Biologoak

Gaussen, Marcel-Henri

1891ko uztailaren 14an Cabrières d'Aigues (Vaucluse) herrian jaiotako botanikari, biogeografo eta kartografo frantziarra eta fitogeografiaren sortzailea. Tolosan (Frantzia) hil zen 1981eko uztailaren 27an.

Bostehun bat liburu, artikulu eta mapa argitaratu zituen; horien artean Geografía de las Plantas (1931-33), Geografía y Botánica Agrícola de los Pirineos Orientales (1934), Los bosques de los Pirineos (1930-42) eta Catalogue, Flore des Pyrénées. Azken hori Monde des Plantes aldizkarian argitaratu zuen 1964-1969 bitartean.

1921ean Tolosako Unibertsitateko (Frantzia) Zientzia Fakultatean sartu eta han atera zuen doktoregoa. 1922an Jouéou herrian basoko artzaintzaren laborategia topatu zuen, gerora Tolosako Baso Laborategi (Frantzia) bilakatu zena. 1926an "Pirinioetako erdi ekialdeko landaredia" ardatz hartuta bere tesia aurkeztu zuen. Tesi horri oinarri izan zen gerora biogeografiaren eta landarediaren kartografiaren arteko mugan garatu zuen lana burutzeko.

Bere lanen artean Frantziako landarediari buruzko mapa baten aplikazioa nabarmendu behar da, 1/200.000 eskalan egina (bera hil ostean Zientzia Ikerketarako Zentro Nazionalak (CNRS) osatu zuena). Horrez gain, antzeko proiektuak egin zituen beste herrialde batzuetan. Fitogeografian egindako lanari esker tresna aurreratu ugari sortu dira, esate baterako, Gaussen indizea, indize xerotermikoa eta diagrama onbrotermikoa. Landarediaren kartografian eta ekologian egindako lan zientifikoaren aitorpen modura 1971n Lan eta argitalpen geografikoko Geografia Elkartearen Sari Nagusia jaso zuen.

Era berean, Henri Gaussenek Frantziako Pondicherry institutuan zientzia arloko sekzio bat sortu zuen. Horrez gain, irakasle gisa aritu zen Tolosan (Frantzia) eta 1958an bertako Lore Jokoen Akademiako mantentze-lanen arduraduna izan zen. Pirinioetako eta munduko kontinente guztietako paisaien argazki kopuru andana pilatu ostean bere bilduma dohaintzan eman zuen Haute-Garonneko Kontseilu Orokorreko artxibategien zerbitzura. Gaur egun, han topa daitezke.

  • Les fôrets des Pyrénées, 1930-42
  • Géographie des plantes, 1931.
  • Géographie botanique et agricole des Pyrénées orientales, 1934
  • Les cultures en terrasses dans le bassin méditerranéen occidental. Annales de géographie, 36, 1927
  • Les gymnospermes actuelles et fossiles. Travaux du laboratoire forestier de Toulouse 2, 1946-1979
  • Le dynamisme des biocénoses végétales, Colloque international du CNRS sur l'écologie. P, 1950
  • Montagnes, la vie aux hautes altitudes. Horizons de France, 1955 (Paul Barruelekin batera)
  • Habitations humaines dans les Pyrénées et les Alpes, La Montagne, Club alpin français, 1966