Kontzeptua

Gathuzaina

Gathuzaina edo Gathia izenez ezagutzen da Zuberoako Maskaradan agertzen zaigun bigarren pertsonaia, Maskarada Gorriko kidea, eta baita Aintzindarien taldekoa.

Esan bezela, bigarren lekuan kokatzen da Maskaradaren taldean, Txerreroaren atzetik eta Kantiniersaren aurretik. Eskuan daraman kako edo "sorgingoaiziak" zabaldu eta jaso egiten du, musikari jarraituz.

Pertsonaia hau, izenari jarraituz, katua izango litzateke, eta eskuan daraman tramankulua, animalia honen hatzaparrak lirateke, Txerreroak uxatu ez duenak uxatzeko balioko zuelarik, baita etxe lehioetan dauden ispiritu gaiztoak baztertzeko, edota han dauden gauzak lapurtzeko.

Azken eginkizun hau Maskarada Beltzeko partaide batena dirudi, eta Aintzindari batengandik ez da egokia. Denboran zehar pertsonaia hau aldatu egin al du, garrantzia gehiago duen papera egiteko?

XIX. mendean Maskaradak deskribatzen dituzten egileek: A. Chaho, J. Badé eta F. Michel-ek ez dituzte pertsonaia hau aipatzen. Ahaztu egin zaie, edo pertsonaia batzuk besterik aipatzea erabaki dute agian, edo beranduago sartutako pertsonaia da?

Berrogeita hamar urte beranduago, 1899. urtean, M.D. Sallaberryk, pertsonaia honen berriak ekartzen dizkigu. Eta, bitxia bada ere, urte batzuk beranduago, 1914. urtean, G. Herellek pertsonaia garrantzitsuenetariko bat dela esaten du.

Gathuzainak daraman jantzia hauxe da: jaka urdina, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka horiak belaunetaraino, beheko aldean urrezko parpailetan amaiturik; galtzerdi eta zapatilla zuriak, eta haien gainean zangozorro horiak zinta txikiz, loretxo moduan apainduta. Buruan txapela zuria darama, aldean belarri parean jausten zaion borla zuri batekin.

Esan denez, eskuetan kakoa edo "sorgingoaiziak" deritzon tramankulua darama, zabalduz eta jasoz, musikari jarraiki.

Sallaberryk 1899. urtean egiten duen jantziaren deskribapena oso bestelakoa da: jantzi zuria kolore guztietako konfettiekin apainduta. Urte gutxitan, hamabost bat urtetan, jantzia zeharo aldatzen da eta Herelle-k 1914. urtean egindako deskripzioa askozaz hurbilagoa dugu: txapela zuria urrezko galoiekin, loretxoekin eta borla gorri batekin; jantzi gorria bularralde zuri batekin urrezko galoiekin apainduta; orkazkiko prakak; galtzerdi zuriak; beluseko zangororro ardo kolorekoak, zilarrezko galoiekin apainduta, zinta gorri eta berdeekin eta loretxo gorri eta horiekin.

Gathuzaina Txerreroaren atzetik joaten denez eta bere tresna luzatuz urruneko lekuetara heltzen denez, bere eginkizuna, Txerreroaren lana osatzea izango litzatekela diote batzuk, lehenengo honek uxatu ezin izan duen espirituak uxatuz eta lekua libratuz.

Sallaberry-ri jarraituz, Gathuzainak Maskaradan zehar, jende guztiari, bai partaide eta ikusle, trufa egiten pasatzen zuen denbora. Eginkizun hori, Maskarada Beltzakoa dirudiena, gaur zeharo galdu da.

Herellek detaile bitxi bat kontatzen digu. Gathuzainak, Kauteren funtzioan parte hartzen zuelarik, Kabana haien ugazaba haren aulkitik altxatzen zenean, morroiei errieta egiteko, tramankuluarekin aulkia harrapatzen zuen, eta Kabana lurrera erortzen zen berriro esertzerakoan.

Gathuzainak dantzari ona izan behar du, Aintzidarien taldearen partaidea delako, baina normalean bost aintzindarietako trebe gutxien dena izaten ohi da.

Maskaradan zehar, Aintzindarien partaidea izanik, talde honek egiten dituen dantzetan parte hartzen du: muxiko edo jauzietan (ostalersa, aintzina phika, moneinak, xibandriak...), Aintzindariei erreserbatutako borobilean dantzatzen du; beste dantza berezietan: Gabota, Godaleta edota Braletik Jauzian bere lekua dauka, talde osoarekin edo bakarka dantzatuz; barrikadetan ere, bere bakarreko dantzaldia egiten du, barrikadaren aurrean.