Marinelak

Ferrer y Cafranga, José Joaquín

Astronomo eta marinel pasaiatarra. Pasaia, 1763ko urriak 26 - Bilbo, 1818ko maiatzak 18.

Euskal Herriak marinel eta esploratzaile ugari alde egiten ikusi baditu ere, gutxi izan dira Jose Joaquin Ferrer pasaiatarraren irudiak ezarritakoa bezalako hain urrats ezabaezina utzi dutenek, eta egia esan jakintza-arlo desberdinak baina elkarren osagarri direnengan eragina izanez: astronomia eta AEBetan, Frantzian, edo Ingalaterra bezalako herrietan egindako geografia fisikoa. Zalantza izpirik gabe Ferrerren ahaleginak atzerrian zientzia lantzeko gure herrian izan den ahaleginik nabarmenetariko eta arrakastatsuenetariko bat, erabat ezezaguna egia esan, adierazten du.



San Pedroko kaiko etxe batean jaioa, haurtzarotik Pasaiako portuan bildu ziren merkataritza kolonialaren eta marinelen joan-etorriaren lekuko izan zen. Bere aita Errege Armadako kontularia zela, matematikak, nabigazioa eta kosmografia irakatsi zizkion. Itsas armadak asko erakarri zuen arren, bere familiaren gomendioei jarraituz 1780an "Real Companía Guipuzcoana de Caracasen" lanpostua zuen bere senide batek egindako eskaintza bat onartuz, Venezuelara joan zen. Hala ere, Venezuelara zeraman ontzia britainiar ontzidiak harrapatzearen zoritxarra izan zuen. Ingeles kartzelako egotalditik tratu txarren eta ezbeharreko bere lagunetako asko hil zituen izurrite baten oroitzapenak gelditu zitzaizkion.

Aitak egindako kudeaketei eta Londresen establezimendu baten jabe zen bere familiaren eraginari esker, Ferrer Ingalaterrako goi-mailako ikastetxe batean sartu zuten. Bertan matematika eta astronomia ikasteaz gain, hizkuntzen garrantziaz ere jabetu zen: ingelesa bikain ikasi zuen eta menperatze horrek aurrerago AEBetan eta Ingalaterran lanak argitaratzeko aukera ekarri zion.

Behin itzulitakoan, 1786an, aitak "Pájaro" espainiar itsas armadako fragatarekin, Perun geografia lanak egiteko izango zen espedizioan parte har zezan konbentzitu zuen. 1787ko urtarrilean, Ferrer gazteak Cadiz utzi eta Ameriketara abiatu zen, zientzialari gisa ospea eta aintza ekarriko zizkioten bidaietatik lehenengoari hasiera emanez. Limatik berehala itzuli zen hainbat kartografia- eta astronomia-mapa irudikatu ostean eta jarraian misio nautikoak merkataritza lanekin bateratzea uzten zion beste espedizio batean parte hartzea erabaki zuen ( oraingoan bere adindupean, Veracruzera). Mexikon astronomia-behaketen bitartez mendien eta hirien altuera eta kokapena finkatzean zetzan geografia zehazketarekiko oinarrizko zereginaz arduratu zen; behaketa lan horiei esker Orizaba, Jalapa eta Peroteko gailurrak identifikatu zituen, Europan nahiz Amerikan bere emaitzak oso estimatuak izanik. Cadizera itzultzean, Ferrerrek nolabaiteko ospea zeukan; eta horrek, Cadizko Behatokiarekin elkarlanean hastea bideratzeaz gain Cosme de Churrucarekin ( 1761-1805) eta beste marinel batzuekin ere adiskide izaten lagundu eta Jose de Mazarredoren (1745-1812konfiantza irabazten lagundu zion (Mazarredok Errege Armadako kide izatera animatu zuen ).

Nolanahi ere, Ferrerren ekarpen zientifikorik handienak Iparramerikan emandako denboraldiari dagozkio: zehazki, New Yorkeko bere egotaldian, hamar urtetan zehar bertan bizi izan zen, merkataritza negozioengatik edota zientzia zioengatik Kubara eta Karibeko beste uharte batzuetara bidai ugari egin zituen. Ferrerrek, astronomia-behaketen bitartez, iparramerikar hiri askoren kokalekua zehaztu zuen, koordenatu okerren oinarrian era erratuan zehaztuak izandako hirietako askoren kokalekua gaizki zehazturik zegoela frogatuz. Ikuspegi horretatik, amerikar geografiak bere behaketek zirela eta, asko irabazi zuen. Izatez, Filosofia Elkarte Amerikar ospetsuak, -bertako kide izan zen- bere memorietan Ferrerren lan horietako batzuk argitaratu zituen. Joseph Lalande (1732-1807), François Aragó (1786-1853) eta Jean Baptiste Delambre (1749-1853) astronomoek zehaztasun geografiko horiekiko interesa agertu zuten eta Ferrerrek AEBetan eta Karibeko uharteetan egindako behaketetatik ateratako ondorioen egokitasuna aitortu egin zuten. Bere Astronomical observations...for determining the geographical positions of various places in the United States idazlana (1809an argitaratua), geodesia-, matematika- eta astronomia-behaketen balorea azpimarratzen den Iparramerika modernoaren kokaleku geografikoen zehaztapenari dagokionez klasikotzat aintzat hartua da. Era berean Kubaz, Santo Domingoz eta Puerto Ricoz egindako bere behaketek ere erabat ospetsuak izan ziren.

Espainiar independentzia-gerra amaitu arte Ferrer ez zen Europara itzuli. Europan, akademia- mundua pasaiatarrak marinela haren zientzia-mailaz ohartzen hasia zen. 1813an Ingalaterran izan zen, (berezitasunez, Greenwicheko Behatokian), eta bertan doitasun-tresnak eman zizkioten astronomoekin harremanak jarri zituen. Gerora Parisen astronomo ospetsuek ongietorria eman zioten eta beraien bitartez Frantziako Nazio Institutuko kide izendatu zuten [kontu jakina da, adibidez, Pierre-Simon Laplace-k (1749-1827) berak ere, "astronomo espainiar jakintsua" deitzen ziona]. Beranduago, Cadizen (1814), Madrilen (1816) eta Bilbon (1817) izan zen. Cadizeko hiriburuan, hain zuzen ere, bere ibilbideko kargu akademikorik garrantzitsuena litzatekeenari uko egin zion: Leon Uharteko Behatoki-zuzendaritza.

1834an Pasaiako parrokia-elizara gerturatu zirenek, Ilustrazioko azkeneko ordezkarietako bat zenaren zientzia ospe ikaragarria antzematen uzten zituzten hitz batzuk, bere ohorez eraikitako oroitarriaren aurrealdean irakurtzerik izan zuten:

"Aquí yace D. José Joaquín Ferrer, miembro de la Sociedad Filosófica de Filadelfia, socio correspondiente de la Real Academia de Historia, del Instituto Nacional de Francia y de otras sociedades científicas y literarias" [Alcala, 1858: 27].