Ekonomilariak

Gallastegui Zulaica, María Carmen

Ekonomista. Bergaran jaio zen, 1945. urtean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Ekonomikoko katedraduna da, eta unibertsitate horretako Ekonomia Publikoaren Institutuko Ingurumen Ekonomiako Unitateko zuzendaria.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Horrez gain, M. Sc (Econ) titulua lortu zuen London School of Economics-en (Erresuma Batua), eta Ph. D., Browngo Unibertsitatean (AEB).

Ikerkuntzari dagokionez, kudeaketa optimoko ereduak garatzen hasi zen, baliabide berriztagarriak ustiatzeko. Erreferentziazko argitalpenak lortu ditu arlo horretan.

Halaber, ingurumenarekin eta baliabide naturalekin zerikusirik ez duten teoria ekonomikoko arloetan ere argitaratu du, eta bereziki, gai hauekin lotutako arloetan: sektore publikoaren funtzionamendua eta diseinua, Espainiako ekonomia euro eremuan sartzea, eta ekonomia-jardueren deslokalizazioaren fenomenoa.

Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk sustatutako ikerketa-proiektu ugari zuzendu ditu. Europar Batasuneko Bosgarren eta Seigarren Esparru Programetan hartu du parte, EHUko eta AZTI/Tecnaliako kideek osatutako ikerketa-taldeko IP moduan.

Unibertsitatean ikerketa-lana egiteaz gain, erakunde publikoek (BBVA Fundazioa, Iberdrola, Merkataritza Ganbera...) nahiz organismo publikoek (HAEE, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia...) finantzatutako hainbat proiektu aplikatutan hartu du parte, Ekonomia Publikoaren Institutuko zuzendari gisa.

2001-2002. ikasturtean, egonaldi bat egin zuen Oxforden, Basque Fellow lez. Egonaldi horretan, EAE EBean sartzeari buruzko ikerketa egin zuen; hain zuzen, zerga- eta erakunde-alderdiak aztertu zituen.

Azterketa Ekonomiko, Teknika Kuantitatibo eta Ekonomia Publikoko Doktoretza Programako zuzendaria izan da (programa horrek Ministerioaren kalitate-aipamena jaso zuen). Gainera, bikaintasuna ikertzeko talde bat zuzentzen du. Zortzi doktoretza-tesi zuzendu eta doktoretza-ikastaroak eman ditu, bai EHUn bai estatuko beste unibertsitate batzuetan.

2005ean, Lucas Mallada Sari Nazionala jaso zuen, Ekonomia eta Ingurumena modalitatean, eta 2006an, Euskadi Saria, Ekonomiako Ikerketa arloan.

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kidea izan da, eta EHUko Gobernu Batzordekoa, Fakultate Batzordekoa, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultateko Teoria Ekonomikoa Saileko zuzendaria, eta EHUko Gizarte Kontseiluko kidea.

Ikerbasque Fundazioko zuzendaritza-batzordeko presidentea (2007- 2009ko uztaila). Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, ibilbide sendoko ikertzaileak euskal sistema zientifikora erakartzeko helburuz.

1991n, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza sailburua izan zen. Bere ibilbidean zehar, irakasle zein ikertzaile gisa, etengabe hartu du parte nazio-mailako eta nazioarteko zientzia-batzarretan, mintegietan eta udako ikastaroetan.

2013an Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen Paco Etxeberriarekin batera.