Aktoreak

Garcia Rodriguez, Saturnino

Bariones de la Vegan 1935eko otsailaren 5ean jaiotako aktore leondarra.

17 urte zituen bere sendia lan-etorkizun handiagoen bila Bilbora etorri zenean. Bere lehen lanak metalurgia-peoia eta komertziala izan ziren, baina beti agertu zuen kultura munduagatiko interes berezia. 1966an unibertsitate antzerki-talde baten parte hartu zuen. 1969an haur-antzerkirako konpainia sortu eta mimo, pailazo eta mago bezala dihardu.

Zineari dagokionez bere estreinaldia Fernando Fernán Gomezen El viaje a ninguna parte (1986) filmarekin iritsi zen. Paper horren ondoren Antonio Merceroren El tesoro (1988), Eduardo Campoyen A solas contigo (1990), Vicente Arandaren Amantes (1991) eta Ernesto del Ríoren No me compliques la vida (1991) bezalako filmak iritsi ziren.

Zine-aktore bezala bere jarduera ez da 90eko hamarkadara arte loratzen hasten, garaiko euskal zuzendari gazteen proposamen berritzaileetara erraztasunez egokitzean. Horrela, Alex de la Iglesiasen Mirindas asesinas (1990), Enrique Urbizuren Todo por la pasta (1991) edo Alex de la Iglesiaren Acción mutante (1993) bezalako filmetan bigarren mailako paper aipagarriak izan zituen. Fernando Fernán Gómezekin Siete mil días juntos (1994) filmean berriz lan egin ondoren Saturnino García goratu eta izar bihurtu zuen papera iritsi zen; Luís Guridiren eta Santiago Aguilaren Justino, un asesino de la tercera edad (1994). Alex de la Iglesiaren eta Enrique Urbizuren filmetan aldez aurretiko karakterizazio barregarriek, komikiaren eta espainiar komedia beltzaren bide erdian, oraingoan hegal guztietatik zehar humore beltza eta surrealismoa besterik isurtzen ez zituen paper protagonista baten bateratu ziren. Lan-bizitza amaitu ondoren gizarteak zakarrontzira bidali izanagatik mendekua hartu nahian erailketa ibilbide basatiari hasiera eman zion jubilatuaren bere karakterizazio bikain eta egokiak arrakasta eta ospea eman zizkion. Besteak beste Sitgesko Zinemaldiko Aktorerik Hoberena, Aktore Errebelazioari Goya Saria, Espainiako zine-zuzendarien Saria, Euskal Zineari sarien IV. Edizioan "El Mundo" Aktore Hoberenari Saria jaso zituen.



Bere fisiko bereziak eta erregistro komiko garbia zein ukitu goibel eta artegatsua azaltzeko zuen talentu berezi horrek euskal eta espainiar ekoizpen askotan nabarmentzen jarraitzeko balio izan zion. Horrela, hurrengoak bezalako izenburuak nabarmendu daitezke: Daniel Calparsororen Salto al vacío (1994), Joaquin Trincadoren Sálvate si puedes (1994), José Luís Cuerdaren Así en el cielo como en la tierra (1995), Manuel Gómez Pereiraren Boca a boca (1995), Ramón Barearen Adiós, Toby, adiós (1995) laburra, Agustín Díaz Yanesen Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto (1995), Alex de la Iglesiaren El día de la bestia (1995), Santiago Aguilarren eta Luís Guridiren (La Cuadrilla) Matías, juez de línea (1996), Esteban Ibarretxeren Sólo se muere dos veces (1996), La raya (1997) film luzea - L'Alfàs del Pi-ko X. Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria(1998)- Luís Guridiren eta Santiago Aguilarren Atilano, presidente (1998), Carlos Sauraren Goya en Burdeos (1999), Diego Arsuagaren El último tren (2002), José Miguel Juárezen Cosa de brujas (2003), Pedro Mari Santosen Agujeros en el cielo (2004), Javier Rebolloren Locos por el sexo (2006) edo Jordi Vidalen Road Spain (2008). 2006an bere bizitza aipatzen zuen Del dónde y cómo al porqué izeneko autobiografia argitaratzen du haurtzaroko eta nerabezaroko urteetan luze jardun ondoren bere lanbidearen amaiera dirdiratsua izan zen Justino paperagatik lortutako Goya sarian geldituz.

Zinean aktore gisa egin duen lanaz gain hainbat telebista-serie egin ditu: Fantasmas en herencia, Juntos y revueltos, Lleno por favor, ¡Ay Señor, Señor!, Villarriba y Villabajo, ¿Quién da la vez?, ¡Qué loca peluquería!, La noche de los castillos, Menudo es mi padre, ¡Oh España!, Este es mi barrio, Hermanas, Señor alcalde, Paraíso, A tortas con la vida edo Mi querido Klikowsky.

Bestalde, Luces de bohemia, Rómulo el Grande, Andorra, Peter Pan, Proceso a Jesús, La coartada, Papa Borgia, La taberna fantástica, Los palos del difunto, La chulapona, Entremeses edo Bazar bezalakoetan antzerki jarduera handia garatu du.

2008an Saturnino Garciak Peñiskolako Zinemaldian omenaldi beroa jaso zuen eta Jose Isbert Saria eman zioten. Guztiz merezitako errekonozimendua hain aktore handiari. Gezurra badirudi ere, bere ibilbide profesionalean zehar ia ez du aukerarik izan protagonista bezala lan egiteko, Justino, un asesino de la tercera edad pelikulan egindako lana apartekoa izan bazen ere. 2008an ere Euskal Filmategiak merezitako protagonismoa eman zion Carlos Roldan Larreta-ren Secundarios vascos de primera 2 liburuan bere ibilbide artistikoari kapitulu berezia eskainiz.