Irakasleak

Guasch Espina, Crispin

Euskaldun berria, Irurako maisua. Hizkuntzen irakaskuntzan maisu arrakastatsu bezala ezaguna. Vilanova de Escornaboun (Tarragona) jaio zen 1988ko urriaren 8an eta Donostian hil zen 1974ko otsailaren 26an, 85 urte zituela.

Tarragonan egin zituen Crispin Guaschek lehenengo ikasketak; hiri bereko Irakasle Eskolan maisutza egin eta ikasketak bikain notarekin amaitu zituen. Morera hiriko eskolan hasi zen irakasle lanetan, eta Villaplana, Gondesa eta Vinebreko ikastetxeetan jardun zuen ondoren.

Aces-Candamo (Oviedo) udalerrira lekualdatu zen 1917an; 1920an oposizioak egin zituen bertan, 19. postuan geratu eta ikastetxe berean jarraitzea erabaki zuen. Guztira sei urte egin zituen Aces-Candamon irakasle lanetan; 1923an baina, Euskal Herrian zegoen irakasle batek lantokia elkartrukatzeko eginiko eskaera onartu eta Irurara lekualdatu zen familiarekin. Udalerri horretan 35 urtetan zehar izan zen irakasle, 1958an erretiroa hartu zuen arte.

Irurara iritsi zenean, egoera bitxiari aurre egin behar izan zion: ez zekien euskaraz, eta haren ikasle askok euskaraz bakarrik zekiten. Ohartu zen, halaber, gaztelaniaz ez zekiten haur askorentzako traumatikoa zela ikastetxera joatea, ezagutzen ez zuten hizkuntza batean ikasi beharra zeukatelako. Ez zen eragozpena izan irakasle kataluniarrarentzako; euskara ikasten ipini eta denborarekin lortu zuen.

Bidegileak liburuxkan jasota dago, Guaschek Hizkuntzaren Liburua (Libro del Lenguaje) argitaratu gabeko lanaren hitzaurrean idatzi zuena:

"Euskara ikastezina den hizkuntza dela dioen iritzi hain orokortua ez da zuzena.

Nola izango da, bada, ikastezina! Begirada hutserako bereziak diren haurrek ere arazorik gabe menperatzen dutela ikusten ez dugu, bada, egunero? Gutxiago izanen ote gara gu maisuok, gizonezko zuzen eta eginok?".

Liburuan, irakasle jardunean bizitako ikasbideak jaso zituen, eta bera moduan euskara jakin gabe ikastetxe batetara iristen ziren irakasle erdaldunei zuzentzen zizkien bere jakintzak. Irurako irakasleak gutxienez egunean hitz bat ikastera animatzen zituen irakurleak, modu horretan, 365 lirateke ikasitakoak eta ikasleekin euskaraz jarduteko moduko lexikoa eskura zezaketen; hamar ikasita aldiz komunikazio aukerak biderkatuko lirateke, 3650 izango baitziren jakingo zituzten hitzak.

Liburuan, hizkuntza erabiltzen duen taldean barneratzea, hau da, euskal hiztunei erreparatzea eta entzundakoaren oharrak hartzea ere gomendatzen zuen. Gainera, irakasle-ikaslearen arteko harremanen giroari buruzko jarraibide batzuk zehaztu zituen, izan ere, horiek zainduz, ikasleek emaitza onak lortu ahal zituztela uste zuen. Gaztelaniarik ezagutzen ez zuten ikasleengana gerturatzeko estrategia bat proposatu zien irakasleei: gaztelania zekien beste ikasle baten laguntza baliatzea. Hala, harreman giroa eraiki zitekeen, hizkuntza desberdinak baliatzeak ekar zitzakeen oztopoak gaindituz.

Bestalde, marrazkiaren bitartezko lana ere gomendatzen zuen, irudi grafikoen erabilera gai bat irakasterako orduan. Azaltzen zen gaiaren osagarri moduan erabiltzen zuen, eta modu berean sendotuz adierazi nahi zena. Ahalik eta xumeena, soilena izan behar zuela ere esaten zuen. Marrazkien bidez, erakusleak, aditzak eta bestelako gramatika gaiak irakasten zituen.

Metodo pedagogikoari buruzko hainbat hitzaldi eskaini zituen Crispin Guasch irakasleak; besteen artean, 1933ko irailaren 13an Euskaltzaindiaren Laguntzaileekin egin zuen bileran zabaldu zituen bere ideiak.

Juan Mari Lekuonak 1991n Euskera agerkarian publikatutako Euskaltzaindiaren Laguntzaileak (1933) laneko pasartean, Martin Lecuona apaizak Crispin Guaschen Marrazkia, oro-izkera.-Euskera erakusteko nola erabili? hitzaldiari buruz idatzitakoak jasotzen da:

"Guasch Jauna Katalunyarra da. Irura'ko errian bere ikastolako aurrak Euskera besterik ez dakite. Nola adierazi aiei Irakasleak nai duana? Guasch Jaunak, guziak ulertzen duten izkera erabiltzen du: marrazkia. Arrigarriak dira bide onekin iritxi dituan ondorenak. Eta zergatik ez erabili bide ori bera aur erdaldunei Euskera irakasteko? Guasch Jaunak, olean irudiak marraztuz, argi erakusten digu nola irakatsi leizken marrazki bidez euskal esakunaren zati guztiak: izena, mugaitza, zendina, izenordea, aditza etab. Txalo sutsuak irabazi zituan bere itzaldi bikafiaren sariz. Eta guk galdera bat dagiogu: noiz argitaratuko digu Guasch Jaunak amaituxe daukan euskal ikaspidea? '(su texto vasco)'. Zai gagozkio".