Monarkia eta noblezia

Felipe V

Felipe V. Baionara heldu zen 1701eko urtarrilean. Hiri honetako udal-korporazioak ongi etorria prestatu zion eta maila jakin bateko bisitari edo pertsonaia garrantzitsuei egin ohi zitzaien festak ospatu ziren. Urtarrilaren 22an Bidasoa ibaia gurutzatu zuen eta toki honetan hainbat diputatu gipuzkoarrek harrera egin zioten, bereganaino gondolatan joanez. (Miguel Lizardikoa). Lehorreratu ostean Irunerantz jo zuten eta Iruñeko gotzainak erregeari harrera egin zion hiri hartako elizan. Ondoren Hondarribia, Hernani, Donostia eta Tolosan barna ibili zen. Gasteizera otsaila hasieran heldu zen, eta bertan hainbat agintarik harrera egin zioten; handik egun gutxira Madrilera abiatu zen. Urte hartako uztailaren 13an Arabako Probintziako Foruak berretsi zituen; 1722an berriro ere berretsi zituen foruok. Behin Madrilen ezarrita, erregeak handik zuzendu zuen Ondorengotza Gerra.