Irakasleak

Gastesi Berekoetxea, Mikela

Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak elkartearen sortzaileetariko bat eta bertako ikastolako andereño eta zuzendaria. Gorritin (Nafarroa) jaio zen 1929ko urriaren 27an eta Hondarribian hil zen 1997ko irailaren 10ean.

Gorritiko San Bartolome parrokian bataiatu zuten. Herrian bertan zegoen eskolara joan zen, eta nahiz eta ingurune hartan haur guztiak euskaldunak ziren, irakasleek ez zieten haurrei beraien hizkuntzan hitz egiten uzten, eta gazteleraz mintzatzen ziren. Txikitatik eskolarekiko eta ikasteko zaletasuna eduki zuen eta bere maistra zen Zipri Huarte iruindarraren laguntzarekin gurasoak konbentzitu zituen Nafarroako hiriburuan ikasten jarraitzeko.

Maisutzako ikasketak egitera abiatu zen Iruñera; garai hartan, teresarren ikastetxean egiten zirenez, Mikela Gastesik ere bertan burutu zuen karrera. 1952an atera zuen titulua, eta ordura arte, familiaren lagun batzuen etxean bizi izan zen, Iruñean bertan, eta oporretan soilik joaten zen bere sorterrira. Lanerako aurreneko aukera Gorrititik gertu dagoen Uztegin eduki zuen; bi urte eman zituen bertako eskolan eta lehenengo ikasturtean bertan bizi bazen ere, bigarrenean Gorrititik oinez egiten zuen lanera joan-etorria.

Iruñera lekualdatu zen 1959an ezkontzearekin batera. Hiriburuan, Euskalerriaren Adiskideak elkartea sortu zuen 1960ko otsailean euskaltzale talde batek, Mikela tarteko; helburu ezberdinak zehaztu zituen erakundeak, besteen artean, gizartearen eragintza eta herriaren ekonomiaren sustapena, herrialdearen jakintza-hedapena edota Nafarroa Beherearekin adiskidetasuna izatea. Xedeak lortzeko sail ezberdinak antolatu ziren, esate baterako, Euskal Ikasgaien Akademia.

Baina gainera, eta elkartearen araudian jasota geratu zenez haurrentzako eskola irekiko zutela, 1965ko urriaren amaieran Iruñako Ikastola zabaldu zuten. Andereño moduan hasi zen orduan Gorritiko alaba. Aurrena baina, Gipuzkoako ikastolen jarduna ezagutu eta bere burua prestatzeko Donostiara gerturatu zen; bertan ezagutu zuen Elbira Zipitria eta honen metodologia aplikatu zuen Iruñako Ikastolan.

Bidegileak lanean jasotzen dira Euskalerriaren Adiskideak elkarteko orduko lehendakariaren hitzak:

"Gure ilusio handia da, zure ilusioa, gure ilusio guztietatik beharbada garrantzitsuena azkenean gauzatu egin da. Euskalerriaren Adiskideek badugu Ikastola.

(...) Ez da euskara erakusteko, lehenengo aritmetika edo lehenengo geografia euskaraz irakasteko baizik. Ikasketak Mikela Gastesik emango ditu. Gure laguntzaile honek hiru kualitate ditu (eginkizun horretarako): maistra tituluduna, euskalduna jaiotzez eta ikastoletan praktikatua. Esperimentu gisa hasiko den lehen ikasturte honetara pedagogia-metodo modernoak dakartza, beste 'ikastola' batzuetan emaitza bikainez frogatuak izan direlako."

Pozoblanco kalean eduki zuten aurreneko egoitza eta ikasle talde txikiarekin hasi zen ikastola. Besteen artean, baliatzen zituen irakasteko materiala Txomin-ikasle, Martin Txilibitu, Umearen laguna edo Xabiertxo ziren.

Ikastolaren bigarren urtean, 1966-67 ikasturtean beste irakasle bat kontratu eta Mikelak zuzendaritzari heltzeaz gainera, lankidearen prestakuntzan ere sakondu zuen. 1967-68 ikasturtean sortu zen gurasoen aurreneko batzordea. Ikasle kopuruak nabarmen egin zuen gora, eta 1968-69 ikasturtean, 205 ikasle matrikulatu zituzten ikastolan, 1969-70 ikasturtean aldiz, 348ra igo zen zifra. Mikelak zuzendari gisa erronka askori egin behar izan zien aurre: ikasle kopuruaren hazkundearekin toki handiagoaren beharra sortu zen, diru kontuak larri zeuden, geroz eta zorrotzagoak ziren administrazioak eskatzen zituen betebeharrak...

Bestalde, hezkuntza ikuspegiarekin erlazionatuta, eztabaidak hasi ziren 1969-70 ikasturtean Euskalerriaren Adiskideak Elkartearen eta guraso batzordearen artean. Horrek ikastola bitan banatzea ekarri zuen, eta modu horretan, guraso batzordearen ekimenez San Fermin Ikastola sortu zen, eta Euskalerriaren Adiskideak Elkartearen eskutik berriz, Paz de Ziganda Ikastola; Mikelak azken horretan jarraitu zuen zuzendari gisa. Mutiloa Beheran hasi ziren, baina 1972-73 ikasturtean Iruñera bueltatu ziren ikastola haziz joan baitzen; arrazoi berberak eraman zituen Atarrabiara 1975 ikasturtean. Bi urte egin zituen Mikelak bertan haurrei eskolak ematen eta baita zuzendari karguan ere, baina 1977an utzi eta Donostiara lekualdatu zen bizitzera. Urte hartan, ikastolako gurasoek Pedro de Axular kooperatiba sortu zuten eta 1981ean Euskalerriaren Adiskideak Elkarteak beraien esku utzi zuen ikastolaren titularitatea.

Bospasei urte Gipuzkoako hiriburuan bizi izan ondoren, Hondarribian egin zituen azken urteak euskaltzale nafarrak.