Artikulugileak

Garralda, Federico

Federiko Garralda 1881ean jaio zen, Otsagabiko Garralda etxean (Zaraitzu, Nafarroa), albaitari tradizioko familia karlista eta oso kristau batean. Ziriako Garralda eta Viktoria Argontz zituen gurasoak, eta sei anai-arreba izan zituen: Tiburtzio, Leandro Miguel, Antonia, Viktoriano, Ines eta Demetrio. Denak euskaldunak ziren, eta zaraitzuera babesteko lanean jardun zuten horietako batzuek, Tiburtziok, esaterako, anaia zaharrenak. Aitaren eta aitonaren moduan, Otsagabiko albaitaria izan zen Federiko. Aitak bezala, konpromiso handia hartu zuen Zaraitzuko euskara defendatzeko, euskalkiaren gainbehera sumatzen hasi zenean. Gizon humanista ere izan zen, eta letrak zientziak bezainbeste landu zituen, eta, horregatik, jarduera bikoitza izan zuen: albaitaria eta literatoa. Jakin badakigu historiazalea eta hizkuntzazalea ere izan zela. Euskara eta gaztelania ongi jakiteaz gain, frantsesez ere bazekien, eta esperantoa ikasteko ere interesa erakutsi zuen (ez dakigu zenbateraino ikasi zuen, ordea). Euskara aldarrikatu eta defendatu zuen, garaiko elkarte aktiboenekin batera, eta batez ere zaraitzuera ezagutarazten saiatu zen, hamabost artikulu eta idazki ugari eginda. Lan horrengatik uste zuten askok Federiko zela «Sarasaitzu‘ko euskal-idazle ikasiena eta langil̄eena»[1].

Gutxi dakigu haren gaztaroaz, 1893ko foru-protestan parte hartu zuela soilik, aitarekin eta anai-arrebekin batera (eta ia beste bostehun otsagabiarrekin ere bai)[2]. 1901ean amaitu zituen albaitaritza ikasketak  Zaragozako Unibertsitatean, eta harrezkero albaitari jardun zuen jaioterrian, Otsagabian. Ziurrenez, lehenengo urte haietan aitarekin arituko zen lanean[3]. Gainera, abereendako txertoa ekarri zuen ibarrera, eta pixkanaka sartu zuen bere burua giro profesionalean, Iruñean, bilera akademikoetan parte hartuz, elkarte profesionaletan bazkidetuz eta abere-osasunaren arloan irakasle arituz. Adibidez, 1920an azienda zuriaren balorizazioari buruzko hitzaldia eman zuen Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresuan Iruñean (Eusko Ikaskuntzako bazkidea zen, gainera). Hitzaldi hartan ardi-aziendaren derrigorrezko balorizazioaren abantailak errepasatu, eta «60.000 abelburutan egin zituen behaketa deigarriak» azpimarratu zituen[4]. 1923an Asociación Nacional Veterinaria Española elkarte sortu berrian bazkidetu zen[5], eta, urte berean, abereen garatxoak kentzeko produktua asmatu eta merkaturatu zuen, Garitxailzaléa («garatxo hiltzailea») izenekoa. Behin baino gehiagotan iragarri zuten produktua La Semana Veterinaria aldizkarian[6]. Urte batzuk geroago irakaskuntzan ere aritu omen zen, eta osasun-abere irakasle gisa ibili zen hara eta hona, batez ere Otsagabian eta Iruñean.

Zientzia-jakintza horrek lankideek  mirestea ekarri zion Federikori, eta, halaber, zaraitzueraz idazteko baliagarria gertatu zitzaion oso albaitaritza, testu asko abereen zainketan eta sendaketan dautza eta. Abelgorriaren ezaugarri eta historiari buruzko tratatu sakon bat itzuli zuen («Abelgoŕiak»), eta kutsu autobiografikoko beste ipuin batzuetan abereen zaintzaz ere hitz egin zuen («Eizari bat borda batian», «Su-ondoko pipitakien gosakiara», «Borda bidean»). Ziur aski, Otsagabiko albaitari gisa izandako lan-esperientzian oinarrituko zen ipuin horiek idazteko Federiko.

Unibertsitate-ikasketek, historia eta hizkuntza zaletasunak, eta kongresuetan parte-hartzeak erakusten dute Federiko Garralda gizon ikasia zela. Gainera, Otsagabiko Garraldatarren etxeko artxiboak baieztatzen du Federiko erudizio handiko gizona izan zela, hor gorde baita mota guztietako liburu-bilduma handia: erlijioaren, hizkuntzalaritzaren eta osasungintzaren gainekoak, arte katalogoak, eleberriak, etab. Euskarazko literatura ere ez zen falta –batez ere erlijiosoa[7]–, Euskalerriaren Alde eta Euskal Esnalea aldizkarien ale gehientsuenak gorde zituen, baita Eusko Ikaskuntzaren hainbat monografia eta liburu ere. Laburbilduz, bere liburutegiak bi gauza erakusten ditu: garaiko euskal literatura ezagutzen eta jarraitzen zuela (bere artikuluetan nabari den bezala) eta Zaraitzura iritsi zen euskal berpizkundearen giroan parte hartu zuela.

Ziriako eta Federiko, egileak izateaz gain, Euskalerriaren Alde eta Euskal Esnalearen  harpidedun eta irakurle leialak izan ziren biak ala biak; eta seguru asko anaia zaharrena Tiburtzio ere bai. Gainera, bi idazleak Eusko Ikaskuntzako kideak izan ziren[8], eta aipatutako Euskal Esnalea-n idatzi zuten. Euskeraren Adiskideak elkartea ere lagundu zuten, batez ere Otsagabian antolatutako ekintzetan, 1926an. Ziur aski, kultura arloko beste hainbat jarduerarekin lotura izan zuten Garraldatarrek. Adibide bat aipatzearren, Federikok, Nafarroako armarriaren jatorriaren historiari buruzko disertazio batean hartu zuen parte[9]. Beraz, familia hura garaiko giro euskaltzalearen arlo askotan inplikatu zen guztiz.

Federikoren literatura Ziriako eta Tiburtzio Garraldaren eraginez sortu zen, hau da, aita eta anaiaren euskal kontzientziaren aldeko lanaren ondorioa izan zen. Alta, hiru senideek ez zuten euskara salbatzeko ikuspuntu bera. Ziriakoren eta Tiburtzioren aburuz, aurreko euskaltzaleen pentsamenduari segituz, hizkuntza salbatzeko aski zen dotrina euskaraz irakastea, baita mezetan eta aitorpenetan euskararen sustapena bultzatzea ere. Federiko, aldiz, hizkuntza modernizatu beharraz jabetu zen: euskara bizirik zegoen, eta bizirik jarraitzeko eboluzionatu beharra zuen, XX. mendeko testuingurura egokitzeko. Euskara erabili behar zen erregistro akademikoan eta zientifikoan, eta estetikoan ere bai, eta hala egin zuen haren artikuluetan.

34 urte zituela, Federiko euskalkiaren enbaxadorea bihurtu zen, hau da, zaraitzuera ezagutarazi zuen Hego Euskal Herrian. 1915etik 1927ra bitartean, 13 artikulu idatzi zituen euskaraz, gehienak Donostiako Euskal Esnalea aldizkarian. Beste testu bat idatzi zuen gaztelaniaz, euskal izenburuduna («Ni len!», 1927), Euskalerriaren Alde euskal kultur aldizkarian. Azkenik, «Aurrendako dostatzia, da osasuna bilatzia» haur-jolasen bilduma idatzi zuen, eta Iruñeko Udalak argitaratu eta saritu zuen lan hori, 1926an. Bilduma horrek umeendako 13 ipuin  ditu, eta bi zatitan banatuta  dago. Badirudi beste bi idazki ere egin zituela: «El Castillo de Irati» eta «El producto de la oveja navarra es para los navarros». Bi lanak gaztelaniaz idatzi zituen, eta badakigu bazirela, sarituak izan zirelako, baina ez ziren argitaratu. «El Castillo de Irati» artikuluak saria jaso zuen Euskalerriaren Alde-ren lehiaketan, hirugarren gaiaren modalitatean (Nafarroako historiaren edozein alderdi jorratzen zuena).Testu hori,  ordea, ez zen inoiz argitaratu, garai hartan puri-purian zeuden gai politikoekiko loturagatik[10]. Bi urte geroago, ardi aziendari buruzko idazkiak Iruñeko Udalaren zientzia, arte eta literatura lehiaketaren aipamen berezia lortu zuen.

Federikok literatura hori garatzeko hurrengo faktore hauek funtsezkoak izan ziren: bertako ondarea transmititzeko gogoa (horregatik bildu zuen Pirinioetako ahozko literatura, hala nola txisteak eta ipuinak), euskarari zion maitasuna eta horren  eraginez erakutsi zuen konpromiso handia. Horregatik murgildu zen zaraitzueraren aurrekaririk gabeko modernizazio prozesu batean, zientziari buruz ere idazteraino. Literatura-erregistroari dagokionez, garai hartako joera segitu zuen Federikok, hizkera, gaia eta estiloa moldatuta. Segur aski Euskalerriaren Alde eta Euskal Esnalea irakurrita ezagutu zituen idazteko modu berriak, Zaraitzuko euskaran guztiz berriak zirenak.

Ezin da Federikoren ekoizpen-ugaritze hori bereizi urte horietako egoera politiko eta kulturaletik. Ez dezagun ahaztu 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zela, Hegoaldeko diputazioek  beraria eskatuta. Gainera, El Pensamiento Navarro egunkari karlistan euskaraz idatzitako testuak agertzen ziren noizbehinka.

1920tik aurrera, Federikoren estiloa askoz deskriptiboa bihurtu zen, Pirinioetako ohiturak eta bizimodua xehetasun eder ugariz erakusten  saiatzen baitzen. Berriemaile zorrotz baten begiez deskribatu zuen zerri-hiltzea, Kubatik Otsagabira indiano batek egindako itzulera, erronkariarren transhumantzia Erriberara, gari-jotzearen ohitura, eta, azkenik, jaioterriko haur-jolasak.

 1929ko urrian zendu zen Federiko, tifusak jota, senide batek zioenez. Idazteari bi urte lehenago utzi bazion ere, garai hartako kultur giroan ederki zekiten haren garrantziaz eta eginkizunaz Zaraitzuko euskal kulturan. Beraz, ez zen kasualitatea izan prentsak 1929an Federikoren eskelak argitaratu izana. El Pensamiento Navarro-k bi artikulu publikatu zituen, Renacimiento Vasco eta Por el Euskera (Euskeraren Adiskideak elkarteak sinatuta), La Voz de Navarra-k beste bat. La Voz de Navarra-k, gainera, honako hau zehaztu zuen:

«Tradizioen aldeko gizon sutsua izan zen, euskal hizkuntza garbia eta familiaren ohitura kristauak mantendu zituen […], bere herriaren aurrerapenaren alde lan handia egin zuen, 1927ko urriaren Abere-Lehiaketaren antolaketa egokiak erakutsi zuen bezala»[11].

Albiste nekrologiko horiek ez dira izan begirune-adierazpen bakarrak. Maiz aipatzen da Federiko Garralda bibliografian, eta horren adibide dugu Nafarroako euskal idazleak I liburua. Hor agertzen da maila handiko beste idazle batzuekin batera: Damaso Intza, Larreko, BlasAlegria eta Federikoren aita, Ziriako Garralda. Liburu horretan Federikok idatzitako hamar artikulu daude, transkribatuta, eta Federikoren biografia labur bat ere bada hasieran. 25 orri eskaintzen dizkio Federikori, eta transkripzioen artean Larrekok idatzitako gorazarrea ere ageri da. Omenaldi hori Euskal Esnalea-n argitaratu zen, Donostian, Federiko goresteko, eta honela deskribatzen zuten bertan:

«Sarasaitzu‘ko euskar-idazle bakar edo oberena.. Euskaldun garbia, Sarasaitzu‘ko euskara eŕotik zakiena eta biotzetik zerabilena ain ederki […] Sarasaitzu‘ko euskal-idazle ikasiena eta langileena».

Larrekoren seme Angel Irigaraik, Apat-Etxebarnek, ere eskaini zion hainbat aipamen, bai Federikori, bai haren aita Ziriakori, eta jakintza handiko idazletzat jo zituen. Gainera, Otsagabiko euskalkiz ipuinak, pipitakiak (asmakizunak) eta erreportajeak grazia eta naturaltasun handiz idatzi zituztela azpimarratu zuen. Euskaltzaindiak zaintzen duen Artxiboan ere agertzen dira biak, honela deskribatuta: Aita eta semea, ipuin eta erreportajeen egileak Otsagabiko euskalkiz.

Azken urteetan, Federikoren artikulu eta testuak berrargitaratu egin dituzte hainbatetan; batzuetan, egunkarietan ere bai. Esate baterako, «pipitakiak», «Allardina Moxkordina» haur-jolasa, «Eizari bat borda batian» elkarrizketa – editoreak hitz batzuk moldatuta, irakurketa errazteko– eta «Xei Andia» (Jai Handia).

Beste zenbaitetan, berriz, iturri zuzen gisa aipatzen da Federiko, 1998 eta 2005 bitarteko hizkuntza-ikerketa batzuetan egin zuten bezala. Hiru egilek  erabiltzen dituzte modu oparoan Federikoren testuak (Koldo Artolak, Aitor Aranak eta Iñaki Caminok), beste idazle zaraitzuar batzuen testuekin eta bertako zenbait hiztuni egindako elkarrizketekin batera. Egun, ikerketa horiek guztiak funtsezkoak dira Zaraitzuko euskalkia ezagutzeko. Zentzu horretan, Aitor Aranaren lana eredu ona dugu: Zaraitzuera-Batua hiztegi mardula eta erabilgarria osatzeaz gain, zaraitzuera ikasteko metodoa atondu zuen. Koldo Artolaren lanean, «Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak (4. Otsagi: Esaldiak)» izenekoa, hamalau aldiz aipatzen dira Garraldatarrak, eta bibliografian ere aipatzen dira bi idazleen lanen erreferentziak. Artolak berak beste lan batean Ziriako eta Federikoren Euskal Esnalea-rendako egindako lan batez hitz egiten du (1911-1925). Lan horrek «Subdialecto salacenco: Variedad de Salazar-Zaraitzu. Subdialecto único» du izena, eta P. Irizarren liburuan dago[12].

Bere aldetik, Iñaki Caminok hainbat aditz-forma eta hitz zehatz batzuk hartu ditu «Kallesa zer dan» ipuinetik, Jose Maria Larrearen eta Periko Diez de Ultzurrunen ediziotik. Horrez gain,«Abelgoŕiak» ipuina erabili izan da nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotutako hainbat lan akademikotan[13].

Garraldatarren ekoizpenaren egungo balio linguistikoaz gain, ezin da ahaztu lan horien balio etnografiko eta historikoa. Zaraitzuko bizitza XX. mende hasieran nolakoa zen ezagutzeko lagungarriak zaizkigu Federikoren haur-jolasen bilduma (berriki Otsagabiko ikastolak erabilia, gainera), ibarreko ohituren eta bizimoduari buruzko kontaerak eta, oro har, ipuinak berak. Amaitzeko, gogoratu behar dugu Federikoren lanak balio literario handia duela, euskalkia modernizatzen saiatu zela eta Pirinioetako ahozko literatura idatziz jarri zuela.

Federiko Garraldaren lanak euskaraz: gaiak, ipuinak eta estiloa

Gaiak ere askotakoak badira ere, honako hauek nabarmentzen dira: euskararen galera, albaitaritza eta herriko ohiturak. Muskildako Amaren debozio erlijiosoa, indianoen bidaiak Ameriketara eta Pirinioetako artzainen transhumantzia Erriberara ere lantzen dira. Gertaera historikoak ere jorratu zituen Federikok, Erronkari ibarreko biztanleen Abderramanen aurkako gerra, adibidez. Umoreak garrantzia zuen Federiko Garraldaren literaturan, eta beste ipuin batzuk supazterreko dibertimenduaz idatzi zituen (txisteak, asmakizunak eta haur-jolasak).

Esan bezala, Federiko Garraldaren gai ohikoenetako bat hau dugu: euskararen galera Zaraitzun. Gai hori «Sarazaitzuko zar eta gazte baten artian» idatzian lantzen da esplizituki. Artikulu horrek bi pertsonaiaren jarrera antagonikoak erakusten ditu; batetik, hizkuntzaren galera axolarik gabe onartzen duen gaztearena, eta, bestetik, euskara erabiltzen duen helduarena. Beste ipuin autobiografiko batean («Zar eta gazte baten artian», data ezezaguna), badirudi Federikok Gonifazio gaztearen ahotik hitz egiten duela, eta Joxeparekin adosten du nola ekidin euskararen desagerpena. Joxepak arrazoia ematen dio Gonifaziori, gizonak euskararen egoeraz honela hitz egiten duenean:

«Xardoki anitz euskaraz alkerik gabe. Beti aurrer Euskaraz xardoki, eta guzien gañetik, orit Euskaraz minzatu zuela gure aita t‘amak, eta kala nola ayek egin baitzien ayen aldez, egin biar ziena guri erakusteko, eta etzadien gal Euskarara; gisa berian eginzagun guk. Aita t‘amek, zarrek eta gaztiek, andiek eta chikinek».

Nolabait, testu hori Federikoren euskararekiko kezkaz harago doa. Federikok «alkea» (ahalkea edo lotsa) hitza erabiltzen du zaraitzueraren gainbeheraz hitz egiteko, aitak bezala, eta euskal kontzientziaren aldeko mugimendu handiago batez ere mintzatzen da. Ipuin horretan, mugimendu hori Joxeparen bidez erakusten da, baina pertsonaia gehiagoz islatzen da, esaterako, Juaña-Mari («Su-ondoko pipitakien goxakiara» elkarrizketan, 1917).

Abelgorria ere ohiko gaia da, eta hala ikus daiteke «Su-Ondoko pipitakien gosakiara» ipuinean (1917). Albaitariak etxekoandre bati egindako bisita kontatzen da, eta nola laguntzen dion oraindik erditu ez den behi batekin.

«Borda bidean» lanean (1917) emakumezko abeltzain baten abereen eritasuna deskribatzen du. «Eizari bat borda batian» (1918)  testuan kontatzen da  ehiztari batek nola aurkitzen  duen aterpea emakume heldu baten bordan, eta bordako abereen deskribapen xehea egiten da. «Abelgoŕiak» (1925) tratatuan behi-aziendaren historia, tipologia, banaketa eta ezaugarriak zehazten dira. Testu horietan guztietan sumatzen da –alderdi autobiografikoaz gain– aziendaren garrantzia landa-eremu baten ekonomiarako, eta, horren ondorioz, albaitaritzaren funtsezko balioa. «Abelgoŕiak», gainera, zientzia-testuen bidez euskara modernizatzeko saiakera bat dugu. Horrez gain, Pirinioetako artzainen Erriberarako transhumantzia hainbat alditan agertzen da, gai nagusi moduan ez bada ere. Arestian aipatutako «Borda bidean»en (1917) horrela egiten du. Halaber, «Kallesa zer dan» Erronkariko deskribapenean, Erronkariko ibarraren berri oso xehe eman eta gero, Bardearainoko transhumantziaren jatorria ere azaltzen du.

Herri ohiturei dagokionez, zerri-hiltzearen eguna edo matatxerria agertzen da «Xei Andia» artikuluan. Federikoren estilo kostunbristaren adibide argienetako bat dugu artikulu hori. Estilo kostunbrista ez da horrenbeste nabaritzen gainerako lanetan. Zerri-hiltzea neguko egun berezia da Zaraitzuko ibarrean, eta egileak festa horren prestaketa azaltzen du: eguneko tresnak eta faseak (eta baita horren garrantzia ere), ohitura bera eta familiako kideen eginkizunak. Etxekoandrea etxearen oinarria eta ardatza da, patriarkak edo «nausi zarra»k erabakitzen du zer egin matatxerri eguneko txerrikiekin.

Artikulu hori umorez eta hitz-joko batez amaitzen da: «nai duenak xakin, ezteila fan Salamankara, xin deila Sarazaitzu‘ra». Ohikoa da Federikoren lanetan, eta beste hainbat egilek goraipatzen du narrazioen grazia eta naturaltasuna. Zehazki, Otsagabian dibertitzeko era ikus daiteke txisteetan (1915, 1920), beste bi artikulutan eta pipitakietan (1915); dibertimendu hori haur-jolasen bilduman ere ikus daiteke («Aurrendako dostatzia», 1926).

Gainera, Federikoren beste bi ipuin sartuko ditugu kategoria honetan, entretenigarri eta dibertigarri askoak baitira: «Satorrak» eta «Kontu bat» (biak, 1917an argitaratuak). Lehenak kontatzen du nola herri euskaldun batean sator bati emandako zigorra, akats batez, izurrite bihurtu zen. Umore zorrotza eta sarkasmoa dira nagusi ipuinaren amaieran, baina narrazioan zehar gizartearen balioekin lotutako ideiak ere agertzen dira. Adibidez, alkatearen garrantzia eta hurbiltasuna islatzen da, herriaren boterea udalean erabakiak hartzeko orduan, etab. Bigarren ipuinak, «Kontu bat» izenekoak, ilargira iristeko eta hango ondasunak lortzeko saioan hiru gizonek nola egiten duten porrot deskribatzen du, modu komikoan. Juanis Iriartekoren laguntza izango dute (pertsonaia hori ipuin frankotan agertzen da, «Satorrak»en ere bai) eta huts egingo dute azken momentuan, Juanis Iriartekori bururatutako ideia ergel batengatik (ustez denetan argiena bera bazen ere). Ipuin sinplea da, baina trebetasunez kontatua.

Gainera, bi ipuin horiek, asmakizunak eta txisteak, Pirinioetako ahozko literaturaren testigantza ere badira. Federiko literatura horren lekukoa eta berriemailea izan zen. «Satorrak» eta «Kontu bat» ipuinek antzeko bertsioa dute Aezkoan (Zaraitzu ondoko ibarrean), pertsonaia eta umore aldetik.

Bestalde, beste gai batzuk ere landu zituen Federikok: Amerikara migratzeko tradizioa eta gertaera historikoak.

Muskildako  Amaren  debozioak Leandro Argontzen istorioan du bere tokia. Otsagabiko seme horrek, Kubatik itzulitakoan, Ama Birjinari eskerrak ematera joan eta gero bisitatu zuen familia. «Kuba’rik Muskilda’ra» artikuluan (1921) Leandroren gaineko istorioak alderdi heroikoa du, eta Kubara zihoala gau hodeitsu batean  Jainkoari egindako promesa batek ematen dio amaiera narrazioari. Ez zen batere ezohikoa gazteak Ameriketara aberastera joan eta behin aberastuta bueltatzea. Diru hura, batzuetan, jaioterriaren onerako baliatzen zuten. Kasu honetan, Muskildako ermitako aldapa konpontzen erabili zuen dirua Leandrok.

Lehenago esan bezala, gertaera historikoen deskribapena edo kronika dugu arestian aipatutako erronkariarren eta Abderramanen arteko guduaren gaineko «Kallesa zer dan» (1923) testuan. Erronkariko biztanleen kemena eta ekintzak azpimarratzen ditu, eta  hango paisaia deskribatzen du. Gainera,  hango janzkera, hainbat atsotitz eta, orokorrean, ohitura asko nolakoak diren kontatzen du.

Federikok idatzitako azken ipuinetako batean berriz aritu zen herri ohiturez. Gari-jotzeko ohitura otsagabiarra bikain deskribatzen da erdarazko ipuinean «Ni len» (1927). Ohitura hori kontatu arren, zeharka mintzatzen da ezkontzak antolatzeko moduaz, herriko gremioen arteko harremanaz, herriko familiez eta, batez ere, eguneroko bizitzaren xehetasunez.

Gaztelaniaz idatzita badago ere, Zaraitzuko euskarazko hitz asko erabiltzen du Federikok, izenburuaz beraz gain («Ni len»): xabalkoa (plazatxoa), modorrokeria (ergelkeria), bizkarra (muinoa), «mogiadi fite» (mugi hadi azkar), madarikatua, etxekoandrea, eta abar. Hori ez da anekdotikoa, baizik eta eguneroko bizitzan euskara erabiltzen zuten seinale. Agian Federikok horixe azpimarratu nahi izango zuen, justu euskararen transmisioaren lehenengo eten-zantzuak nabaritzen hasi zirenean

Hasieran, Federikoren hizkera eta estiloa batez ere lagunartekoa, kostunbrista eta sinplea zen, eta hitanoa erabiltzen zuen, adibidez, albaitari/ ehiztari eta etxekoandrearen arteko elkarrizketetan. Federikoren idazkera gero eta jasoagoa da Otsagabiko Pirinioetako ohiturak kontatzen dituenean. Eboluzio horretan balio estetikoa lortu zuen haren estiloak, metafora dotoreak asmatzen ditu, hiztegia zehatzago aukeratzen du, eta Sabino Aranak sortutako neologismoak erabiltzen ditu (abesti, burestun, gudaldu, gudarozte). Neologismoen erabilera nabarmena da abelgorriaren gaineko tratatuan; testu horretan latinismoak ere erabili zituen, historian zehar izandako abelgorri espeziez mintzatzeko.

Iturria: Garralda Domezain, E.; Pulido Azpirotz, A. eta Auzmendi Migelena, I., Euskal pizkundea Zaraitzuko ibarrean. Federiko Garralda Argontz eta haren ingurua (1881-1929), Lamiñarra, 2019.


[1] LARREKO [IRIGARAY GOIZUETA, P.F.], «Il-berria Garralda’tar Federiko jauna eta Sarasaitzu’ko euskara», Euskal-Esnalea, 311 (1929), 193-195. orr.

[2] 459 otsagabiarrek sinatu zuten,. PÉREZ TAFALLA, E., Protesta foral de Navarra: libro de honor de los navarros. Iruñea, 1893, 497-498. orr. [Internet]. Hemen ikusgai: https://viana- digital-archive.blogspot.com/2013/04/libro-de-honor-de-los-navarros-1893.html

[3] 1911n aitarekin jardun zuen dirua biltzean, Demetrio Galani Nekazaritza Meritu Dominak emateko. CERVANTES, F., «Relación de lo recaudado para entrega de las Insignias del Mérito Agrícola á D. Demetrio Galán». Revista de Higiene y Sanidad Veterinaria, 9 (1911), 275. orr.

[4] Federico Garralda, Otsagabiko (Nafarroako) albaitari ikuskariak aurkeztu zuen azienda zuriari buruzko lan egokia (Valorización del ganado lanar. Ventajas que reportaría la valorización obligatoria), «60.000 abelburutan egin zituen behaketa deigarriak» azpimarratuz. Publikoak arreta handiz entzun zuen Garraldaren hitzaldia, eta txalo bero batez saritu zuen. EUSKO IKASKUNTZA, Eusko Ikaskuntzaren II kongresua, Donostia: Editorial y Prensa, 1920, 580. orr. EUSKALERRIAREN ALDE., «Crónica General del II Congreso de Estudios Vascos», Euskalerriaren Alde, 1920, 138. orr. Diario de Navarra (1926-XI-16), 2. orr.

[5] 108. bazkidea zen, «Lista nominal de socios de la Asociación Nacional Veterinaria Española» La Semana Veterinaria, 340 (1923-VII-2), 237. orr. [Internet]. Hemen ikusgai: https://ddd.uab.cat/pub/semvet/semvet_a1923m7d2y7n340@ucm.pdf

[6] La Semana Veterinaria aldizkariak produktuaren iragarkia argitaratu zuen hainbat aletan. Deigarria zaigu produktuaren izena euskaraz mantendu izana eta ez erdaratzea. Ziur aski Federikoren euskaltzaletasunagatik izan zen hori horrela, La Semana Veterinaria, 340 (1923-VII-2), 239. orr. [Internet]. Hemen ikusgai: https://ddd.uab.cat/pub/semvet/semvet_a1923m7d2y7n340@ ucm.pdf. La Semana Veterinaria, 355 (15-X-1923), 359. orr.[Internet]. Hemen ikusgai: https:// ddd.uab.cat/pub/semvet/semvet_a1923m10d15y7n355@ucm.pdf

[7] Garralda etxeko liburutegian euskal literaturaren adibide hauek ditugu: Aita Asteteren dotrina kristaua (1901), «Ejercicios Ignacianos» gogo-jardunen liburua (1907), Neurtitzak eta Neurri Gabeko Itzak (Bilintx, 1911) eta Gauzen ikuskizunak umientzako liburua (Juan Manuel Lertxundi, 1925).

[8] Eusko Ikaskuntzaren txostenetan berriz agertzen dira Ziriako eta Federiko, 690. eta 691. bazkide-zenbakiekin.. Ikus Memoria de la Sociedad de Estudios Vascos. Estado de Caja. Títulos y Cargos. Lista de Socios; Memoria de la Sociedad de Estudios Vascos de los años 1920-1922. Donostia,1923 eta Boletin de la Sociedad de Estudios Vascos, 70 (1920), 17. orr.

[9] Diario de Navarra, 1926-VI-02, 2. orr. Egun horretako kronikak esaten duenez, Federikok Navas de Tolosako guduaren laburpena egin zuen, Zaraitzuko historiaren hainbat arlorekin lotzeko.

[10] Lehiaketaren III. gaia «Nafarroako edozein arlorekin erlazionatutako lanak» (Nafarroako Diputazio txit gorenaren sariketa) Honela mintzo zen epaimahaia «El castillo de Irati»ri buruz: «lan horretan kontatutako gertaerak, nahiz eta historikoak diren, gaur puri-purian dauden gai politikoekin lotuegi daude, eta ezin da modu egokian argitaratu». Saria: 25 pezeta. Egilea: Federico Garralda (Otsagabia)». Agian Amaiurko monolitoaren polemikarekin zuen erlazioa. Euskalerriaren Alde, 244 (1924), 153.orr.

[11] «Letras de luto», La Voz de Navarra, 1929-X-25.

[12] YRIZAR BARNOYA, P., Subdialecto salacenco: Variedad de Salazar-Zaraitzu. Sub- dialecto único. YRIZAR BARNOYA, P., Morfología del verbo auxiliar bajo navarro oriental (III). Euskaltzaindia, 1999-2002.

[13] AZKUNE MENDIA, I., Zezenak Euskal Herrian. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea, 1989, 9, 10, 18. orr. Nekazaritza Hiztegia. Vitoria-Gasteiz : Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 1995.