Monarkia eta noblezia

Gartzia V.a Ramirez "Berrezarlea"

Iruñeko erresuma bi erresumen artean zegoenez, ezin zituen bere mugak eta lurrak zabaldu. Gartzia Ramirezek defentsa-jarreran egon behar izan zuen; jarduera diplomatiko indartsua gauzatu zuen, eta noizbehinka gerra-aldiak tartekatu.

Hasiera batean, Iruñeko eta Aragoiko erregeen arteko harremanak ez ziren oso onak izan. Baina, 1134ko abendua eta 1135eko urtarrila artean, Gartzia Ramirezen hiru mandatari eta Ramiroren beste hiru bildu ziren Vadoluengon, bi erresumen eskubideen eta mugen inguruan akordioren bat adosteko asmoz.

Gartzia Ramirezek Vadoluengora igorritako mandatarietako batek, Ladron jaunak, erresuma berrezartzea erabaki zuen, haren konderrien aldeko indarrarekin.

Gartzia Iruñeko errege izango zen, baina Ramiro II.aren basailutzan. Mugei zegokienez, Antso "Nagusiak" ezarritakoak errespetatuko zirela adostu zuten. Era berean, zera adostu zuten: "Gartziaren aita" titulua emango ziotela Ramirori, aurreko erregearekin hurbileko ahaidetasuna zuelako; beraz, sasiko aita-seme harreman bat ezarri zen bi erregeen artean.

Eliza, bestalde, erresuma berrezartzearen alde agertu zen, baina ez zituen gobernariak erregetzat onartu berehala. Elizak "duke" izena eman zien errege iruindarrei 1196ra arte.

Hilabete batzuk geroago, 1035eko maiatzean, Naiaran, Gartzia Aragoiko erregearengandik urrundu egin zen eta Alfontso VII.a Gaztelakoarengana hurbildu. Urte hartako uztailean Gartziak Iruñeko, Arabako, Bizkaiko eta Tuterako errege gisa izenpetzen zuen, baina Gaztelako erregeari basailutza gordetzen zion enperadore gisa. Alfontso VII.ak formalki onartzen zuen Gartzia erregetzat; horrela, basailutza-loturako sarea hedatzen zuen. Era berean, uko egin zion Errioxan, Zaragozako erresuman eta Sorian lurrak hartzeari. Gartzia Gaztelako enperadorearen gortean sartu zen, eta Zaragoza hirirantz aurrera egin zuten elkarrekin. Urte bereko irailean, Alfontso VII.ak Zaragozako jaurerria eman zion Gartziari enkomiendan.

1136an hautsi zen Gartzia Ramirezen eta Gaztelako erregearen arteko aliantza, Alfontso VII.a Ramiro "Monjearengana" hurbildu baitzen; Zaragozako jaurerria berreskuratu zuen, eta Nafarroako mugak eraso Aragoiko tropekin batera. Iruñeko erresumako mendebaldeko jaurerrietako -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa- lurretan hasi zen borroka, Ladron kondearen mende zeuden lurretan alegia. Urte horretako irailean, Ladronek basailutza erakutsi zion Gaztelako erregeari, eta, gerora, Viguerako gobernua jaso zuen harengandik.

Hasierako erasoa ongi jasan bazuten ere, aragoiarrak eta kataluniarrak elkartuta zeudela kontuan hartuta, Gartzia erregeak bakea izenpetu zuen Alfontsorekin 1137ko urriaren 20an. Artean, Aragoin gerrak jarraitu egin zuen eta nafarrek aurre egin zuten porrotik jasan gabe. 1137an, erregeak Ablitas setiatu zuen, Malon, Frescano, Bureta, Barillas eta Razazol okupatu, eta Gallur ingurura heldu zen. 1138ko apirilaren 10ean, kataluniarren eta aragoiarren tropak garaitu zituen toki hartan. Ramon Berenguerrek IV.ak zuzentzen zituen tropa horiek, Ramiro Aragoikoaren suhia eta Bartzelonako konde zenak. Kataluniarrei eta aragoiarrei laguntzera joan zen Alfontso VII.aren armada, baina, gertakariak ikusita, Naiarara atzera egin zuen.

1139an, Sause, Filera, Petilla eta Galipentzu hartu zituzten nafarrek. Era berean, Gartziak Iruñeko Santa Maria katedralari eman zion ordura arte Aragoiko egoitzen mende egondako eliza nafarren eskumena.