Dantza

Gipuzkoako soinu zaharrak

Soinu zaharrak izenez ezagutzen dira, Gipuzkoako dantzen alorrean, XVIII mendearen amaieran ia galdutzat ematen ziren eta Juan Ignazio Iztuetak bere Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jaso zituen neurri bereziko batzuk. Bertan bestelako dantzak jasotzen badira ere, Soinu zaharrek multzo berezia osatzen dute. Baztango mutil dantzen ahaide dira, baita Nafarroa, Lapurdi, Zuberoako jauzienak edo Bearnoko sauts direlakoenak ere.

Iztuetaren fidagarritasuna ontzat ematen dute ailegatu zaizkigun beste testigantza partzial batzuk. Mogelek, 1802aren inguruan, Iztuetaren bildumaren hiru soinu zaharren partiturak jaso zituen eta bide beretik haiei buruzko aipamen batzuk: Napartxo, Ehun dukatekoa eta San Sebastian. Beste gutxi batzuk ere zuzeneko tradizioaz iritsi zaizkigu, Bilantzikoa edo Durangaldeko Erregelak, eta konfirmazio bera ematen digute. Kontu batzuetan, garaian garaikoa, sutsuegi gertatzen da haren hizketa modua eta sinegaitz, baina esan daiteke bertan gezurrik ez dagoela. Huts batzuk bai, ordea. Iztuetaren ahalegina ia galdua eta sakabanatua zegoen dantza tankera baten kondarrak jasotzea, biltzea eta sistematizatzea zen. Batzuetan ez zuen asmatu. Gehienetan bai, ordea.

Esku dantzak, Brokel dantza eta Ezpata dantza atalak alde batera utzita (garrantzi gutxiko beste batzuk ere badira), Iztuetaren bilduman bi dantza jenero aurkezten dira, biak atletikoak, benetako hezkuntza fisiko ona eskatzen dutenak: Zortzikoak eta Soinu zaharrak. Lehendabizikoak neurri finkoetako esaldiek osatzen dituzte, zortzi konpas edo puntukoak beti. Soinu zaharretan, aldiz, esaldiek ez dute neurri jakinik, bakoitza luzera desberdinetako esaldiez osatua dago. Dantzatu beharreko musikaren neurriak ez dira behin eta berriz errepikatzen, asko aldatzen baizik eta dantzatu ahal izateko ongi ezagutu behar da aurretik bakoitza. Horregatik dio Iztuetak bien arteko aldea azpimarratzen: "Zortziko bat bakarra dantzatzen dakienak, dantzatu ditzake milloika (...). Baña soñu zar bat jakiñagatik ezin dantza dezake bestea, berriro ikasi gabetanik".

Honen garrantzia dantza hauen funtsezko ezaugarrietan dago. Dantzariak aukerako pauso bilduma ezagutzen du - Iztuetak hainbat deskribatzen ditu baina gehiago badirela jakinarazten du eta, horren froga, berak aipatu gabeko batzuk ere tradizioz iritsi zaizkigu.- eta, dagokion kode estetikoaren arauak errespetatuz, bakoitzean koreografia berria sor dezake, hiru lege nagusiren baitan: 1) Zailtasunaren mailaketa. Errazetik hasi eta zailagora joan behar du dantzak. 2) Simetriaren legea. Alde batera egiten dena, bestera ere dantzatu behar da, honek bere salbuespenak baditu ere. 3) Egituraren jabegoa. Dantza bakoitzaren egitura bihurria errespetatu behar du, frase bakoitzaren amaieran pausoak ixten - itxiera pauso berezi bat da- eta frasearen barruko subzatiak ere mantentzen.

Lan honek dantzariari aparteko ezagugarriak eskatzen dizkio. Sasoian egotea. Sormena eta estetika zentzu bipila izatea pausoen konbinaketak egokiro eta era ikusgarrian atontzeko. Eta memoria ona, doinu horiek ondo ezagutu behar dituelako, bere xehetasun guztietan. Horretan lagungarri izaten zituen doinuen bertsoak. Zoritxarrez ez zaizkigu osoro iritsi, Iztuetak zentsuraren eragina jasan zuelako eta gehienetan berak sortutakoak jarri behar izan baitzituen bilduman.

Iztuetak soinu zaharren kasuan egindako lanak Antonio Elizaldek mutil dantzekin edo Fauxtin Bentaberrik muxikoekin egindakoa gogorazten du. Dantzari zaharrak bildu eta batek gogorazten zuena bestearen ekarpenarekin lotuz berregituraketa lana osatu. Argi da ez zegoela sistema osoa, diasistemaren antzeko zerbait baizik eta, ikasteko prozesua erraztearren, mailaketa ere bazela, batzuk oso errazak izanik, beste batzuk benetan zailak zirela.

Iztuetak 1824an obra literarioa argitara eman bazuen, 1827an, Pedro Albeniz eta Manuel Larrarteren laguntzaz dantza horien musikak ere pentagraman eta inprentan jarri zituen.

Soinu zahar hauek berreskuratzeko ahaleginak egin dira azken urteetan: 1992tik hainbat Soinu zahar Txapelketa antolatu dira, gehienak dantzari talde batek (Goizaldi, Kezka, Alkarkide...) eta, egun, Euskadiko Soinu Zaharren Txapelketa eratzen du urtero Euskal Dantzarien Biltzarrak. Hala ere, maila soilean egiten da eta oso dantzari gutxi ausartzen dira benetan goi maila dutenak ikasten.

Hau da Iztuetaren bildumako soinu zaharren zerrenda:

  1. Amorea Margaritatxo.
  2. Azalandare.
  3. Betronio Txikia.
  4. Bilantzikoa.
  5. Betronio Haundia.
  6. Ehun dukatekoa.
  7. Ehun ta bikoa.
  8. Erreberentzia.
  9. Erregela zaharra.
  10. Erribera.
  11. Galantak.
  12. Graziana.
  13. Hondarribia Haundia.
  14. Hondarribia Txikia.
  15. Kuarrentako erregela.
  16. Mizpirotz.
  17. Napartxo.
  18. Ormatxulo.
  19. Punta Motz.
  20. San Sebastian.
  21. Txakolin.
  22. Txantxakak.
  23. Txipiritona.
  24. Upelategi.