Dantza

Gorularienak

Izen hori ematen zaio 1866an Durangon ospatutako Euskal Festetarako sortutako iruleen estanpa-abesti bati. Gaur egun, hiru dantzaz osatutako multzoa izendatzeko erabiltzen da (estanpa barne), festa haietan haurren konpartsa batek dantzatu zuena eta, ondoren berreskuratu eta zonaldean mantendu dena.

XIX. mendearen azken hamarkadetan ugaldu ziren Euskal Festa haietan eite kulturaleko hainbat lehiaketa antolatzen ziren herrialdeko ohitura zaharrak mantendu eta berreskuratzeko xedez. Horien artean zeuden dantza tradizionalak, bakarka nahiz taldean dantzatzekoak. Durangon, zonalde horretan tradizionala den Dantzari Dantzaren lehiaketarekin batera, tokiko haurren konpartsa bat osatu zen, bestelako dantzak eskain zitzaten. Dantza horietako bi herrian erreferentzia historiko zaharra zutenak. Bat zinta-dantza da, makilaren puntan panpina edo Domingelua jarrita egiten dena. Dantza hori hainbat mendez Gorpuzti Egunean herriko dantzariek egiten zituzten dantzen artean zegoen. Bestea arku-dantza, besteak beste, 1828an Fernando VIIak Durangora egindako bisitan dantzatu ziren dantzen artean aipatzen dena. Orduko hartan, neskez osatutako talde batek dantzatu zuen arku-dantza hori.

Bi dantza horiekin batera, eta berritasun azpimarragarri gisa, iruleen langintza irudikatzen zuen estanpa-abesti bat sortu eta estreinatu zen. Horrela, lihoarekin haria egiteko eta, ondoren, hura erabiltzeko, beharrezkoak ziren eragiketak irudikatzen ziren. Horretarako, zegozkion tresnak erabiltzen ziren, esate baterako, lihoa kolpatzeko mazoak, ezpatak, txarrantxak edota goruak, neskek zein gizonek erabiltzen zituztenak abesten zuten bitartean. Gizonek, mazoarekin kolpeak emanez, ezartzen zuten erritmoa tarteka. Horretarako, J.A. Moguel idazleak Peru Abarka liburuan halako langintzen inguruan argitaratutako bertsoak hartu zituzten oinarritzat. Bertatik hartuak dira abestien hitzak. Konpartsaren musikaz Valentin de Zubiaurre arduratu zen, Garai herriko musikagilea eta Madrileko Errege Kaperako maisua, Valentin eta Ramon pintoreen aita. Bost urte lehenago J.A. Moguelen liburua argitaratu zen Durangon eta litekeena da gaia hautatzerakoan horrek zerikusia izatea. Hala, Zubiaurrek sortutako musika eta Moguelen hitzak oinarritzat hartuz, estanpa-abesti berri bat prestatu zen, "Gorulariak" izenekoa.

Estanpa ez ezik, dantzak ere (aurrez bata gizonek eta bestea neskek dantzatzen zituztenak), kasu horretan, talde misto batek interpretatu zituen.

Hurrengo urtean, neskato eta mutikoen taldea Bilbora joan zen hiria bisitatzen ari zen Erreginaren aurrean dantzatzeko. Beranduago, Euskadiko Gazteen inguruan antolatutako dantza-taldeen errepertorioan hiru dantza horiek barneratu ziren; are, deskribapen musikal eta koreografikoa ere argitaratu zen, herrialde osoan barna hedatzeko asmoz. Hortik aurrera dantza horretan parte hartzen zuten emakumeak irule gisa izendatzeko ohitura hedatu zen.

Gaur egun, hiru dantza horiek (zortzi neskez eta zortzi gizonez osatutako talde misto batek dantzatu eta abesten dituztenak) eite tradizionala hartu dute Iurreta eta Durangoko festetan.

  • OLAETA, Segundo de. "Folklore del Duranguesado". Dantzari. 2 eta 3 zbk, 1966
  • IRIGOIEN, Iñaki. "Danzas de Vizcaya". Dantzariak. 3 zbk., 1970
  • URIARTE, Francisco. "El Dominguillo". Txistulari. Martxoa-Apirila, 1931.
  • EUZKO GAZTEDI. Gorularijak. Euzko-Gastedija. Bilbao'n.
  • VEITIA Y ECHEZARRETA. Noticias Históricas de Tavira de Durango. Bilbo, 1967.
  • ARANA MARTIJA, J.A. "Valentín de Zubiaurre folklorista". Ibidem. 4 zbk, 1984.
  • ECHEANDIA, José. "Unas efemérides". Tavira, 1962