Konposatzaileak

Fernández Guerenabarrena, Zuriñe

Konpositorea eta irakaslea. Gasteizen jaio zen, 1965ko azaroaren 8an.

Musika ikasten hasi zen Gasteizko Kontserbatorian, jarraian Akordeoiko goi mailako ikasketak burutu zituelarik Bartzelona eta Donostian. Gasteizen armonia eta konposizioa ikasi zuen Carmelo A. Bernaolaren eskutik eta Bilbon kontrapuntua Juan Corderorekin. Arabako Foru Aldundiaren beka bati esker, Milango Scuola Civica zentroan ikasi zuen, F. Donatoni, G. Borio, A. Melchiorre eta I. Fedele-rekin. Horrez gain, Darmstad-eko Internationale Ferenkurse für Neue Musik-eko ikastaroetan eta Pasieko IRCAM-ek (Institut de Recherche et de Coordination Acoustique/Musique) eskainitako jardunaldietan ere esku hartu du. Horrela, hainbat maisurekin lan egiteko aukera izan du, besteak beste, Garcia Abril, Tomas Marco, Cristobal Halffter, Leo Brouwer, Sciarrino, Corghi, Castiglioni, Clementi, Manzoni, Murail, Luis de Pablo eta J. Harvey.

Bere lanak hainbat saio eta ekitalditan jo izan dituzte, esaterako, Euskal Musika Berriaren Jardunaldiak (Donostia), Musikaste (Errenteria), Konpositore Gazteen Topaketa (Madril), Donostiako Musika Hamabostaldia, Guggenheim Museoaren estreineko kontzertua (Bilbo), Bilboko XX. mendeko Musika, Perspectivas 96, Madrilen Emakumezkoen Nazioarteko Musika Erakusketa, Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdia edota Biennale dei Giovanni Artisti dell Europa e del Mediterraneo (Erroma). Era berean, zenbait pieza konposatzeko enkarguak ere jaso izan ditu beste hainbat erakunderen eskutik: Musika Garaikidearen Hedapenerako Zentroa, Donostiako Musika Hamabostaldia, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala (INAEM), Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta abar.

Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan irakaslea izan da eta gaur egun konposizioa irakasten dihardu Euskal Herriko musika ikasketen goi mailako zentroan, Musikenen alegia.

Gainera pelikula eta telebistako serietarako musika ere konposatu izan du, besteak beste, La Regenta, Cachito, Secretos del corazon edo Airbag.

  • SALABERRI, Sabin; et al.: La Música en Álava. Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.