Dantza

Ezpata-dantza

Izen hau, jakina, generikoa da, eta printzipioz ezpatekin egindako edozein dantzari ezarri dakioke: horregatik, euskal lurraldetik atera gabe, izen honekin ezagutzen dira, adibidez, Xemeinen, Zumarragan, Deban, Legazpian, edo Lesakan (hemen, gutxienez gaurko egunean kasu honetan makilak eta ez ezpatak erabili arren) egiten diren dantza batzuk. Horretaz gain, gipuzkoar ezpata-dantza estandarizatu bat ere bada, eta azken garaian ezpata-dantza berriren bat ere sortu da, Iruñan kasu. Baina izena, bereziki XX. mendearen lehen erdialdean, Euskal Herri osoan zabaldu zen Durangaldeako Dantzari Dantza izendatzeko.

Bitxikeria honetako arrazoia dantza honetan EAJ-k orokorrean eta Sabino Aranak berak zuen interesean datza: ezaguna da, adibidez, Aranaren berotasuna dantza honekin lehen aldiz ikusi zuenetik, 1886an, Durangon. Sinbologia nazionalista ia osoa bezala, bere alde izaera bizkaitarra zuen, eta kasu honetan Sabinok berak azpimarratu zuen bere gizon-izaera eta seriotasuna, beste dantza batzuek -zinta dantzak, kasu- ez zutena (Arana Goiri 1987). Bere hasierako martxan pentsatu zuen espetxean zegoenean bertso batzuk idazteko, gero euzko-abendearen ereser'kija osatuko zutenak, eta beraz gaur egun Euskal Erkide Autonomoaren ereserkiaren jatorria (Jemein eta Lanbarri 1977:288). Euskal nazionalismoaren eskutik, (Arana Goiri ibid.), XIX. mendearen buruan nekez Durangaldeako lau herritan egiten zen dantza Euskal Herri osoan zabaldu zen, partiduko ekintza gehienetan parte handia hartuz: 1910rean hasi ziren euskal dantzaren eskolak Bilboko batzokian (Camino eta de Guezala 1991:65); 1932an Bizkaiko Ezpatadantzari Batza sortu, eta azkar antzeko elkarteak beste lurraldeetan egin ziren. 1933n, San Ignazio Egunean, Bizkaiko berrehun eta hirurogeita hamabost taldek elkarrekin dantzatu zuten San Mames estadioan. Data hauetan, Gipuzkoako Ezpatadantzari Batzak mila eta berrehun partaide zituen, seiehun Arabako Elkarteak eta bostehun Nafarroakoak (Tápiz 2001:105). Kontestu honetan, eta elkarte hauen izena beragatik ondorioztatzen den bezala, badirudi Dantzari-dantza izena Durango Merinaldetik kanpo ez zela ezagutzen ere.

Arlo honetan askotan gertatzen den bezala, beraz, hitz batek -kasu honetan, ezpata-dantzak- ez du esanahi bakarra ez argia, ezta, zentzu askotan, logikoa ere. Musikari dagokionez, adibidez, ez zen batere arraroa izango doinu batek, edo bik hobeki esanda, izen hau hartu izatea. Doinu hauek, izan ere, aipaturiko euskal ezpata-dantza guztietan agertzen dira hala edo nola, eta kasu hauetan ohikoa denez, aldaera oso interesgarrietan. Esteka honetan ikusi eta entzun (oso modu estereotipatu batean, noski) daitezke bi doinu hauek Gipuzkoako ezpata-dantzaren bertsio batean, XIX. mendearen buruan Jose Antonio Santesteban maisuak bere pianorako Cantos y bailes tradicionales vascongados bilduman egin zuena. Ohikoa denez, ezpata-dantza gipuzkoar honetan bata bestearen atzetik lotuta agertzen dira, baina erritmo ezberdinengatik oso argi bereizten dira.



Musikan, hala eta guztiz, ezpata-dantza hitzaren esanahi ohikoa beste bat da: erritmo batek definitzen duen genero bat. Aipaturiko Dantzari-dantzaren zati batzuek duten erritmo berezia hain zuzen. Dantza honen musika lehengo aldiz pentagrametan jarri duena Wilhelm von Humboldt izan zen, Euskal Herrian zehar 1801ean egin zuen bidaiaren fruitua. Baile de los niños de esta merindad de Durango izenaren pean lau doinu idatzi zituen 6/8ko eta 2/4ko konpasetan, esteka honen bidez ikus daitekeen bezala. Orrialde berean dagokion MIDI artxiboa entzuten badugu, berehala ohartuko gara adibidez, lehendabiziko doinuaren, Aita San Migel izenarekin ezagutzen dugunaren erritmoa ez datorrela bat gaur egun erabiltzen denarekin. Arrazoia 6/8ko konpaseko erabilpena hutsa da: izan ere, jadanik 1890rean, gutxi gorabehera, Durangoko musikari batek, Marcos Alcortak, Dantzari Dantza = Ezpata dantzaren pianorako beste bertsio bat egin zuen, Dotesio etxeak argitaratuta, eta zati horiek idazteko, bere benetako erritmoa eta nortasuna ematen ahal izateko, konpas-amalgama nahiago izan zuen, 6/8ko eta 3/4koak txandakatu zituen, bi neurritako konpasek iraupen bera izan behar zutela espresuki esanez (Alcorta s.d.:2).

XX. mendearen hasieran, Azkuek ere idatzi zituen Berrizeko ezpatadantzarien dantzaren zati gehienak, eta Hipolito Amezua danbolinteroa espresuki aipatuz. Esteka honetan ikus daitekeen bezala, zati batzuk -Kantutegian ezpatadantza (I), ezpatadantza (II), binakoa, launakoa, eta ezpatadantza (IV) hain zuzen- (1919, I, 385-391) 6/8ko eta 3/4ko amalgaman daude idatzita, baina espresuki esaten da 6/8ko zatiak 3/4koak baino motelagoak direla. Bitxia izan badaiteke hau, batez ere kontuan harturik zati hauetan hain zuzen ere, behar koreografikoen medio, ezin direla ez ezpatak ez makilak erabili, erritmo berezi honi aplikatzen zaio ezpata-dantza izena. Eta dudarik gabe, hemen zortzikoarenarekin batera, euskal musikaren berezkoentzat hartu izan den erritmo bat dugu.