Kontzeptua

Frantziako Iraultza

Konstituzio bat Frantziar Nazionarentzat: Estatu orokorretatik Konbentzioa arte (1789-1792).

Maiatzaren 4 eta 5ean Versaillesen hasten dira Estatu Orokorrak baina Erregeak ez ditu biltzarkideen esperantzak asetzen eta ez dago barne arau definiturik. Bozka sistema nola egin ez da adosten eta poliki-poliki korronte politiko ezberdinak finkatzen dira. Maiatza eta uztaila bitartean bi iritzi korronte nagusi agertzen dira Aristokratak eta patriotak. Azken hauek bere garrantzia eta tokia politikan aldarrikatzen dute.

Asamblea Constituyente en Versalles en la noche del cuatro al cinco de agosto de 1789

Hilabete bateko eztabaiden ondotik, Heren estatuak indarra hartzen du eta biltzarreko kideak Nazioaren ordezkari izendatzen dute beren burua. 1789ko ekainaren 17an, Estatu Orokorrak Biltzar Nazionalaren izaera izango duela erabakitzen dute. Beste bi estamentuei bat egiteko gonbitea luzatzen zaie, eta ekainaren 19an, apaiz zenbaitek eta nobleziako 47 kidek bat egiten dute Heren estatuarekin. Ekimen horrek estatuko sistema guztia kolokan jartzen du, Biltzar horrek ordu-arteko estatu ereduari aurre eginez, egoera irauli eta zilegitasun osoa aldarrikatuz estatu eredu berri bat eratze bidean jartzen du. Iraultza egoeran gaudenaren kontzientzia gero eta errotuagoa dago gizartean. Erregea eta Estamentuka antolatutako gizartea ez da mugi ezina, are gehiago beste gizarte mota bat posible da.

Ekainaren 20an, erregeak biltzeko lekua itxi egiten du ekimena ekiditeko asmoz. Hala ere, Biltzarra aldameneko pilotaleku batean biltzen da eta zin egiten dute bildurik jarraituko dutela herriak konstituzio bat eduki arte. Ekimen honi Pilotalekuko zina deitzen zaio eta herriaren botere, eskubide eta zilegitasunaren ikur bihurtzen da.

Mugimendu hauek egoera azkartzen dute eta Erregeak proposatu erreformak baztertuak dira. Uztailaren 9an Biltzar Nazionalak, Biltzar Nazional Konstituziogile izena hartzen du. Necker Finantza ministroa Heren estatuaren babesle agertzen da eta herrian fama ona hartzen du. Baina Artois-ko kondea (erregearen anaia) eta beste aristokraten presioari erantzunez, Erregeak Necker kanporatzen duelarik, klase herrikoietan haserre eta altxamenduak sortzen dira eta uztailaren 14ean herritarrak matxinatu eta armen bila Bastillara sartzen dira indarrez. Matxinatuek Bernard de Launay markesa erailtzen dute eta bere burua hiri osoan zehar erakusten dute makil batean iltzaturik. Bastille Antzinako Erregimenaren aurkako gorrotoaren ikur bilakatzen da. Erregeak, egoerak gaindituta, Versaillesetik Parisa etorri behar du eta iritzi publiko eta Biltzar Nazionalari zilegitasuna eman. Noblezia berriz, Frantziatik alde egiten hasten da bere egoera kinka larrian baitago eta kanpotik kontra-iraultza antolatzen saiatuko da Europako beste estatuei laguntza eskatuz.

Biltzar Nazional Konstituziogileak, abuztuaren 4an, pribilegioen abolizioa aldarrikatzen du. Hortaz noblezia zein kleroen jaun-eskubideak desagertzen dira. Ameriketako Estatu Batuetako independentziaren aldarrikapena eredu hartuta, abuztuaren 26an, Giza eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onartzen da Konstituzioaren oinarri izango dena. Ondorioz, jende oro berdina da legearen aurrean eta Estatua eta Eliza banaturik daude.

Aldaketa politikoek, ezegonkortasunak, krisiak, altxamenduek egoera iraultzen dute eta urriaren 4 eta 5ean, goseak eta bizi baldintza kaskarrak bultzatuak, emakumez osaturiko martxa bat Versaillesera doa Erregearen aurka egitera jauregitik botatzeko. Biolentzia handiz sartzen dira Versaillesen, guardiak erailak dira, erregina bere gelatik bortxaz ateratzen dute eta Erregea Parisa joatea behartzen dute. Izan ere, egoera ekonomiko larri horretan, ogi errazionamenduak indarrean daude, eta bitartean erregeak eta gorteak afari eta jai erraldoiak ospatzen jarraitzen dute. Urriaren 6an, atzean Guardia Nazionaleko 20.000 soldadu dituztela, erregea eta sendia Parisa mugitzen dira, eta honela Biltzar Konstituziogileari zilegitasuna ematen diote. Erregea Tuileries jauregian preso kontsideratua da. 1791ko ekainaren 2an Erregeak eta bere familia berriz ihes egiten saiatuko dira baina ez dute lortzen eta zaintzapean atxikiak daude.

Kleroari dagokionez, Antzinako Erregimenean, Eliza herrialdeko lur-jabe nagusia izan zen. 1790ean elizak uzten gaineko zergak eskatzeko zeukan eskubidea bertan behera geratzen da, kleroaren pribilegio bereziak deuseztatzen dira, eta Elizaren ondasun ugari bahitu. Estatuak behartzen dio halaber, Kleroaren Konstituzio Zibilaren bidez Konstituzioari fideltasun zina egitea eta bere menpe egotea. Aita Santuak ez du ituna onartzen eta ondorioz, zina egin eta egoera berria onartu dutenen eta onartu ez dutenen artean banaketa egongo da. Hurrengo urteetan apaizeriak errepresio bortitza pairatuko du bereziki zin egin ez dutenek, kontra-iraultzailetzat joak izanen direlako.

Biltzarrean alderdiak agertzen hasten dira: Jacques Antoine Marie de Cazalès aristokrata eta Jean-Sifrein Maury apaiza eskuinaren buru (biltzarrean eskuin aldean kokatuak dira), iraultzaren oposizioa dira. Erregezale demokratek Jean Joseph Mounier, Lally-Tollendaleko kondea, Clermont-Tonnerreko kontea, edo Victor Malouet, Virieuko kontea, Neckerrekin batera, Erresuma Batuaren gisako monarkia konstituzionala defendatzen dute. Alderdi Nazionalean, ezker-erdialdean, Honoré Mirabeau, Lafayette, eta Bailly daude lerrokatutak. Adrien Duport, Barnave eta Alexandre Lameth ikusmolde erradikalagoen ikurra irudikatzen dute. Azkenik are ezkerrago, Maximilien Robespierre. Klub politikoak ere eratzen dira, haien artean klub monarkiko eta famatua klub Jakobindarra Menditarrak eta Girondinoak batzen dituena, Bertan burutuko dira eztabaida sutsuenak.

1791ko irailean Biltzar Nazional Konstituziogileak Konstituzioa aurkezten du beraz eta Biltzar legegilea eratzen du. Biltzarra erregezale konstituzionalek (Feuillants), Girondinoek (moderatu liberalak) eta Menditarrek ezkerrean osatzen dute gehien bat. Denek erregimen berria onartzen dute. Kontra daudenak aldiz ez dute bozketan parte hartzen edo emigratzen dute. Biltzarraren gehiengoa Monarkia konstituziogilearen aldekoa da, Luis XVI.a estatuburua baino ez da eta Konstituzioaren baldintzapean dago. Ondorioz Biltzarrak Monarkia konstituzionala onartzen du sistema politiko gisa. Lehengo aldiz Erregeak herriak hautatutako Biltzar batekin partekatu behar du boterea.

Frantziako egoera politiko eta soziala kaxkarra izaten jarraitzen du. Biltzar legegileak ez du egonkortasuna lortzen eta erregeak beto eskubidea erabiltzen du oztopoak jartzeko eta erreformak atzeratzeko. Erregearen aldeko egunkariek erresistentziara deitzen duten bitartean Iraultzaileek Erregearen zilegitasuna zalantzan jartzen dute. Horrez gain, zergak denentzat eskatzen dira eta apaizen aurka egiten da. Gerra zibil giroa dago herri osoan. Talde politiko bakoitza indartzen da eta bere aldarrikapenak gero eta argiago plazaratzen ditu. Honetaz gain estatuko altxorra hutsik dago eta armada diziplinarik gabe.

Artois-ko kondea erbestean dago eta Europako monarkien sostengua lortzen du. Erromatar-Germaniar Inperio Sainduko enperadoreak eta Prusiako erregeak Frantziako erregearen egoera ez dute onartzen eta Iraultzaren aurka aliatzen dira. Frantziako iraultzaileek mehatxutzat hartzen dituzte beraien adierazpen eta ekimenak. Halere, alde guztiek Robespierrek ez ezik, interes bat ikusten diote gerra egiteari eta horrek giroa okertzen du. Erregeak, eta erregezaleek espero dute gerrak Iraultza ahultzea, Girondinoek, alderantziz, iraultza Europa osoan zehar hedatuko duela uste dute eta Robespierre eta bere jarraitzaileek hobe dela gerra egitea baino etxe barruan iraultza egonkortzea.

1792ko apirilaren 20-ean Biltzarrak gerra deklaratzen dio Austriari eta Prusiak Austriarekin bat egiten du. Lehen erasoak Frantziarentzat oso txarrak dira eta armada ahuldua dago intrigen ondorioz. Halere, Frantzia osoan zehar boluntarioak mugak defendatzeko mobilizatzen dira eta iraultza defendatzeaz gain kontra iraultzaileen eta apaizen kontra zigor neurriak hartzen dituzte. Gerrak iraultzaileen alde egiten du eta irailaren 20-an Valmyko batailarekin amaituko da.

Estatutik kanpo dagoen gerlaz gain, barne mailan egoera gero eta gatazkatsuagoa da. Sans-Culottes deitutakoak, Iraultzako alde erradikalena bultzatzen dute. Sans-Culottes-ak, erabat antolaturik ez dagoen mugimendu bat da jende xehe eta herrikoiez osatua, onura sozialak eskatzen dituzte eta aldarrikapenak ez badira beti oso argiak, aurrerakoiak badira: emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte adibidez, baina batez ere erregearen kentzea bultzatzen dute. Eragin handia izango dute klase politikoan, kalean presentzia azkarra baitute. Mugimendu hauek Parisen dute indarra bereziki eta altxamendu ugari antolatzen dituzten giroa ezegonkortuz.

1792ko abuztuaren 10ean, Kanpo Monarkien mehatxuek eta Luis XVI.aren traizio arriskuek bultzatuta, iraultzaile erradikalak eta Sans-Culottes-ak altxamendua antolatzen dute eta Pariseko Komuna Legala (Pariseko udal gobernu iraultzailea 1789an Bastillaren hartzearen ondotik sortua) kendu eta Pariseko Altxamenduzko Komuna ezartzen dute. Bertatik Girondinoak kanporatuak dira. Giro honetan Erregea eta bere Familiaren aurka altxamenduak daude baina baita Biltzar legegilearen aurka ere. Ondorioz, presioen eraginez Biltzar legegileak Monarkia abolitu behar du eta Erregea eta bere familia atxilotu. Krisialdi honek herri guzia hunkitzen du eta puntu gorena irailaren 3 eta 6 bitartean izango da. Sans-Culottes-ak mila apaiza eta kontra iraultzaile baino gehiago erailko dituzte. Azkenean eta giro kalapitatsuan, gobernuak iniziatiba galdurik, Konbentzio Nazionala eratzen da konstituzioa berritzeko eta Errepublika aldarrikatzeko helburuarekin. Errepublika irailaren 21-ean ezarriko da.