Literaturakoak

Gazi-gezak (1875). Serafin Baroja

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

1875ean argitaratu zuen Serafin Barojak (1840-1912) Gaci-guezac, poesías prosaicas en vascuence y castellano poesia-bilduma. Izenburuak adierazi bezala, euskaraz eta gazteleraz idatziriko poemak bildu zituen liburutxoan. Hain zuzen ere, euskaraz idatziriko 11 poema bildu zituen, eta gazteleraz idatziriko 14 poema. Gaci-guezac liburuaren hitzaurrea eta eskaintza gazteleraz idatzi zituen, eta, hain zuzen ere, etorkizuneko ilobari eskaini zion bilduma, zahartzaroan elkarrekin irakurtzeko desioa adieraziz.

Hego Euskal Herrian XIX. mendearen erdian pizten ari zen kultur mugimenduaren baitan kokatu behar da Serafin Barojaren poesia. Ipar Euskal Herrian Anton Abadiak 1853tik aurrera antolaturiko Lore Jokoek Euskal Herriko kultur mugimendua berpiztu eta indarberritu zuten. Abadiaren izpiritu eragileak eta sustatzaileak Hego Euskal Herrian ere gune euskaltzaleak sortzea ekarri zuen: Iruñan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Giro hartan, elkarte, Euskal Jai eta aldizkari ugari sortu ziren, eta kultur mugimenduen akuilu bihurtu. Testuinguru horretan idatzizko bertsoa eta poesia pixkanaka garatuz eta indartuz joan ziren. Donostian, Serafin Barojaren hirian, honako aldizkari hau sortu zen: Euskal Erria (1880-1918). Aldizkari horretan kolaboratzaile-lanak egin zituzten garaiko idazle eta euskaltzale ezagun askok: Jose Manterolak, Marcelino Soroak, Karmelo Etxegaraik, Klaudio Otaegik eta Antonio Arzakek, esaterako. Serafin Barojaren euskal poesiak Donostiako gune euskaltzale hartako giroa du sorburu. Adiskide eta lankide zituen, besteak beste, Jose Manterola eta Indalezio Bizkarrondo "Bilintx". Gaci-guezac bilduman, esaterako, Bilintxen "Zaldi baten bizitza" poema gazteleraz eskaini zuen, eta, are gehiago, Bilintx goraipatzen da: lehen euskal poeta dela dio Barojak.

Nahiz eta Serafin Barojaren jarduera literarioa giro erromantiko hartan kokatu behar den, haren poesia korronte neoklasikoen parametroetan garatu zen, batik bat. Horrela, bi korronteon arteko trantsizioan aritzeak hainbat iturri erabiltzera eraman zuen, besteak beste, Espainiako klasizismoa, garaiko literatura zein ahozko literatura. Horrela, genero klasikoen (epigramak, alegiak...) eta erromantikoen (maitasuna, historia...) zantzuak ageri dira Barojarenean.

Hala, poesia jasoaren hastapenetan kokatu behar da Barojaren jarduera literarioa. Gaci-guezac izenburuak iradoki bezala, bi bide nagusi jorratzen dira bilduman: batetik, gai "gaziak" ditugu, ateraldi zirikatzaileak kontatzen dituzten poemetan (halako poemetan, ugariak dira hitz jokoak); bestetik, gai "gezak" ditugu, maitasun-minak kontatzen dituzten poemetan, edo gerrako gertaerak hizpide dituzten poemetan. "Puigcerdá" poeman, esaterako, gerra karlistetako gertaera bat du gogoan egileak: karlistek liberalak setiatu zituzten, 1874an (eta gerra karlistetan ere lehenago setiaturik egon zen Puigcercá, 1837an eta 1873an). Ezaguna denez, Serafin Baroja liberala zen, eta Gaci-guezac poema-sorta argitaratu zenean, II. Gerra karlista bete-betean zen.

Serafin Barojak beste poema-ale eta kantu zenbait ere argitaratu zituen garaiko aldizkarietan. Jose Manterolak, gainera, Cancionero Vasco (1877-1880) bilduman argitaratu zituen Barojaren zenbait poema eta kantu. Horien artean dira Donostiako festetako eta inauterietako kantu ezagun askoren hitzak (Aldekoa, 2008, 151).

  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004. [Euskaraz, Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.]
  • URKIZU, Patri (koord). Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000.