Pintoreak

Frade Prieto, Juan Antonio

K-Toño.

Margolari, marrazkilari eta kazetari bizkaitarra. Bilbon jaio zen 1914ko urriaren 24an. Hiri berean hil zen 1992ko ekainaren 25ean, Ercilla kaleko bere etxean.

K-Toño goitizenarekin izenpetzen zituen bere artelanak. Bere aitarekin, D. Antonio Fraderekin -margolari, dekoratzaile eta pergaminista trebea-, hasi zituen margolaritza-ikasketak, eta, gerora, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan zabaldu zituen ikasketak eta oinarrizko jakintzak Saenz Venturini jaunaren (1926) zuzendaritzapean.

LDM

Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan dagoeneko eskuratu zituen ohorezko zenbait sari eta aipamen. New Yorkeko Gabonetako Hallmark sarietara (1952) gonbidatu zuten; besteak beste hauetan parte hartu zuen: Donostiako Akuarela Erakusketa Nazionalean (1948), Baionako Artista Espainiarren Erakusketan (1949) eta Donostiako Euskal Artisten Erakusketan (1952). Beste hauetan ere parte hartu zuen: Bizkaiko Artista Sortzaileen lehenengo erakusketetan (1967, 1968 eta 1969), Madrilgo Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean (1957), Barakaldoko Uda Erakusketan (1965 eta 1969), Bilboko Arte Sport Lehiaketa Nazionalean (1970 eta 1971), Margolaritzako II. Bienal Nazionalean, Seguros Bilbaok antolatutakoan (1970) eta La Grutan, Bilboko Arte Galeriako erakusketa iraunkorrean (1973).

Bilboko Kirol Elkartean egin zuen marrazkien eta karikaturen lehenengo banakako erakusketa 1933an. Horren ondoren, erakusketak egiten jarraitu zuen Bilboko Razquin Galerietan (1934), Euskal Artisten Erakusketan (1935), Buenos Aireseko Witcomb Galerietan (1948), Bilboko Arte Aretoan (1950), Excelsior Hotelean (1955), Bilboko Arte-Etxe Aretoan (1961), Plentziako Txuruan (1968 eta 1969), Gernikako Arrienen (1968), Bilboko Kirol Elkartean (1969), Bilboko Echeva Arte Galerian (1976), Landatxueta Elkartean (1977), Bizkaiko Aurrezki Kutxan (1984 eta 1986) eta Areetako Arte Aretoan (1990).

Bilbon aitzindari izan zen publizitate-artean, eta zenbait sari irabazi zituen horma-irudien lehiaketetan. Hona hemen horma-irudi horietako batzuk: Rifa del Cerdo, Exposición de Muñecas, Circuito Ciclista del Norte, Semana Motorista de Bilbao eta 75 Aniversario del Club Deportivo de Bilbao.

Bestalde, Bizkaiko Aurrezki Kutxak honako hauek ere argitaratu zituen Temas vizcaínos bilduma bibliografikoan: Recuerdos bocheros, El piar de un chimbo, Trilogía del Txacoli, Vivencias navideñas de un exchaval bilbaino eta Ensaladilla bilbaína de tipos populares (1985). Plencia la Gallarda liburu grafikoaren egilea da, Euskal Entziklopedia Nagusiaren (Retana) XXXVIII. alean jasotakoarena. Bochito querido Musika Estanpa Bilbotarraren egile da Juan Orue musikariarekin batera.

Euskal Entziklopedia Nagusiak erosi zituen Gernikan egindako erakusketako koadro guztiak; gerora, posta-txartel moduan argitaratu zituen. Argitalpen horrek argitaratutakoen artean euskal margolariei buruzko zero faszikulua dela esaten da.

Bizkaiko Aurrezki Kutxaren egutegiko literatura-azalpenaren egile da; 1981ean argitaratu zen, eta Añoranzas Chacolineras zen izenburua.

Bere jarduera polifazetikoan, lokal batzuk ere dekoratu zituen, hala nola, San Frantziskoko El Tupinamba edo Las Columnas. Nervion kafetegiko eztabaidetan parte hartzen zuen. Gargantua enpresaren logotipoa marraztu zuen; enpresa horrek sustatzen du Bilboko Aste Nagusiko gargantua ezaguna. Telebistako eztabaidetan ere hartu zuen parte ETBn eta Telenorten. Euskal Akuarelarien Elkartea eratu zuen Arostegirekin, Uriberekin, Martinez Taubmannekin, Legorbururekin, Blascorekin, Urkijorekin, Azarolarekin, Urbezorekin eta Arana Jauriarekin; horiexek osatu zuten elkarteko lehenengo batzordea. Bilboko zenbait egunkaritan eta aldizkaritan marraztu eta idatzi zuen. Aletxu Echevarriarekin lankidetzan jardun zuen Hierro egunkarian, bai eta, beranduago, Pueblo Vascon ere. Bertan, K-Toñoren Concan, egin ziren ezagun "forofogoitiak", 50ko eta 60ko hamarkadetako pertsonaiak, Athleticen gorabeherak aztertzen zituztenak astelehenero. Kirolarekin lotutako marrazkiak egin zituen Vasconia Expressen, ¡EUP!-en, Athletic Clubaren aldizkarian eta Bilboko udal-egunkarian bizitzako azken egunetara arte.

1990ean, omenaldia egin zioten Tximbo de honor gisa Ercilla hoteleko aretoetan.

Bilboko Indautxu hotelean eman zuen azken hitzaldia Conferencias Bocheras zikloaren baitan.

Euskal Herriko, Estatu Batuetako, Alemaniako, Mexikoko, Argentinako, Kubako, Venezuelako eta Txileko zenbait bildumatan jasota dago bere lana.

SRP