Dantza

Fandangoa - Jota - Orripekoa -Trikitixa

Fandangoa gaur egun tradizozko euskal dantza ezagun eta arruntenetariko bat da.

Une honetan Euskal Herrian jotarekin nahasteko joera oso handia du, eta orripekoa izena ere jasotzen du batzuetan. Bere aldaera zehatz batek, gainera, trikitixa izena jasotzen du, eta Nafarroan beste jota mota bat ere bada, ezberdina eta ez dantzatua. Abiadura oso bizikoa du eta arin-arinarekin batera euskal dantza-bikote ohikoena osatzen du. Bikote honek oso erlazio estua du izenez ere Penintsulako beste herri batzuetan egiten diren beste dantza-bikoteekin. Horietako kasu bat Kantabriakoa da, non a lo pesau edo a lo grave erritmo hirutarra duen dantza bat erritmo bitarra duen a lo alto edo a lo ligero izeneko beste batekin konbinatzen baita, baino halako zerbait Burgosen, Errioxan edo Segovian ere gertatzen da.

Zentzu honetan, behin baino gehiagotan erlazionatu egin dira sailkapen hau Erdi Aroko dantza altu eta baxuaren arteko aldearekin. Dantza altuetan saltoak eta mugimendu bortitzagoak izan ziren, eta orduan hor sartu behar zen gure arin-arina. Dantza baxuetan, berriz, mugimendu irmoak eta lasaiagoak egiten ziren, eta hori izango litzateke euskal fandangoaren baliokidea, eta erlazioa orripeko izenaren bidez bilatu egin da. Hala ere, gaur egun ez dirudi alde horretatik alde handia dagoenik bi dantza horien artean, eta beste ezaugarri bat betetzen da ezagutzen ditugun dantza-bikote gehienetan: Errenazimentutik gutxienez, batak erritmo hirutarra du eta besteak bitarra. Hau zen garai horretan pabana bitarra eta gallarda hirutarraren kasua eta hau da, hain zuzen, gaur eguneko euskal kasua: fandangoak erritmo hirutarra du, eta arin-arinak bitarra. Bikote-dantzak, eta bikoteka dantzaturik: horren euskal adierazlerik hoberena, eguneroko dantzatua, eta horregatik gizarte dantzarik arruntena.

Gaur egun, euskal fandangoak erritmoa hirutarra du, 3/4 edo, bere abiadura bizia hobeki adierazteko, 3/8 konpasean idatzita, eta esaldi karratuak, zortzi konpaseko moduluz antolaturik, ditu. Pauso bakoitza hamaseina konpasez luzatzen da, eta horren arabera moldatzen dira esaldi musikalak, batzuetan hamasei konpasekoak, askotan zortzi konpasekoak errepikaturik, eta ia beti aurrekari eta atzekari moduan antolaturik. Normalean hiru pauso ezberdin dantzatzen dira, baina Nafarroan oso ohikoa da laugarren bat ere izatea. Halere, konpasen antolakuntza oso bitarra da, Miguel Manzanok (1991) jotari buruz adierazi duen bezala, 6/8 idazkera proposatuz. Gaur egun erritmo ohikoena, horrela, edo modu antzeko batean, idatzi daiteke:

Partitura

Hona hemen adibide bat, egile ezezagunaren Las pamplonas izenarekin ezagutzen denaren hasiera:

Partitura

Juan Mari Beltranaren arabera (2004:94) fandango eta jotaren artean alde formala dago, praktikan baztuetan horien artean nahasteko joera duten arren. Fandangoa, izan ere, hamasei konpasetako esaldien segida bat da, baina jotak lelo abesturik bat du, kopla izenekoa, dudarik gabe bere testuak, bai euskaraz bai erdaraz, gastelaniazko coplaren eskema (lau bertso oktosilabo) errespetatzen duelako. Jota hauetan, halere, eta Penintsulan askotan gertatzen den bezala, lehen bertsoa errepikatzen da. Modu honetan, koplaren lehen esaldiak hamabi, eta ez zortzi konpas, ditu, eta bigarrenak hamasei ditu. Soinu-txikiaren giroan, estruktura formal honek trikitixa du izena, jotzen duen taldearen izen bera. Arin-arin eta porrusalderekin gertatzen den halako zerbait da azken finean: trikitixak maiz loturik dantzatzen den kopla abesturik bat du, eta fandangoak, berriz, ez.

Bukatzeko, Euskal Herriko zonalde mediterraneogoan, hots, Araban eta Nafarroako Erdialdea eta Erriberan bereziki, alde hau gertatzen denean, oso antzekoa da (Gaiteros de Pamplona 1981), baina kopla ez da normalean kantatzen eta abiadura mantsoagoa du. Ezaugarri honek abesten den jota nafarrarekin lotura ematen dio dudarik gabe.

Azken genero hau ez dantzatua da, eta hau salboespena da euskal giroan, baita Penintsulakoan ere. Oso harreman estua du Aragoiko ereduarekin, eta agian hor du jatorria, eta oso zabalduta dago hori Independentzia gerran gertatutako Zaragozako setioaren ondoren gertatu zela. Oso ezaugarrizkoa du harizko instrumentuen edo/eta akordeoiaren laguntza, eta kasu honetan koplak hartzen du protagonismo osoa zonalde altuaren birtuosismoagatik, oso apainduta eta ahotsaren indar oso handikoa duen estiloan, askotan valiente izena jasotzen duena. Harmonia oso sinple baten gainean -tonika eta dominante akordeak besterik ez erabiliz- joteroak mota guztietako apaindurak inprobisatzen ditu, tesitura horretan distira handia lortuz, beste euskal fandango eta joteen estetika oso ezberdin bat eskuratuz. Nafarroako jotak, Aragoikoak ez bezala, minor modua ere erabiltzen du, eta bere ezaugarrien artean askatasun erritmiko handiagoa, melismen erabilera handiagoa, eta instrumentuen erabilera formal ezberdina aurkitzen dugu, aipaturiko nortasun ez dantzatua ahaztu gabe.