Ekonomikoak eta sozialak

Garaia Berrikuntza Gunea

Mondragon Taldeak inauguratu zuen Garaia Berrikuntza Gunea 2007an. Arrasaten kokatuta, aukera, topaketa, berrikuntza eta elkar eragiteko gunea izan nahi du, eta gainera, I+D arloko ekintzak garatzen dituen edozein enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin kontaktuan ipintzea bilatzen du.

Gunearen asmoen artean, unibertsitate, gune teknologiko eta enpresen arteko kolaborazioa sortzea dago, epe luzera ikerkuntza arloan jauzi kualitatibo garrantzitsua bilatu asmoz. Gainera, lanpostu kualifikatuak sustatu nahi ditu, enpresa berrien jarraipena egin eta ekonomia-ehunaren dibertsifikazioa lortu.

Bestalde, helburuen artean dago epe luzera berrikuntza teknologikoen alorrean ikerkuntza bultzatzea ahalbidetuko duen gune nagusi bat eratzea, eta horretarako, berrikuntza prozesuko osagai ezberdinak kontaktuan ipintzen ditu: unibertsitatea - gune teknologikoak- enpresetako I+D departamentuak.

Horrez gainera, teknologia berrien sarrera eta zuntz industrialaren lehiakortasuna indartzea ere bada Garaia Berrikuntza Gunearen xedeetariko bat.

Helburuak lortzeko jarduenan, ikerketa eta garapena sustatzen dituzten proiektuak eramaten ditu aurrera, besteen artean, honako arlo eta sektoretan: energia; teknologia eta materialak; business eta management; enpresen antolaketa eta administrazioa; elektronika, mikroelektronika eta nanoteknologia; TIC?s; eta gainazalen akaberetako makina eta prozesuak.

Garaia Berrikuntza Gunetik eskaintzen diren zerbitzuak anitzak dira; adibidez, konferentzia edota ikastaroetarako hornitutako espazio edo gelen alokairua, eta gainera, I+D+i enpresei lur urbanizatua eskaintzen die, modu horretan, bakoitzarentzako toki berezituak sortuz.

2011n Garaia Berrikuntza Gunean kokatuta zeuden enpresak hauek ziren: ISEA S. COOP, SAIOLAN, CIC Microgune, Ikerlan IK-4, Edertek, Microsoft Innovation Center, LKS Taldea, IKUS-ENTZUN, Koop. Elk., Centro Stirling, Dualia Teletraducciones, EKAI Fundazioa, MONDRAGON Promozio Zentroa, Ategi eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbera.