.

Gutun eta bestelako agirien artean urtebetetzeetan lagunei bidalitako lan poetikoak ere badira. Horietan ere argiak dira Ulibarriren etengabeko propagandaren leloak:

"Esaizu: zelan da au,
(edo) zetara adi gara?
Euskera berba eginda,
eskolia erdera?
Ori da asmo gaiztoak
egitia gu galtzera.

Esan biarrian Aita Guria
esaten Padre Nuestro
erderazko garrazkerian"

Ulibarrik bilbotarren erdararako joera salatzen du olerkitxoetan:

"Zer garbitu asko dago
emengo lekuetan.


Uri au da geure galtzaille
gauza guztietan,
egin dan legez pozua
erdera loiekaz,
mota guztiko suge ta
ganeko piztiakaz."

Ulibarrik bertsotan adierazi zuen euskararen akademia sortzeko premia:

"Ogetalau gizon bihar dira izentau
Gernikako batzarrian
egiteko alegin, an
euskeraren ganian."

Liburuaren bigarren partean, berriz, saio literarioak dira nagusi. Parte hau bizitzako azken urteetan osotu zuen. Bertsoz egindako ariketak dira, batzuk literarioak eta beste batzuk didaktikoak. Testuok ez zituen Ulibarrik berak idatzi, diktatuta eta neskaren batek edo batzuek jasoak dira, ez oso txukun bertsoren batean adierazten duen bezala:

"Balentzi:imini lumia zorrozki,
nasaro onean izkribatzeko
garbirik eta ederki."

Ariketa horien artean, badirudi olerki didaktiko bat egiteko asmoa dagoela. Olerki hori diktatua jasotzen zuten neskentzakoa litzateke, hau da, bere ilobentzakoa.

Ugari dira Ulibarrik testuotan jorratzen dituen gaiak: erlijioa, historia eta, batez ere, Euskal Herriko historia eta euskaldunen jatorriaren gaineko teoria. Idazki hauetan euskal nekazariak, baserritarrak, olagizonak eta marinelak goraipatzen ditu. Bestelako bertso didaktikoetan matematika, umeen heziketa eta euskararen aldeko apologia jorratzen du. Azken orrialdeak Okondori, jaioterriari, eskaintzen dizkio, artean euskalduna zen Arabako herriari.

Lanak bat-batean amaitzen ditu, eta ematen du amaitu gabe utzi zituela. Ordurako 1844. urtea zen.

Jose Paulo de Ulibarri euskaltzale handia izan zen, euskal liburutegi zabal baten jabea, horrek isla du, noski, idazleak zerabilen idazkeran. Berea Nerbioi haraneko hego-mendebaldeko bizkaiera izan arren, jakintza zabaletik zetorkion ekarriaz janzten zuen idazkera.