Antropologoak

Frankowski, Eugeniusz

Poloniar antropologoa eta euskal gaietan aditua. 1884ko otsailaren 22an jaio, eta 1962ko otsailaren 7an hil zen.

Natur zientzietan lizentziatu zen, Krakoviako Uniwersytet Jagiellonski Unibertsitatean. 1922an, etnologia- eta etnografia-irakasle izan zen Varsoviako Unibertsitatean, eta 1926an, Pozdango Unibertsitatera joan zen, irakasgai horiek emateko. Etnologia Institutuko zuzendaria izan zen ere, unibertsitate horretan bertan. Era berean, Varsoviako Museo Etnografikoko zuzendaria ere izan e¡zen.

Arte herrikoian espezialista izan zen; baina bestelako obrak ere argitaratu zituen, kultura materialari eta ohiturei eta erritualei buruz. Museologian aditua zen gainera. Hainbat hizkuntza menperatzen zituen: espainiera, portugesa, frantsesa... Horri esker, haren ikerkuntzak ez ziren bakarrik Poloniara mugatu, Europa osora baizik, eta Iberiar Penintsulara, bereziki.

1920an, Eusko Ikaskuntzaren ikastaro batzuetan parte hartu zuen. Orduz geroztik, harreman estua izan zuen erakundearekin, eta euskal gaiari buruzko artikulu eta hitzaldi asko argitaratu zituen. 1930ean, Cuestiones generales acerca del arte popular vasco hitzaldia eman zuen Eusko Ikaskuntzaren V. kongresuan, EI-SEV elkarteak antolatutakoa.

Artikulu eta argitalpen ugari idatzi ditu, besteak beste: Horreos y palafitos (Madril 1918) eta Estelas discoidales en la Península izeneko ikerketa (Madril 1920).