Antropologoak

García-Orellán, Rosa

Pasaian (Gipuzkoa) 1960an jaiotako antropologoa.

Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua E.H.U.-n eta unibertsitate honetan bertan 2000. urteko abenduan Hacia el encuentro de mi anthropos: la muerte dínamo estructural de la vida tesiarekin doktorea, Aho batez bikain cum laude kalifikazioa lortu zuelarik.

2002. urtean Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Sailaren beka batekin ikerketa bide berri bati ekin zion eta estatuko, Portugal, Frantzia, Ingalaterra eta Kanada ekialdeko kostaldeetako bakailao-portuak aztertzen ditu, landa-lan transnazionala eginez. Lurralde hauetako arrantzaleek Ternuako itsasoetan bakailaoaren industria-arrantzan edukitako jarduera ikertzen du.

Kanada ekialdeko kostaldean Memorial Universityko Centre for Newfoundland Studies-eko (CNS) dokumentu-funtsetan ikertzen du. Ikerketa honen emaitza Hombres de Terranova monografia da eta Canadá y la Unión Europea: visión multidisciplinar de la gestión pesquera diziplina anitzeko lan kolektiboaren zuzendaritza ere bai.

Ikerketarako bi arlo dauzka zabalik: sinbolo, sinesmen, memoria eta beste arloa arrantza, merkataritzaren dinamika eta nazioarteko harremanak bertan. Espainia-Kanada, Kanada-Costa Rica, Grimsby-Pasaia arteko nazio anitzeko konparazio-azterlanak eginik. Bere lanen oinarri enpiriko garrantzitsuena ahozko-bilketan oinarritzen du eta hemendik abiatuz ikerketa eremuak ezartzen ditu.

2003. urtetik UNED Bergarako zentro elkartuko irakasle-tutorea da. Zenbait mintegi eta hitzaldi eman ditu Donostia eta Gasteizko Erizaintza Eskoletan irakasle gonbidatu bezala eta baita zenbait erakundeetan ere. Bere metodologi hausnarketen emaitza da, 2009tik Etnografía producción y análisis de las historias de vida ematen duen on-line ikastaroa. Era berean lan batzuk zenbait kongresu nazional nahiz nazioartekoetan aurkezten ditu.

Eusko Ikaskuntzaren Museo do Pobo Galego eta Ankulegi Antropologia Elkarteko kidea da. Erakunde hauetan guztietan bere ikerketa lanekin kolaboratu du. Nazioarteko batzorde zientifiko batzuetan parte hartu du, zenbait lan ebaluatuz.

Rumbo al Gran Banco de Terranova. Bound for the Banks of Neuwfoundland, Cap sur le Grand Banc de Terre Neuve erakusketaren komisarioa izan da, Espainiako bakailaoaren arrantzako historia, Galiziako arrantzaren historia eta Ternuako arrantzaren historiari buruzko proiektua, bere ibilbidea 2006ko martxoaren 2an hasi zuena, Espainia, Portugal eta Frantziako museoetatik barrena. Erakusketa hau Kanadak Madrilen duen enbaxadarengandik eta Kanadako Ikasketen Elkartearengandik finantzatua izan zen, zenbait nazioarteko museok ere parte hartu zutelarik. 2008. urtean erakusketa Musée de l'Arche en Saint Pierre et Miquelon museoari utzi zitzaion, gaur egun bertan dagoelarik (2009). Era berean do Pobo museoan zenbait erakusketa egin ditu bere ikerlanen emaitzekin.