Literaturakoak

Gontzetarik jalgiaraziak (1995). Jean Hiriart-Urruti

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Maiz errepikatzen zuen Jean Hiriart-Urrutik "ni kazeta-egilea" naiz, gaztetatik izandako kazetaritzarako grinaren eta emanaren erakusle. Bada, ekarri horren lagin bat biltzen du Iñaki Caminok 1995ean apailatutako edizio honek. Euskal kazetaritzaren aitzindari eta bide-erakusle izan zen apaiz eta idazle hazpandarra (1859-1915), eta Eskualduna aldizkariari estuki lotuta garatu zuen bere jarduna. Aipatu kazeta Luis Etxeberrik sortu zuen 1887an, Ipar Euskal Herrian argia ikusi zuen beste agerkari gorri bati, ezkerreko joera errepublikazalea zuen Le réveil Basque delakoari, aurre egiteko borondatez. Errepublikaren aurkakoen, bonapartiarren, kontserbadore liberalen, eta, oro har, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran Ipar Euskal Herrian "xuri" izendatzen ziren joera eskuindar eta kontserbadoreen agerkari izan zen Eskualduna. Laborariak zituen irakurle, eta, maiz, ideia kontserbadoreak hedatzeaz gainera, hautagai xurien aldeko kanpaina burutzeko tresna izan zen aldizkaria. Hasieran elebiduna bazen ere, apurka-apurka euskarak lekua jan zion frantsesari, harik eta euskara hutsezko astekari bihurtu zen arte, Jean Hiriart-Urrutiren zuzendaritzapean, haren euskaltzaletasun sutsuak akuilatuta.

1901etik hil arte izan zen Hiriart-Urruti Eskualduna kazetaren zuzendari, eta bitarte horretan hainbat aldaketa izan zituen kazetak: elebidun izatetik euskaldun izatera ez ezik, hamabostekari izatetik astekari izatera ere igaro zen; halaber, laborarien kezketatik gertuago kokatzeko ahalegina egin zuen zuzendariak, eta ahalik eta kazeta osoena izaten zedin ahalegindu zen; gauzak horrela, lekuko informazioa bezala, estatu politikaren ingurukoa nahiz nazioartekoa ere tartekatzen zen albiste laburrekin batera, bai eta iritzi artikuluak edo liburu-iruzkinak ere. 7000 aletik gorako tirada lortu zuen, eta erreferentziazko kazeta bihurtu zen.

Hiriart-Urruti izan zuen kazetak urte luzez gidari eta arima, eta aldizkarian bertan orotariko lanak, genero anitzetakoak landu zituen. Hiriart-Urrutirena izan zen luzaroan astekaria irekitzen zuen lehen artikulu luzea, "Lehen solasaldia", idazteko ardura, eta gisa horretakoak izan dira bere lanen antologietan -baita honetan ere- leku gehien hartu duten testuak. Baina, bere izenpea zuten lehenengo solas horiez gain, hazpandarrak idatzi zituen, sinadurarik gabe asko, gertakari sozio-politikoen berriak, gertakari eta anekdota istorio bihurtuak, euskal liburuen iruzkinak eta beste hainbat testu mota. Kazetaritzat zuen bere burua Hiriart-Urrutik, eta lanbidearen hamaika alderdi landu zituen Eskualduna kazetan.

Testu motak askotarikoak ziren gisa berean, Hiriart-Urrutiren kazeta-lanen gaiak ere anitzak ziren, nahiz eta behin eta berriro hartzen zituen hizpidetzat egilea sakon kezkatzen zuten hainbat gai nagusi. Iñaki Caminok prestaturiko edizio honetan, gaien arabera, atalka, datoz lapurtarraren artikuluak: gizartea, katolikotasuna, politika, gertakariak, pertsonaiak, euskaltasuna eta euskara eta bere egoera dira azpiatal nagusiak. Halaber, Eskualduna kazetari buruz idatzi zituenak, narrazio bat, hainbat gutun eta Jean Etxepareri emandako erantzuna ere badatoz bilduak Gontzetarik jalgiaraziak bilduman.

Sail bakoitzean, hainbat gai eta berri biltzen ditu Hiriart-Urrutik, betiere agerian utziz xurien aldeko bere iritzia zein den, eta gorriei, juduei, framazonei eta ezkertiarrei zien herra eta ezinikusia agertuz. Gizarte gaiei dagokienez, ohitura zaharren eta antzinako moralaren galera izan zituen kezka nagusienak, arbasoen izaera goratuz eta garaiko gazteen joera berriak txarretsiz. Lan-harremanen esparruari dagokionez, Errepublikaren aurka agertu zen gisa agertu zen sindikatuen jardunaren eta langile-mugimenduaren borroken aurka ere. Antzinako ordena morala, Elizaren babesean egituratutakoa, txalotzen zuen behin berriro Hiriart-Urrutik, norma haren araberako ohiturei (igandetako meza, jaunartzea...) garrantzia berezia emanez. Hildakoei zor zaien tratu duina, heriotza zigorraren beharrezkotasuna, zezenketen salaketa, edo emakumeen boz-eskubidea dira egileak landu zituen gizarte-gaietako zenbait.

Elizaren jarrera eta iritziak ere babestu eta hedatu zituen politika esparruko idatzietan Hiriart-Urrutik. Pentsamendu eta praktika politikoaren erdigunean erlijioak eta Elizak egon behar duela defendatu zuen hazpandarrak, eta, hala, Frantziako Iraultzak nahiz Errepublikak eta horiek ekarritako askatasun berriek ez zutela onik ekarri nabarmendu zuen etengabe. Gobernua eta haren manuak betearazten zituenak zituen kritikaren jo puntuan kazetagileak, juduak eta framazonak batez ere, horiek Errepublikaren gidaritzat jotzen baitzituen. Ezkerreko politika oro arriskutsutzat zuen Hiriart-Urrutik, eta Errepublikak ezarritako laikotasuna ere ez zuen begi onez ikusten; aitzitik, Espainiako monarkia txalotzen eta eredugarritzat aurkezten zuen.

Euskaraz eta Euskal Herriaz kezka izan zuen kazetari lapurtarrak, eta hala erakutsi zuen Eskualdunan publikatutako hamaika artikulutan. Gizarte edo politika gaietan bezala, euskararen eta euskalduntasunaren afera Elizari atxikita baizik ez dezake ikus Hiriart-Urrutik. Euskal Herriak eta euskalduntasunak gizartea Elizak ezarritako balore eta bizimoduari estuki lotuta mantentzen den heinean baizik ez dute gerorik izango, idazlearen iritzian. "Dugun atxik eskuara" testuan hizkuntzaren apologia egin zuen, euskararen zaindari laborariek izan behar dutela azpimarratuz eta hizkuntzak etorkizunean irautea familiaren eta apezgoaren lana dela nabarmenduz.

Hiriart-Urrutiren kazeta estiloari dagokionez, erretorika ereduari jarraitu arren ahozkotasunetik ere edaten duen erregistro propioa sortu izanari zor zaio egilearen berezitasuna. Ezagutzen zituen euskal literatura idatziaren klasikoak, baita frantsesekoak ere, eta, halaber, bere garaiko idazle euskaldunen idazkiak; bada, haietarik guztietarik aberastu zuen Iriart-Urrutik bere hizkuntza-erregistroa; baina, epeltasuna eta moderazioa gorroto zuen hazpandarrak mezua irakurleari zuzen eta itzulingururik gabe hel zekion ere bilatzen zuen, eta, horren mesedetan, ahozko tradizioa eta erregistroa iturri oparo izan zituen, lagunarteko solas-moldeak, esapideak, ateraldiak, espresioak eta bestelako baliabideak kazeta-lanen adierazkortasunaren fabore erabiliz. Irakurlearengandik gertu zegoen hizkuntza erabiltzea zuen xede, eta etsaiak kritikatzeko bezainbat hartzaileen konplizitatea lortzeko baliatu zituen umorea, ironia eta sarkasmoa.

Guztiarekin, Hiriart-Urrutik euskaraz garatu gabea zen kazeta eredua sortzeko ahalegina ekarri zuen, pertsonalitate arras bereziko estiloa garatuz eta bere garaiko Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera sozial eta politikoaren nahas-mahasen lekukotasun aberatsa utziz.