Monarkia eta noblezia

Felipe V

Carlos II.a erregeak, Espainiako Austriarren dinastiako azken erregeak, ez zuen ondorengo zuzenik izan. Hiltzerakoan bere anaiaren biloba Felipe, Anjouko dukea, izendatu zuen oinordeko, eta hori 1700. urtean gertatutakoan, Felipe errege berri izendatu zuten. Austriako monarkiak, bestalde, Carlos artxidukeak, Leopoldo enperadorearen bigarren semeak, tronurako legezko eskubide gehiago zituela uste zuen. Austriak izendapen honi aurka egin izanak, Austriako enperadorearen eta Luis XIV.a Frantziako erregearen arteko gatazka armatua eragin zuen, horrek bere bilobaren eskubideak defendatzen zituen eta. Gatazka Europako beste hainbat lurraldetara zabaldu zen; Ingalaterra eta Holanda Austriarengana gerturatuz joan ziren. Hiru herrialde horiek, Danimarkarekin batera, koalizio bat osatu zuten Hagako Itunaren bitartez; "Bigarren Aliantza Handia" gisa ezaguna egin zen koalizioa, eta Frantzia eta Espainiari gerra deklaratu zieten. Ondoren, Portugal eta Saboiako artxidukearen bandoarekin bat egin zuten.

Gaztelako Koroa Frantziako erregearen aldekoa zen; Aragoiko Koroako erresumak, aldiz, hautagai austriarra defendatzea aukeratu zuten. Nafarroako Diputazioak Felipe V.a izendatu zuen errege -Felipe VII. Nafarroakoa- abenduaren 11 eta 13 artean, eta euskal probintziak, Gaztelako Koroaren baitan txertatuta, errege Borboiaren alde agertu ziren ere.

Azkenerako 1713. urtean amaitu zen gerra, Felipe V.aren gudarostearen hainbat garaipenen ostean. Hala ere, Aragoiko koroan 1715. urtera bitartean erresistentziak mantendu egin ziren. Gerra honen amaieraren lagungarri Carlos artxidukea Austriako Inperioko tronura igo izana dugu; horrek Espainiako kororako hautagai izateari uko egitea ekarri zuen. Utrecht-eko Bakea (1713) eta Rastatt-ekok Ituna (1714) sinatu zituzten; itun horiek, gerra honekin amaitzeaz gainera, Europako hainbat lurralde berrantolatzeko bide eman zuten.