Kontzeptua

Gaueko

Etxea tenplu izanik, bertan babestuta sentitzen gara, baita gauean ere, gauerditik oilarrak jotzen duen arte doazen orduetan alegia, nahiz eta egunaren parte horretan izpirituak lurraren jaun eta jabe izan. Gauean eta etxetik kanpo, ez gaude gustura. Esapideak dioen bezala:"eguna egunezkoarentzat eta gaua gauezkoarentzat". "Egunezkoak" gizakiari erreferentzia egiten dio, eta "gauezkoak", Gauekori. Horixe da, izan ere, gaueko jeinua edo gauaren irudikapena, eta ez du onartzen gizakiek gauean zehar zenbait gauza egin ditzaten. Ordu horietako iluntasunari, bakardadeari eta isiltasunari beldurrik ez diotela harro agertuz, gauaren iluntasunean ausart plantak egiten dituztenak zigortzen ditu batez ere. Kontakizun batzuetan deabrutzat jotzen dute, eta jainko-jentiltzat beste batzuetan. Zenbaitetan, haize-bolada batekin gertu dagoela ohartarazten du, honako hau esaten duen bitartean: "Gaua Gauekoarentzat, eguna egunezkoarentzat". Noizean behin, behi itxuraz agertzen da, eta beste batzuetan, munstro bilakatuta.

Gauekorekin lotuta, jeinu horren legenda betikotzen duten zenbait kontakizun herrikoi gogora ekarriko ditugu jarraian. Kondairak io aitzina Ataunen irule ugari biltzen zirela Lauzpeltz baserrian gauero (gaur egun eraikina hondatuta dago). Behin, baserriko neskatxak apustua egin zuen ura ekarriko zuela Joxintxiota iturritik, Iturriotz baserria dagoen mendian kokatuta dagoena. Eta iturrira joan zen suila hartuta, Lauzpeltzen ataritik gainerako iruleek ilargiaren argitan begiekin neskatxa jarraitzen zuten bitartean. Noizean behin, kideek oihu egiten zioten: -"Non zaude?" - "Halako lekutan"- erantzuten zuen, une horretan zegoen lekua izendatuz. Aldietako batean, ez zuen erantzun. Galdera errepikatzen zuten, baina ez zegoen erantzunik. Atarian zeuden iruleak beldurtu egin ziren, kideari zerbait txarra gertatuko zitzaiolakoan. Orduan, haize-bolada batek Lauzpeltzeko ataria jo zuen, eta honako hitz hauek entzun ziren: "Gaue Gauekoontzat eta eune eunezkoontzat." Eta harrezkero ez zuten Lauzpeltzeko neskatxaren berririk izan.

Bada Berastegin antzeko beste elezahar bat. Akerkoi mendian, leize bat dago, eta, bertan, garai batean jentilak bizi ziren. Elaunde baserrian, Catalina izeneko gazte batek gauez irun ohi zuen, ilargiaren argitan, bere logelako leihoaren alboan. Gau batean, jentilak etxera joan zitzaizkion, eta bahitu zuten, honakoa oihu egiten zuten bitartean: "gaua Gauekorentzat eta eguna egunezkoentzat, baina Elaundeko Catalina guretzat". Horrela, Gauekok irulea zigortu zuen, bere jentil leialen bitartez.

Maria izeneko Berueteko emakume bat arropaz betetako azpil batekin iturrira joan zen gauez. Bertan, sorginek azpila kendu zioten, eta emakumearen etxera eraman zuten, eta tximiniatik bota, honako hau esaten zuten bitartean: "iune iunekoentzat eta gabe gabekoantzat, perrata zuentzat eta Maria goontzat." Horrela kontatu zuen Sukaldetxikiko andreak (Baraibar), 1965eko abenduaren 30ean.

Oiartzungo baserri bateko neskatxak apustua egin zuen iturritik ura ekarriko zuela Angelusa jo ostean. Joan ere, suila hartuta joan egin zen; baina ez zen itzuli. Senideak kezkatuta zeuden. Beranduago, tximiniatik suila hutsik eta odol-tanta batzuk erortzen zirela ikusi zuten. Harrezkero, inork ez zuen neskatxaren berririk izan.

Bithiriñako Inhurria baserriko alabaren gertaera tristea Nafarroa Behereko kontakizun askotan agertu ohi da. Bertsio batzuetan, deabrua da bahitzailea, eta, beste batzuetan, Basajaun, gaueko apustuak zigortzen dituen Gauekoren ordezkari gisa.

Erref. Jose Miguel de Barandiaren: Mitología vasca, 68-69 orr., Madril, 1960; Eusko-Folklore, 2.8 seriea, 7 zk.