Pintoreak

Garay, Marie

Margolari kostunbrista eta erretratugile, 1861eko apirilaren 11ean jaio zen Hiriburun (Lapurdi). 1953an hil zen Biarritzen 93 urte zituela.

Baionako Marrazketa eta Margolaritza Eskolan ikasi zuen Achille Zo irakaslearekin. Gerora, Pierre Auguste Coten, Henryren, Paul Roberten, Hennerren eta Carolus-Duranen ikasle izan zen Parisen.

1881ean bere aita hil ostean, Baionara joan zen bizitzera, eta marrazketa-eskolak eman zizkien oinarrizko diploma prestatzen ari ziren neskatoei. 1894an, bere ikasleei zuzendutako Cours de perspective lana argitaratu zuen.

Luis Madariagaren hitzetan,

"margolari nabarmena eta fina izan zen... Koadro ugari egin zituen, eta, haren merezimenduen artean, aipatu behar dut euskal bizitzaren, ohituren eta folklorearen lehenengo interpreteetako bat izan zela"

(Itzulpen moldatua gazteleratik)..

1921ean, irakasle izateari utzi zion, eta Biarritzera joan zen bizitzera bere ahizpekin; urte luzez bizi izan zen bertan. Erretratuak egiten jarraitu zuen, bai eta marrazketa-eskolaren bat eman ere, baina ez zuen erakusketa gehiago egin.

  • 1883: Paris; lehenengo erakusketa egin zuen Salon des Artistes Français erakusketa-aretoan, eta Flerus et fruits margolana aurkeztu zuen.
  • 1889: Paris; La Procession de la Fête-Dieu à Bidarray lanarekin parte hartu zuen Salon des Artistes Français-en. Koadro handi hau, 143 x 282 cm-koa, Baionako Euskal Museoan zegoen XXI. mendearen hasieran.
  • Baiona; sei pastel aurkeztu zituen Sociéte des Amis des Arts de Bayonne-Biarritz elkartearen erakusketan: Portrait de M. L'abbé Franchisteguy, Portrait de M. Joseph Dop, Portrait de M. Robert Dhiriart, Portrait de M. Pierre Labrouche, Vieille basquaise eta Portrait de M. L'abbé de Quevedo.
  • 1897: Pau; Vieilee porte á Ciboure lanarekin parte hartu zuen Société des Amis des Arts elkartearen erakusketan.
  • 1900: Paris; La Procession de la Fête-Dieu à Bidarray lana aurkeztu zuen "Exposition Universelle"-n.
  • 1901: Paris; Un coin de rue à Ciboure eta Coin d'église à Ciboure jarri zituen ikusgai Salon des Artistes Français-en.
  • 1904: Paris; Salon des Artistes Français-en parte hartu zuen Les Pénitents Noirs de Roncevaux lanarekin. Baionako Euskal Museoan dago lan hori.
  • 1905: Paris; Le quai de l'Infante à Saint-Jean-de-Luz jarri zuen ikusgai Salon des Artistes Français-en.
  • 1910: Paris; Départ pour l'église, Pays Basque aurkeztu zuen Salon des Artistes Français-en.
  • 1911: Paris; La récolte des tomates à Ciboure lanarekin parte hartu zuen Salon des Artistes Français-en.
  • 1914: Paris; Léon Bonnat et ses élèves margolana, urte horretan bertan margotutakoa, aurkeztu zuen Salon des Artistes Français-en (Bonnat museoan zegoen XXI. mendearen hasieran).

La jolie marchande de gâteaux (akuarela), Un salon sous Louis XVI (olioa), Portrait de Monseigneur Ducellier (pastela, 1885, Baionako apezpikutegiaren bilduma), Portrait du cardinal Lavigerie (1891, Leon Bonnaten koadro baten eta Saubesek hari egindako kopiaren gainean), de Monseigneur Gieure (1913, apezpikutegiaren bilduma) eta de Léon Bonnat (1913).

Bonnat museoa: Léon Bonnat et ses élèves (1914, olioa 215 x 257 cm-koa) -Denis Etcheverry, Henri Zo, G. Berges, Pascau, Saubes, Gabril Raby, Caro-Delvaille eta Marie bera- eta Portrait du docteur Clavel (olioa).

Euskal Museoa eta Baionako historiarena: La tribune des hommes à l'église de Ciboure (1908, olioa), Les Pénitents Noirs de Roncevaux (1904, olioa), La Procession de la Fête-Dieu à Bidarray (1899, Pauko museoarena) eta La mort de Roland (Txinako tinta, museoko gordailuan).

Servantes de Marie museoa (Angelu): Révérende Mère Isabelle des Anges (olioa), Portrait de Monseigneur Fleury-Hottot (olioa, 1885).

Baionako apezpikuen zenbait erretratu daude apezpikutegian, bai eta Marie Garayren beste hainbat lan ere bilduma pribatuetan, batez ere, Baionan, Mugerren, Bidarten, Uztaritzen, Biarritzen, Agenen eta Tercisen.