Kontzeptua

Foruak

Aipatu diren bi elementuetatik, hau da, berezitasunetik eta giza muin bati obeditzetik abiatuz, ezein foruren bizitza erraz azaltzen da: bere sorrera, arau-edukia eta gorabeherak.

Bere filiazioa (udala, estamentua, probintzia edo herrialdea dela) eta baliozkotzen duen agintaria (erregea, jauna edo nazioa dela) ezein izanik ere, gune geografiko jakin batean gertatzen diren erlazio juridiko oro egituratzeko araudi-eskeleto gisa aritzeko sortzen da forua. Horren helburua ez da erlazio juridiko guztiak arautzea, foruan bertan gorpuzten diren beste iturriekin batera bizi baita (ahoz aho jasotako ohiturak, lege orokorrak eta epaileen epaiak); foruaren helburua da multzo osoa modu zehatz batean antolatzeko behar diren arauak ematea, gizartean nagusi den edo diren taldeen borondatearen arabera. Horregatik, koiunturazko egoera politiko eta sozial berezietan pizten da borondate hura sendotzeko interesa, bereziki haren aurkako erasoa gertatzean edo aldekoak zaizkion inguruabarrak biltzen direnean. Euskal Herriari dagokionez, eta kasua ez da batere berezia, foruak sortzearen aldeko inguruabarren koiuntura tipikoak eman ziren udal-foruak sortzeko eta, aitzitik, estamentuen eta lurraldeen foruak testuetan zehazteko foruen aurkako mehatxuek zerikusirik izan zuten.

Euskal berezitasuna, beraz, ez da foruak egiteko moduan topatzen, Gaztelako erreinuan eta beste lurralde-entitateetan egiten zen parekoa baita, baizik eta, lehenik, eduki berezian dago eta, bigarrenik, garrantzizkoagoa oraindik, lortu duen iraupenean dago, moldaketa batzuk jasan arren, mendez mende iraun baitu gaurdaino. Eduki hori azaltzeko, eta euskal foruen ezaugarria mendez mende iraunarazi izana denez, tokiaren araberako bertsioan hartuko ditugu, hau da, probintzien esparruan, hor denboraz mugatu baitaitezke eta, azken batean, esparru horrekin bat egin izan baitu "foru" terminoak.

Euskal lurralde desberdinek beren eremua antolatzeko egituretan izan dituzten desberdintasunak saihestuz, eta zein erakunde politikoaren itzalpean zeuden ere kontuan hartu gabe, erlazio juridiko publikoei eta pribatuei buruzko ordenamenduak, lurralde guztietan, badu funts komun bat, zeina hartuko den irudi kultural bihurtzeko erreferentzi oinarri. Mami komun hori hainbat berezitasunek osatzen dute, funtsean bi kontzeptu hauen gainean eraiki direlarik: pertsonaren estatutu juridikoa errespetatzearen eta izaeraz ordain bidezkoa den pribilegioaren gainean; azken horren bidez sendotu zen kolektibitatearen eta monarkiaren arteko lotura.

Kaparetasuna

Jatorrian, 1527. urtean, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei bakarrik errekonozitu zitzaien izatez kapare zirela; alabaina, kapare-estatutuak ematen zituen aldeko ondorioak, XIX. mendean ondo sartu bitartean iraun zutenak, euskal lurralde guztietako biztanle ororengana zabaldu ziren, bide batetik edo bestetik. Erakundearen goren puntua aztertu behar da, ordurako, XVII. mendearen erdialdera, doktrina juridikoak jaurtiak baitzituen pentsamendu politikora haren defentsa eraginkorra burutzeko argudioak, gerora hura iraunarazteko balio izan dutenak.

Data horietan, jadanik, pertsonen aldeko ondorioek -hala nola, tregoan sartzea, elkarren arteko irainak desafioz konpontzea, zorren ondorioz kartzelaratuak ez izatea eta tormenturik ez jasatea- atzera egiten dute garrantzi politiko gehiago hartu zuten kolektibitate osoaren aldeko ondorioen aurrean, esate baterako tributuak ordaintzeko modu arinagoa, borrokatzeko modu abantailatsuagoa, merkataritzarako askatasuna eta kargu publikoetan aritzeko erreserba. Batzuk zein besteak, pertsonalak eta kolektiboak, nobleziari tradizioz zegozkion eskubide eta betebeharretan txertatzen dira. Eskubide eta betebehar horiek, geruza hierarkikoz osatutako gizartean "hoberenentzat" gordetako funtzio gorenei atxikita daude: gizartea borroka bidez defendatzea, buruzagi politikoari aholkuak ematea eta sor daitezkeen barne-gatazka oro judizio bidez ebaztea. Hau da, basailu feudalari zegozkion auxilium et consilium delako eskumena osatzen duten funtzioak dira haiek. Funtzio horiek nobleen azpiko kondizioa duten subjektuek betetzeak ez du eraginik funtzioaren eta estatutuaren arteko erlazioan, izan ere funtzioa betetzeak noble-izaera eskuratzea bideratzen du eta, beraz, nobleen estatutuaz gozatzea ere. Doktrinaren arabera, eskuratze hori, berez, ez da ex novo gertatzen, zerbait errekuperatzea dela ulertzen baita, hau da, subjektuak portaera bertutetsua izateagatik eta berriz noble bihurtzeko pribilegio zehatz eta nabariaren bidez, aurreko arbasoek noizbait galdu zuten noblezia berreskuratzen da.

Baina, bada funtsezko desberdintasun bat eskuratutako edo pribilegiozko nobleziaren eta jatorrizko edo funtsezkoaren artean: lehena subiranoaren graziaz lortzen da, emateko eta kentzeko pribilegio baitu hark, eta bigarrena, aldiz, ezeztaezina da. Horregatik, noble izateak aldeko dituen eraginei eusteko egiten den defentsan, pentsamendu politikoak eta euskal erakundeek hausnartzen dituzten arrazoien artean, bada argudio erabakitzaile bat, hain zuzen ere hau: jatorrizko kaparetasuna odoletik dator. Hasiera batean, "hoberena" izatea merezimendu bat denez, norbaitek bere bertutez lortzen duena, noble-kondizio hori gero familiari transmititzeak egoera hari balioa gutxitzen dio; merezimendua eta oinordetza bidezko sistema bat etor zitezen, bertute hura, pertsonen beste ezaugarri atabikoak bezala, odolez transmititu eta perfekzionatzen dela ulertuko da.

Odolezko nobleziaren argudioa da foru berezitasunek, hau da, erlazio juridiko desberdinduen ordenamendu gisa foruek duten lehen euskarria. Baina argudio horrek, pribilegioaren eragozpena luzarorako saihesteko, ezinbesteko du frogatzea, teoria historiko egokien bidez (tubalismoa, kantabrismoa, eta abar), jatorrizko askatasunari mendeetan zehar eutsi zaiola, ezein kanpoko botere politikoak inoiz gutxitu izan gabe; horrela bada, noblezia inoiz galdu ez denez eta plebeio edo morrontza egoerara etorri izan arren, ez dago garbitu beharreko orbanarik subiranoak noblezia itzultzen duenean. Etenik gabeko askatasun eta nobleziaren ideiak -juridikoki kaparetasun unibertsal moduan eraikiak-, doktrina politikoan, giltzarria ematen dio Koroarekin egindako itunaren teoriari, izan ere euskaldunak askeak eta nobleak zirelako zuten ahalmena aitzinean erregearenganako leialtasunaren baldintzak ituntzeko. Horrek, pertsonei buruzko estatutu juridikotik haratago, foru-berezitasunen bigarren euskarrira eramaten gaitu: kolektibitatearen eta monarkiaren arteko lotura sendotzeko izaeraz ordain bidezkoa den pribilegiora.

Monarkiara lotzea

Pribilegioek, benetan gozatzen diren bitartean, eskuratutakotzat jotzen diren eskubideak sortzen dituzte eta, beraz, horiek ordenamendu juridiko positiboan sartzen dira. Baina, kontratuzko itun edo pribilegio bidez, hau da, zerbitzuen truke emanak eta ezarriak izan badira, doktrinak ulertzen duenez, zuzenbide naturaleko egoera juridikoak dira. Kasu honetan, zuzenbide natural hori eta ordenamendu juridiko positiboa bat datozenez, egoera juridiko horien bidez eskuratutako eskubideek, subiranoak bere aldetik urratzen dituen kasuen aurrean, bi aldetatik lortzen dute babesa: potestas arrunta baliatzearen bidetik, zuzenbide positiboan txertatuta daudelako eta, batik bat, apartekoa edo absolutua baliatzearen bidetik, ordenamendu naturalekoak direlako. Bigarren bide horretan, monarkak contra ius joateko aukerarik badu, baina lantegia zaildu egiten zaio erabakia arrazoitu behar duen heinean: eskuratutako eskubidea urratzen duen agintza legitimoa izango da baldin eta bidezko kausarik, onura publikoko arrazoirik edo desleialtasunik balego. Finean, hainbat arazo ituna hitzartuz bideratzeko agertzen dira pribilegioa emanez lege orokorrak saihesteko monarkak duen gaitasuna eta itundutakoa errespetatu beharra; subiranoak arbitrarioki pribilegioak ezin atzera bota, doakoak ez baina izaeraz ordain bidezkoak izatetik dator.

Foru-berezitasunak pribilegioaren kontzeptu horren babesean daude, emandako edo emango diren zerbitzuen fruitu baitira. Jatorrian, jaun berri bati -Gaztelakoari eta bere leinuari- leialtasuna eskaintzetik sortutako zerbitzuak dira. Ordainean, indarrean den zuzenbidea errespetatuko da, garaiko printzipio orokorraren arabera, leialtasuna jasotzen zuen monarka orori hau eskatzen baitzitzaion: indarrean zen ordenamendu juridikoa errespetatzea eta errespetaraztea, hura gizakien eta monarka beraren borondatearen gainetik dagoelako eta zuzenbidearen aurrean desberdinak izatean oinarritzen delako. Gaztelako jaun berria oinordetzaz izateak -Bizkaiko Jaunaren kasuan-, aurreko jaun nafarrarekin lotura apurtzeaz izateak -Araba eta Gipuzkoaren kasuan-, edo konkista militarra legitimatzeko Aita Santuak feudoa ematearen ondorioz izateak -Nafarroaren kasuan- ez du zertan aldatzen eskubideak sorrarazten dituen egintza, hau da, leialtasun kontratua; berau, lurraldeak gehitzeko bide posibleetako bat zela jotzen zen garaiko nazioarteko zuzenbidean, horren arabera zuzena.

Jatorrizko lotura-hitzarmena ezarri ostean, foru-berezitasunak bizirik iraungo dute, indarrean den ordena errespetatu beharrari buruzko printzipio orokorraren arabera eta, gainera, beste aparteko obligazioen arabera, zeinak bereziki sortu diren zerbitzuak betetzeagatik; guztiak, lehenago edo beranduago, lurraldeen arabera, arau-testuetan gorpuztuko dira eta, azkenean, Foruak izenez ezagutuak izango dira. Ermandadea arautzeko Erdi Aroko testuetan zehaztuko dira, lehenik, izaera penaleko arauekin eta, gero, egituraketa politikoa ere jasotzeko arauekin. Araban, 1761ean "Cuaderno de Ordenanzas" delakoan bilduko dira; Gipuzkoan, berriz, 1696ko "Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, buenos usos y costumbres, Leyes y Ordenanzas de Guipúzcoa" delakoan; eta Bizkaian 1630eko "Concordia entre Villas y Tierra Llana" delakoak osatuko du bilduma. Garrantzi handiagoa dute, eduki juridiko anitza izan eta erlazio pertsonal pribatuak ere arautzen dituztelako, beste foru-testu batzuk: Bizkaian emandako bi Foru, Lur Lauaren Foru Zaharra, 1452koa, eta Foru Berria, 1526koa, izenez "El Fuero, Privilegios, Franquezas y Libertades del Señorío de Vizcaya" delakoa; eta Nafarroako Foru Orokorra, izan dituen hainbat bertsiotan, 1528ko "fuero reducido" gisa ezagutzen denetik, 1686an argitaratutakoraino.

Noble-estatutuak emandako pribilegioetan sustraitu eta ondoren hartutako hitzarmen bidez behin eta berriz zehaztuta -bi alderdientzat, funtsean, jatorriko itun feudalaren berrespenak izanik-, foru-berezitasunek arazo larririk gabe iraungo dute, beti ere oinarrian dagoen zuzenbidearen aurrean desberdinak izateko printzipioa, orokorrean eta baliatzeko moduan, aldatzen ez den bitartean. Areago, ondoren, horiek justifikatzeko oinarriak beste batzuk direnean ere: konstituzio barruan foruak errekonozitzea. Har ditzagun funtsezkoenak: jurisdikzio-jardunari buruzkoak, merkataritzarako askatasuna, zamak, eta jabetza jaraunsletza bidez eskualdatzea.

Jurisdikzio-eskumena

Forudunek jurisdikzioa baliatzeko duten gaitasuna "errepublika" izatetik hartzen dute, hau da, beren burua orden juridiko propioaren arabera gobernatzen duten gorputz politiko izatetik. Erdi Aroan ohikoa zen udal-jatorria baliatuz osatu zuten gorputz hori euskal udalek eta horiek eratutako elkarteek, denboran iraunaraziz. Aldiz, beste lekuetan, erregearen botereak lehenik eta liberalismoak gero, piramide hierarkiko baten oinarri bihurtu zituzten erakunde haiek, buru baten menpe jarriz.

"Errepublika" horiek, beren autonomia baliatzeko, hau da, gizartea gobernatzen duen orden naturalari eusteko zeregina duten korporazio gisa beren funtzioa betetzeko, jurisdikzioa bere lurraldean baliatzeko eskumena zeukaten, kontuan hartu gabe eskumen hori ote zen jatorriz eskuratua, Antzinako Erregimenaren amaiera arte defendatzen zenez, edo delegazio bidez eskuratua, hau da, emana eta errebokatua izan daitekeena; botere publikoari buruzko ideia monistak zabaldu heinean, azken kontzepzio hori gailenduko da.

Jurisdikzio-eskumena, garai horretan, hiru ahalmenek osatzen dute: arauak eta estatutuak egitea, magistraturak osatzea eta epaitzea. Lehenaren arabera, denboraz sendotutako orden juridiko tradizionala sortuko da, goiko aginte politikoarengandik jasotako ordenarekin batera biziko dena. Orden tradizional hori osatuko dute: lekuan sustraitutako ohiturek, gobernu onaren arauek, erregeak edo jaunak emandako pribilegioek, eta tokiko auzitegien usadio eta praktikatik eskuratutako eskubideek. Adierazitako ezein forma erabiliz komunitateak berak -auzoko biltzarrean eta ermandadeko edo probintziako batzarrean- beretzat ezarritakoak izanik, komunitateko sentipenaren arabera, orden juridikoa jasoko duen giza taldearentzat zuzena eta egokiena zer den zehazteko adierazpidea dela ulertu daiteke. Magistraturak eratzeko ahalmenaren arabera, auzokideek edo probintziako batzarreko ordezkariek hautatuko dituzte kargu publikoak, nola hautatzen diren kontuan hartu gabe, izan ere hautatzeko moduak aldatzen joango baitira denboraren poderioz besterik gabe, eta komunitate politikoaren osaeraren eta bere baitan suertatzen diren botere-jokoen ondorioz emango diren hainbat inguruabarren eraginez.

Jurisdikzioa egikaritzeko ezinbesteko giltzarri izango da epailetza bat izatea hainbat menderen zehar, batetik, herri-epaile bat izendatuz -ohiko alkatea- eta, bestetik, ermandadeko jurisdikzioa -finean aldundian geratuko dena- antolatuz, horiek gabe arauak emateko eta epaitzeko gaitasuna duten ofizialak izendatzeko ahalmenek zentzua galdu eta goitik behera etorriko bailirateke. Euskal eremuan, gainerako erreinuarentzat historiografiak emandako bertsio orokorra ezin da onartu, hain zuzen korrejidoreak, erregearen delegatu gisa, toki-entitateen jurisdikzioa berriz hartu zuela bere gain. Zalantzarik ez da serio eta sistematikoki mehatxatu zuela eta, egiaz, murriztu ere egin zuela, baina horrek ez du esan nahi behin betiko haien lekua hartu zuenik, ez praktikan ez letran, besteak beste foru-erakundeak beraiek egindako defentsa irmoaren ondorioz. Defentsa iraunkor horren arabera, jurisdikzioari eutsi ahal izan zaio administrazio-gaietan eta ordena publikoa ezartzeari buruzkoetan ere, foru-erregimen betea kendu eta kontzertu ekonomikoen erregimen mugatuaz geroztik ere.

Merkataritzarako askatasuna

Merkataritzan aritzeko askatasunari buruz inolako defentsa beharrik ez zen azaleratu XVIII. mende hasiera arte, orduan hasi baitzen gobernua euskal aduana-sistema erreformatzeko prozesua zehazten, aduanako eskubideak ordaintzeko irekitasuna baliatuz, tradiziozkoa zena, hainbat abusu burutu zirela argudio gisa funtsean jarriz. Arazoaren abiapuntua 1717ko dekretuan eta bere ondorioz adostutako 1727 eta 1748ko hitzarmen edo kapitulazioetan kokatzen da, gobernuak horien arabera aduanak kostan eta lurrez Frantziako mugan izatea errenuntziatzen baitu, aurretik 1717an barrutik kostara eta Frantziaren mugara aldatuak izan ostean. Hitzarmen horiek Foruetan jasotako merkataritza-askatasun zaharra berresten dute, eta sendotzen, batetik, praktikan ia erabateko exentzioa aduana-eskubideei buruz eta, bestetik, foru-agintarien eskumena gai hartan jurisdikzioa egikaritzeko lehen instantzian, horren ordez aritu behar badu ere polizia-lanetan eta kontrabandoaren aurkako zereginetan, bereziki tabakoaren kontrabandoaren atzetik, euskal lurretatik barrena Espainiako gainerako lurraldeetara irits ez dadin. Azken betebehar hori ustez ez bete izana leporatuz hitz egiten da abusuaz: "errenta eta eskubide errealetan abusuak edo maulak" eta "hura babesteko eta defendatzeko agintaritza eta jurisdikzio bidezko abusuak".

Indarrean zen esparru juridikoa 1727ko hitzarmenak zirenez, aduana gaietan ezein aldaketa esparru horren barruan egin behar zen, eta aldaketak hura urratzen bazuen, nahitaez derogatu eta bere ordez berri bat jarri beharra zegoen. Baina, indarrean zen araudia ez zen administrazio-erregelamendu huts bat, benetako hitzarmen batetik sortutakoa baitzen, hau da, alderdien artean askatasunez egindako akordio bat, berau errespetatzeko obligazioarekin bientzat eta, bere kasuan, bien adostasunez desegin beharrekoa. Beraz, monarkiak bere aldetik bakarrik emandakoa ez zenez, hark, zuzenbidez jokatzeko, ezin zuen derogatu bere erabakiz bakarrik, bestearekin ere kontatuz baino. Beste alderdiak derogazio hori onartuko ez balu edo, beste modu batera esanda eta egun esango litzatekeenez, indarrean den esparrua aldatzeko prest ez balego, alternatiba juridiko bakarra bere garaian egindako akordioa baliorik gabe uztea da. Eta, zuzenbidez erabat deuseza dela deklaratu ahal izateko, beste alderdiak akordioa sinatzeko gaitasunik ez zuela frogatzea zen bide bakarra. Hau da, beste alderdiak -euskal hiru lurralde edo probintziek- berez ez zutela inoiz izan halako hitzarmenak hartzeko gaitasunik, beren gainetik, hau edo bestea izan, zeukatenaren -bere kasuan Espainiako erregearen- baimenik gabe. Hitzarmena goian zeukatenarekin berarekin sinatu beharrak sortzen duen kontraesana gainditzeko, jatorrizko independentzia zutela esaten zutenen fede onari buruz goikoak izandako errorea, hots, borondate ona alegatzen da, Koroarekin tradizioz egindako itunak berezko zuzenbidea errespetatzea fideltasunaren benetako kontraprestazioa zela erakusten badute ere.

Argudio juridikoak behar zuen, beraz, oinarri historiko baten laguntza: jatorrizko independentziarik ez zela eta, ondorioz, itunak, zaharrak nahiz berriak, egiteko gaitasunik ere ez dela inoiz izan. Hori defendatzera zuzenduko da interpretazio historikoaren ildoa, dokumentuak egotea segurtatuz. Dokumentazio hori kontuz landuko du bereziki LLORENTE Y TOMÁS GONZÁLEZek XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan zehar, zertarako eta, lehenik, berebiziko arazo juridiko baten oinarriak jarri eta, gero, euskal aduanen sistema zuzenbidearen arabera aldatu ahal izateko.

Hitzartutakoa ez betetzeak ere, frogatzeko zaila bestalde, hitzarmena aldatzea legitimatzeko balioko luke, noski. Dena den, 1727an sinatutako hitzarmenaren urrapenik edo abusurik egin izan balute euskal hiru probintziek, sistema aldatzeko legitimazioa funtsatua izango litzateke, baina administrazio ekonomikoari buruzko arazo hutsak besterik ez direnez, ez-betetze horiek sortutako talkaren eragina oso ahula litzateke eta nekez justifika lezake gobernuak arinki jokatzea, arazo juridiko ez baina politiko gisa hartuko bailitzateke.

Foruen defentsak arreta jarriko du, batetik, itunak egiteko gaitasun tradizionala frogatzeko argudioetan, Gaztelara erantsiz geroztik erakunde bereziak modu baketsuan eta jarraian izateak ematen duen bermearekin, eta, bestetik, garaian ohikoa zenez, merkataritza askearen onurak azaltzeko ideietan, azpimarratuz orokorrean dituen abantailak eta bereziki euskal probintziei ekarri dizkien mesedeak; horren ondoan, aduana-sistemak nazioko ekonomiaren gain sortu dituen eragin negatiboak gogorarazten dira, alderaketa moduan. Zehazki, NOVIA DE SALCEDOren meritu propioa izan da argudio horiek garatzea, foru-agintariek polizia-zereginetan eta kontrabandoaren pertsekuzioan ustez egindako abusuen kausa zehatzak aztertzeari ekin baitzion eta, horrela, saihestu ahal izan baitzuen foru-egitura organikoen eta administrazio ekonomikoari buruzko arazo hutsen -beraz konpongarrien- arteko loturak ekar zezakeen arriskua, foraltasuna zalantzan jartzeko argudioak indargabetuz.

Zamak

Foru-berezitasun garrantzitsuenen artean, hirugarrena kargak dira; horiei buruz, exentzioz baino, egokiagoa da pribilegiozko trataeraz mintzatzea. Tributuei dagokienez, bi arrazoi nagusirengatik: lehenik, Estatuaren gastuetara ekarpenak egitea obligazioa delako, instituzionalizatutako ordainketa kolektibo moduan gutxi gorabeherako kopuru finko bat ordaintzen baita, garaien arabera dohaintza edo kontzertu deritzona; bigarrenik, udalerri bakoitzean beti auzokide gisa pertsonalki tributatzen delako, bakoitzari dagokion estatutua kontuan hartu gabe, eta halakorik ez zen gertatzen Gaztelako erreinuko gainerako lekuetan, nobleek udal-tributurik ez baitzuten ordaintzen.

Are adierazgarriagoa da, gaiari dagokionez, zama militarren kasua, izen egokiena hau izanik: foru-armamentua. Bi obligazio betetzeko antolatzen da: euskal lurraldearen defentsa armatua egitekoa eta lur komun, monarkiko edo naziokoarenaren defentsan laguntzekoa. Obligazio bikoitz hori funtsezko hiru kontzeptuen gain eraikitzen da: lurraldetasuna, komunitate politikoa eta borondatezkotasuna. Lurraldetasunaren arabera, defentsa armatu propioa lurraldeari dagokio, beti ere lurraldearen mugek zehazten duten guneak botere autonomoko gunea osatzen badu, hau da, izaeraz salbuetsitako jurisdikzio-eremua izaten jarraitzen badu. Komunitate politikoa dela joko da bere burua berezko orden juridikoaren arabera gobernatzen duen hura. Euskal probintziei ahalmen hori dagokie erlazionatzeko behar sozialetik berez sortutako korporazioa izateagatik, armak izan eta gerra beren buruzagiekin -beraien artean aukeratutakoekin- egiteko eskubide kolektiboa ere izanik. Eta, borondatezkotasuna, komunitate politiko kontzeptutik dator, beste hainbat korporazioekin batera, sistema natural bakarraren parte delako, erregea buru dela, zeinak bere funtzioen barruan eska diezazkieke zerbitzu militarrak korporazio horiei, berauei dagokien jurisdikzio-eremutik kanpo aritzeko. Baina, kapare diren pertsonez osatutako komunitate politikoa delako, erregearen errekerimenduak haien izaerari egokitua izan behar du, haren funtsezko funtzio militarragatik eskumen funtsatuak izanik ere, zerbitzua prestatzeko behar jakin eta denboraz zehaztutako bat egon behar baitu, eta gainera aurrez ordaindua izan behar da; azken batean, ezin da esan nahitaezko zerbitzu bat denik, borondatez bete daitekeena baino.

Foru-armamentuari buruzko kontzepzio horrek, korporaziozko lotura politikoarekin bat dator, hau da, naturalki eratu diren talde bateko kide gisa hartzen da subjektua eta gorputz edo sistema osoa eratzeko talde haiek beraien artean elkartzen dira, eta hartara sistema ez da subjektuen batuketa soila, batasun bizi bat baizik; horregatik, defentsa armatuari dagokionez, gorputz politiko hori "errepublika militartzat" hartzen da. Adierazgarriena da foru-korporaziozko eredu hori XIX. mende bukaera arte bizirik egotea, Espainiako gainerako lekuetan subjektuaren eta orden politikoaren arteko erlazio-eredua jadanik beste modu batekoa denean, non komunitate politikoa ez den osotasun gisa hartzen baizik eta gizabanakoen batuketa moduan, monarkia absolutuari dagokion lotura-ereduan desberdinak direnak eta eredu nazional iraultzailean berdinak direnak, baina batan zein bestean nahitaezko errekrutatze militarrari lotuak, urteroko deialdian, gudaroste iraunkorreko parte izateko.

Defentsa antolatzeko foru-sistemaren oinarrizko hiru kontzeptu horiek baliozko argudioak izan eta eraginkorrak ere badira sortu diren berezko eremutik kanpo beste orden juridikoetan, hain zuzen ere, batetik, tradizioaren eta berrikuntzaren artean dagoen komunikagarritasunagatik, erlazio politikorako eredu jakin baten ezaugarri nagusienak beste berriak jasotzen dituen heinean, eta, bestetik, denboraz harat erakutsitako sendotasunagatik, gizartea lotu eta egonkortzen baitu. Beraz, lurraldetasunaren kontzeptua indarrean da ezeinen mutur sartzeari aurre egiteko, jadanik onartu ezin den jatorrizko jurisdikziopean ez baina delegaziozko eskumen gisa. Argiagoa da komunitate politikoaren kontzeptuaren kasua, berau osatzen duten subjektuak, juridikoki, hala foruz nola aspaldiko ohituraz, "berdinak" baitira. Berez hierarkikoa den korporaziozko orden juridiko batean ezaugarririk nabarmenena den hori, orden burges iraultzailearen normaltasunean arazorik gabe txerta daitekeen ezaugarri bihurtzen da, hau da, bizirik irauteko ez du egokitzapen beharrik. Antzeko egoeran da hirugarren kontzeptua, erregeari zerbitzatzeko borondatezkotasuna, petxeroen nahitaezkotasunaren aurrean; egokitzapena ez da alderatu behar herrialde gehienetan nazioko zerbitzu militarrak guztientzat izan duen nahitaezkotasunarekin, baizik eta parekatu behar da hiritarrez osatutako komunitatean borondatez zerbitzatzearekin, hala irudikatu baitzuen pentsaera iraultzaileak udal errepublika txikietako hiri-soldadutzaren ideia nazio handian ezarri nahi duenean.

Jabetza-eskubidea jaraunsletza bidez eskualdatzea

Foru-berezitasunik nabarmenena, Zuzenbide pribatuari dagokionez, jaraunsletza bidez jabetza eskualdatzeari buruzko erregimen juridikoak mende askoren zehar iraun izana da. Zenbaitetan idatziz jarrita eta, bestetan, usadio bidez ahoz aho iraunarazi eta onartutako ohitura moduan, berezitasun horrek badu ezaugarri nagusi bat: ondasunak jatorria zein familiatan (oinetxea edo erroa), horri lotuak geratzen dira. Loturaren arabera, aurre-ahaideak ondorengoen oinorde badira, atzera itzultzeko obligazioa dago. Sustrai germaniarrekoa, ondareko eta abolengoko ondasunei buruzko foru-loturaren erregimena ohikoa da XII eta XIII. mendeetako Nafarroako eta Gaztelako udal-foruetan. Toroko Legeek (1505) jaso eta agintzen dutenez, ondorengorik ezean aurre-ahaideak dira jaraunsleak; baina, Gaztelako arau orokor horretatik kanpo geratzen dira hiribildu eta leku haiek non, bertako foruaren arabera, ohituraz ondasunak oinetxera edo errora bueltatu behar diren.

Berebiziko interesa du Bizkaiko kasuak, ondasunak eskualdatzeko eraentza oinetxekotasunera zabal eta oso loturik agertzen baita. Gogor estutze hori denboraren poderioz gertatzen da, bi garai desberdin bereizi baitaitezke: 1452ko Foru Zaharraren aurrekoa eta horrekin sortzen dena. Zuzenbide germaniarraren arabera, ondasun higiezinak, beren jabetza edonondik zetorrela ere, oinordetzaz eskuratutzat eta gero jatorriko familiara lotutzat jotzen ziren, eta ondasun higigarriak, aldiz, eskuratutzat hartzen ziren, hau da, horien titularrak berauek xedatzeko askatasuna zuen; bada, ideia hori saihesteko, 1452ko Forua eman aurretik, ondasun higigarritzat hartzen ziren norbaitek bizi bitartean eskuratutakoak, higigarriak edo onibarrak izan eta, beraz, askatasunez eskualda daitezkeenak. Familiatik datozen higiezinak bakarrik oinetxekoak direla jo eta nahitaez ahaide oinetxetarrei utzi beharrekoak dira. Gero, 1452ko Foruak, umeak eta ondorengoak oinetxetar bihurtu, eta ezartzen du oinetxekoak direla, bai oinordetzaz jasotako ondasunak, bai eta kausatzaileak erosketaz edo beste ezein tituluz hil artean eskuratutakoak.

Oinetxeko ondasunen artean ezkontzak iraun bitartean eskuratutakoak sartzeko modalitate bizkaitar horren parekoa da Gipuzkoako ohitura ere. Gaiari buruzko dokumentaziorik egon ez arren, pentsa liteke Bizkaiko foru haren eraginez zabaldu zela Gipuzkoako lurraldean ere lotura-mota hura, hain zuzen ere Bizkaiko Jaurerriarekin muga egiten duten eskualdetan bereziki. Modu berean, Nafarroako eraentzaren eraginez, erreinu horrekin muga egiten duten tokietan zabaldu zela pentsa liteke ere, batik bat Bidasoako bailaran eta nagusiki Donostia inguruko esparruan, non idatziz jasoko den, modu mugatuan bada ere, Donostiako 1180eko udal-foruan.