Aktoreak

Garmendia Agirre, Mikel

1945eko urtarrilaren 22an Ordizian jaiotako aktore gipuzkoarra. Donostian, 2005eko abuztuaren 6an zendu zen.

Arte dramatikoaren munduak haurra zenetik erakarri zuen. Bere jaiotetxeko etxabean Laguntasuna antzerki taldeak entseguak egiten zituen eta Mikel ahal zuen guztietan gerturatzen zen haiek zelatatzera.

Edozein modutan ere, ibilbide artistiko bitxia izan zuen, izan ere, 40 urte inguru zituela murgildu zen interpretazioaren munduan. 37 urte zituela Antzerti eskolan sartzea lortu zuen, hots, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikorako eskolan. Bigarren ikasturtean eskolak erabateko dedikazioa eskatzen zuen eta Mikelek ez zuen zalantzarik izan komertzial lana utzi eta aktore ibilbidean murgiltzeko bete-betean. Orduan eman zion Alfonso Ungriak zineman aritzeko lehen aukera La conquista de Albania (1983) filmean apaiz fanatikoarena egiteko. Orduan Garmendia 100 kiloko gizasemea zen eta urte horietan pisu horrek bere jarduera artistikoa baldintzatu zuen erabat. Hala, pertsonaia lodi eta desatseginak irudikatzen zituen. Hori da Akelarre (1983) filmeko erretore ezjakin eta zikoitzaren edo The Hit (1983) filmeko tabernari akigarriaren kasua. Pixka bat geroago legionella birusak jo zuen eta hilzorian izan zen. 40 egun eman zituen Zainketa Berezien Unitatean (ZBU) eta 60 kilora murriztu zen bere pisua.

Modu horretan, aktore gipuzkoarrak rol estereotipatuegia betetzera kondenatu zuen fisiko hori alde batera utzi ahal izan zuen eta aukera dramatiko berriak zabaldu zitzaizkion. Horren adibide bikaina da Kornelio, Hamaseigarrenean aidanez (1985) filmeko protagonista Domingoren eliz mutil leiala. Edo Kareletik (1987) filmeko Balantxas zurruteroa. Azken hori, Shakespeareren bufoiaren antzera, eromenaren eta inkontzientearen mugan den pertsonaia da eta, azkenean, paradoxikoki, tramako pertsonarik argiena bihurtzen da. Kritikak hitz onak baino ez zituen izan Garmendiarentzat bi film horietan egindako lanagatik. Balantxas pertsonaiaren interpretazioari esker, Cartagenako Itsasontzi eta Itsasoko Zinemaren Nazioarteko XVI. Jaialdian Aktore Onenaren saria irabazi zuen. Laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean euskal zinemagintzako filmetan bigarren mailako paperak betetzen jarraitu zuen. Horren adibide dira Ander eta Yul (1988), Karlistadaren kronika 1872-1876 (1988) edo Eskorpion (1988). Are, Espainiako ekoizpenerako jauzia ere eman zuen Antonio del Real zuzendariaren aginduetara El río que nos lleva (1989) filmaren eskutik. Horrez gain, laurogeiko hamarkada horren amaieran ospea areagotu zuen Ama begira zazu antzerkiaren esker. Azken hori fenomeno handia izan zen euskarazko euskal antzerkiaren historian. Baina Mikel Garmendiaren ospe hedatua, inolako zalantzarik gabe, ETB telebista katean euskaraz egindako lanei zor zaie. Bi eta Bat (1990-1993) eta Jaun ta jabe (1995-1997) telesailetan agertu zen. Baina, batez ere, Goenkale telesailean Joxe Mari Lasa pertsonaia hartuta egindako lanak, zaleen artean aktore kuttunetako batean bilakatu zuen.

Azken paper horri esker EITBren Iparragirre saria jaso zuen. Horrez gain, jakina, zineman ere lan egiten jarraitu zuen. Laurogeiko hamarkadako euskal zineman sortutako bigarren mailako aktore eraginkorrenetakoa zen eta gainera aparteko komikoa izan zen. Zer esan bere dramarako dohainei dagokienez, zoritxarrez bere filmografian zehar gutxi baliatu zituenak. Hainbat filmetan parte hartu ostean, esate baterako, El anónimo....¡vaya papelón! (1990), Terranova (1991) edo Offeko maitasuna (1992) -bere "etiketa" ahantzi eta pertsonaia ilun bat interpretatzeko aukera urrietako bat-, arrakasta itzela izan zuen Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik zuzendutako Maité (1994) filmeko Txomin pertsonaia odolbero eta barregarria interpretatzen, zeina euskal zinemagintzako komedia landuenetako izan baitzen. Zabalak eta Olasagastik beste paper dibertigarri bat eman zioten Sí, quiero (1998) komedian. Maité filmean bikote komiko paregabea osatu zuen Kubako aktore Ildefonso Tamayorekin batera. Eta oraingoan ere bikote ederra osatu zuen beste euskal komiko bikain batekin, Jose Ramon Soroizekin. Film luze batean izandako azken papera Visionarios (2001) izenburua zuenak eman zion eta Pa ti pa siempre (2003) film laburrarekin esan zion agur aktore lanari. Gaixotasunak interpretaziorako irrikatik apartatu zuen ordiziarra.

2001ean Pako Aristik Mikel Garmendia kaleratu zuen, ordiziarrari buruz. Euskaraz idatzitako lana da eta Azpeitiko Udalak argitaratu zuen. 2004an ETB etxeak bere ibilbideari omenaldia egin zion Olentzero Begi Gorri ekitaldian. 2005ean Euskal Aktoreen Batasunak "Abrazo" saria eman zion bere ibilbidearen aitorpen modura. 2005eko abuztuaren seian hil zen 60 urte zituela. Uda horretan bertan ETBk El florido pensil emititu zuen, Garmendiaren ospea hedatu zuen beste antzerki bat. Eta irailean Zinemaldiko Euskal Zinemaren Ekitaldian Maité filma eman zen hil osteko lehen omenaldi gisa. 2006an Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikako Sailburuordetzak Bidegaliak bilduma argitaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonen bizitza eta obra ezagutarazteko xedez. Bilduma horretan Mikel Garmendia faszikulua argitaratu zen, Nerea Azurmendik euskaraz idatzita. 2008an Euskadiko Filmategiak ordiziarrari omenaldia egin zion, izan ere, liburuko lehen kapituluan, Secundarios vascos de primera izenburukoan, bere ibilbide artistikoa aztertu zuen Carlos Roldan Larretak.

  • La conquista de Albania-Albaniaren konkista (1983), Alfonso Ungría
  • Akelarre (1983), Pedro Olea
  • The Hit-La venganza (1983), Stephen Frears
  • Fuego eterno-Betirako sua (1984), José Ángel Rebolledo
  • Hamaseigarrenean aidanez (1985), Anjel Lertxundi
  • La monja alférez-Moja alfereza (1986), Javier Aguirre
  • 27 horas-27 Ordu (1986), Montxo Armendáriz
  • Petit casino (1986), Juan Luis Mendiaraz (FILM LABURRA)
  • Manaslu (1986), Felipe Uriarte (FILM LABURRA)
  • El polizón del Ulises-Uliseen polizoia (1987), Javier Aguirre
  • Kareletik-Por la borda (1987), Anjel Lertxundi.
  • Tarta, tarta hey (1987), Escuadrón Suflé (FILM LABURRA)
  • Ander eta Yul (1988), Ana Díez
  • Crónica de la Guerra Carlista-Karlistadaren kronika 1872-1876 (1988), José María Tuduri
  • Eskorpion (1988), Ernesto Tellería
  • El río que nos lleva (1989), Antonio del Real
  • Santa Cruz, el cura guerrillero-Santa Cruz apaiz gudaria (1990), José María Tuduri
  • El anónimo... ¡vaya papelón! (1990), Alfonso Arandia
  • Sor María del Corazón de Jesús; una vida para Dios y para el hombre (film luzea bideoan 1990), Joseba Salegi
  • Terranova (1991), Ferrán Llagostera
  • Offeko maitasuna-Amor en off (1992), Koldo Izagirre
  • Sálvate si puedes (1994), Joaquín Trincado
  • Maité (1994), Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala
  • Cuestión de suerte (1996), Rafael Moleón
  • Airbag (1997), Juanma Bajo Ulloa
  • Sí, quiero (1998), Carlos Zabala eta Eneko Olasagasti
  • Visionarios (2001), Manuel Gutiérrez Aragón
  • Pa ti pa siempre (2003), Carlos Juarez (FILM LABURRA)
  • Bai horixe (1984),
  • Hau da hau (ETB, 1986),
  • Beni eta Marini (ETB, 1986),
  • Pedro I el Cruel (TVE, 1988),
  • Del Miño al Bidasoa (Pepe Brichek zuzendua) (TVE, 1988),
  • La leyenda del cura de Bargota (1989) Pedro Olearena (TVEko Sabbath serieko telebistarako filma),
  • Flamingo Berria (ETB, 1990),
  • Brigada Central (Pedro Masok zuzendua) (TVE, 1990),
  • Oh España (1991),
  • Bi eta Bat (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabalak zuzendua) (ETB, 1990-1993),
  • Goenkale (ETB, 1994-2002),
  • Jaun ta jabe (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabalak zuzendua) (1995-1997, ETB),
  • Maité Carlos Zabala eta Eneko Olasagastik zuzendua (ETB, 1998)
  • ARISTI, Pako. Mikel Garmendia, Azpeitia, Azpeitiako Udala, 2001, 60 or.
  • AZURMENDI, Nerea. Mikel Garmendia; (1945-2005), Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2006, 24 or.
  • LARRAÑAGA, Koldo; CALVO, Enrique. Lo vasco en el cine (las películas), Donostia, Euskadiko Filmategia - Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • LARRAÑAGA, KOLDO; CALVO, Enrique. Lo vasco en el cine (las personas), Donostia, Euskadiko Filmategia - Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1999, 579 or.
  • LÓPEZ ECHEVARRIETA, Alberto. Vascos en el cine, Bilbo, Mensajero, 1988, 403 or.
  • MIGUEL, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora. Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia, Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. La producción cinematográfica en el País Vasco. desde Ama Lur (1968) hasta nuestros días, Madril, Ediciones de la Universidad Autónoma de Madrid, 1996 (mikrofitxa edizioa).
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. El cine del País Vasco. de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza, Ikusgaiak, 3. zenbakia, 1999, 407 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • ROLDÁN LARRETA, Carlos. Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2009, 276 or.
  • UNSAIN, José Maria. El cine y los vascos, Donostia, Eusko Ikaskuntza / Euskadiko Filmategia, 1985, 355 or.
  • ZUNZUNEGUI, Santos. El cine en el País Vasco, Bilbo, Bizkaiko Foru Aldundia, 1985, 603 or.