Olerkariak

Gurruchaga, Joaquín

Euskal poeta. Donostian jaio zen 1910ean, eta Madrilen hil, 2000an.

Donostian XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan sortu zen abangoardia artistikoaren kide izan zen. Jaiotza-hirian bertan, Gabriel Celayaren -betidanik idaztera animatu zuen laguna- eta Jorge Oteizaren lagun egin zen, eta haiekin kulturalki bat egin ere. Garaiko beste poeta batzuk ere lagun zituen, hala nola Federico Garcia Lorca edo Manuel Altolaguirre. Azken horrek 1936an argitaratzekoa zuen lehenengo poema-liburua, baina Gerra Zibilak asmoak zapuztu zizkion. Sentsibilitate handiko gizona zen eta hezkuntza estetiko sakona zuen. Arkitektura-ikasketak egiten hasi zen Zaragozako Unibertsitatean, baina Filosofia ikastea erabaki zuen azkenean. Politika-zientziak ere ikasi zituen.

Pentsamendu eta iritzi kritikoa zituen, eta, horregatik, Franco bizi zen artean unibertsitatean kargurik ez onartzea erabaki zuen. Franco hil zenean, San Fernandoko Arte Ederren Eskoletako dekano bihurtu zen. Calambur argitaletxeak argitaratu du haren poesia, hiru liburukitan: Últimos Poemas (1983-1992), 1995ean; El tiempo, el humo, el pasado 1996an; eta Primeros poemas 2000an. Azkeneko poema-bilduma -argitaratu zireneko ordenari jarraituz- Gabriel Celayari dedikatuta dago, bereziki hark animatu baitzuen Gurruchaga poesian aritzera. Obra ugari utzi zituen argitaratu gabe. Haren ideia estetikoek irudia aztertzera eraman zuten, eta Luis Buñuelen zinemaren sustatzaile bihurtu zen Espainian. Tristana (1970) filmaren ekoizle exekutiboa izan zen. Musikarekiko zaletasun nabarmena izan zuen beti, biolinista profesionala zen haren aitarengatik hartutakoa. Azken agerpenetako bat Donostian egin zuen, Koldo Mitxelena Kultur Aretoan, Jorge Oteizari buruzko zikloan.

  • HUÉRCANOS, Juan Pablo. "Joaquín Gurruchaga". El Mundo. 2000ko urtarrilak 25.
  • MARAÑA, Félix. "Joaquín Gurruchaga, poeta todavía". El Correo. Bilbo, 1995ko urriak 23.
  • "Fallece el poeta y escritor donostiarra Joaquín Gurruchaga". El Correo. Bilbo, 2000ko urtarrilak 25.
  • "Fallece el poeta y escritor donostiarra Joaquín Gurruchaga". El Diario Vasco. Donostia, 2000ko urtarrilak 25.
  • OBESO, Jon. "Poéticas. "Las calladas conquistas de Joaquín Gurruchaga"". Periódico Municipal Bilbao. 200 zenb., 2006ko urtarrila. Pérgola Eranskin Kulturala, 13 or.