Monarkia eta noblezia

Felipe V

Frantziako tropek Espainiak, berak bakarrik, 1718az geroztik Aliantza Laukoitzaren aurka mantendutako gerraren barruan hartu zuten Gipuzkoako probintzia. Koalizio hau, Ingalaterrak, Inperio Sakratu Germanikoak, Holandak eta Frantziak (aurretik Felipe V.aren aliatua izandakoak) osatua, Espainiari aurre egiteko sortu zen; honek lurraldeak berreskuratzeko kanpo-politika hasi zuen eta Utrecht-eko Itunaren ebazpenak betetzeari uko egiten zion.

1718. urtean armada ingelesak eskuadra espainiarra suntsitu zuen Cabo Passaron (Sicilian) eta, hurrengo urteko apirilean, Aliantza Laukoitzeko tropa frantziarrek, Berwick-eko duke mariskal frantsesa buru zutela, Gipuzkoa hartu zuten. Tropak Beratik sartu ziren eta probintzia, aurreko gerraren eta 1718ko matxinadari jarraitu zitzaion errepresioaren ostean, erabat desarmatuta geratu zen. Hondarribiak eta Donostiak Berwick mariskalaren aurrean kapitulatu egin zuten eta probintzia okupatua izan zen.

Felipe V.ak Nafarroan ezarri zuen errege-kuartela, baina ondoren gortera erretiratu egin zen batere arrakastarik lortu gabe. Bitartean, Berwick-en tropek Iruñea setiatzea pentsatu zuten hasiera batean, baina Kataluniara aldatu zuten norabidea. Bakea lortze aldera, Felipe V.ak Alberoni kardinala, urtetan monarkia hispanikoarentzako lurraldeak berreskuratzeko politika gauzatu zuen erregearen aholkularia, bere ondotik kentzera behartuta ikusi zuen bere burua. 1720ko otsailean erregeak armistizioa sinatu zuen Aliantza Laukoitzarekin, eta ondoren Hagan berretsi, eta 1721. urtean Espainiak eta Frantziak Madrileko ituna sinatu zuten; haren bitartez Frantziak Hondarribia eta Donostiako plazak itzultzeko konpromisoa hartzen zuen.

Handik bost urtera Felipe V.ak berriro ere aurka egin zien Europako potentziei, Vienako Itunean (1725) Austriarrekin egindako aliantzarengatik.