Dantza

Ezpata-dantza

Ñabardura honek, gainera, beste konnotazio batzuk ditu: 6/8ko eta 3/4ko txandakatze hutsa -hots, sei zatiak binaka eta hirunaka txandatuz hartzea-, musikologian seskialtero izenarekin ezagutzen da (adibidez, Stanford eta Leird). Erritmo hau musika hispanikoaren ezaugarritzat hartu izan da XVI. menditik aurrera, eta oso maiz aurkitzen dugu, adibidez, flamenkoan eta Espainiako eta Hispanoamerikako musika askotan. Bitxia bada ere, esan daiteke gaur egun askotan erabiltzen dela ustezko ezpata-dantzaren erritmo bat euskal nortasunaren adierazpen gisa, baina errealitatean gertatzen dena da seskialtero erritmo ezin hispanikoagoa interpretatzen dela. Afera hau ez dela maila teorikoan gelditzen entzun daiteke dagoeneko grabaketa batzuetan, non world musicaren espirituaren barne, ezpata-dantza izeneko pieza batzuk agertzen dira erritmo seskialteroan eta flamenko kutsuarekin .

Ildo horretan, adibidez, Berrizko txistularia zen Alejandro Aldekoaren grabaketei buruzko egindako ikerketa batzuek (Sánchez Ekiza 2004) baieztatzen dute bere interpretazioetan 6/8ko zatiak 3/4koak baino motelagoak direla. Are gehiago, adibide hauetan, pultsu metronomiko berean, amalgama 10/8koa eta 9/8koa da, gainera (5/8+5/8) eta (3/8+3/8+3/8) egituraturik. Honelako neurriak, noski, ez dira bakarrik oso zailak solfeoaren ikuspuntutik: une honetan inposatu den zentzu erritmikoaren kontrakoak dira. Seskialteroa, adibidez, oso erraz nahas daiteke edozein 6/8ko edo 3/4ko, baita 2/4ko batekin ere, eta horregatik mestizajeak sortzeko oso aproposa da, world-musicaren eremuan kasu. Deskribatu dugun ezpata-dantzaren erritmoa, berriz, ez.

Dena den, erritmo hau ez da tradiziozko erabileran ere Durangaldeako Dantzari-Dantzaren mugan gelditzen. Oñatiko Korpus-dantzetan ere agertzen da, Bizkaitik kanpo aurkitzen dugun adibide bakarra, eta bere egitura erabili izan da azken urteotan beste modu batean dantza batzuk berridazteko: hau izan da, adibidez, Lekeitioko Katxarrankaren kasua: folklorista lekeitiar ospetsuenak, Azkuek, herriko kaleetatik zehar prozesio moduan erabiltzen den 5/8ko zortzikoa bakarrik idatzi zuen. Halere, gutxienez gaur egun, doinu bera erritmoz aldatzen da dantza bera egiterakoan, eta bigarren erritmo hau idazteko ezpata-dantzaren konpasen egitura bera erabili izan da (Bikandi Belandia 1992a:21 eta 1992c:4855). Beste kasua bitxiagoa da gure ikuspuntutik: Garai herrian gaur egun egiten den Gernikako arbola dantza izenarekin ezagutzen dena, zortzikoaren 5/8ko konpasean derrigorrez idazten duguna, beste era batean, ezpata-dantza moduan baino modu motelago batean, jotzen zuen gutxienez grabaketa batean Serafin Amezua danbolinteroak (Bikandi Belandia 1992a:20 eta 1992b:4847; Sánchez Ekiza 2007).

Ezpata-dantza, ikusten den bezala, ez da oso ugaria izan euskal musikarien errepertorioetan. Ez da agertzen, jakina, XIX. mendeko bukaerako eta XX, mendeko hasierako danbolinteroen partituren koaderno zaharrenetan, ezta, eta hau harrigarriagoa da, Txistulari aldizkariaren lehen garaiko aleetan, 1928 eta 1936 artean argitaratuak, Jesus Guridiren salbuespen oso nabariarekin (Mendiko soñuak obraren bigarren mugimendua hain zuzen). Aldizkari beraren bigarren garaiko lehen sei mila partituren orrietan, 1955 eta 1998 artean agerturik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), kontuan hartu gabe suite, rapsodia eta beste obra luzeagoetan sartuta daudenak, guztira hamaika agertzen dira, kopuru osoaren %0,5 besterik ez suposatuz. Kopuru oso txikia da, batez ere biribilketena, zortzikoena, fandangoena edo arin-arinenarekin alderatzen badugu.

Baina ezpata-dantzaren eduki sinbolikoa, bera dantzarekin hain mugatuta eta lotuta egon arren, oso garrantzitsua izan da euskal musikaren estilo guztiendako: Guridiren Amaya operarena gailurra izan daiteke, baina bere erritmoa, hala edo nola erabilia, oinarritzat hartu izan da bai musika popularretan -Oskorriren folkean, kasu, baita jazzaren kutsua duten Mikel Laboarekin Iñaki Salvadorraren interpretazioek-, bai musika erudituan ere, benetako Abangoardia sartuta, Anton Larrauriren kasuan bezala. Zentzu horretan esan daiteke dudarik gabe ezpata-dantza dugula, zortzikoaren atzean, euskal musikaren erritmo berezko eta garrantzitsuena.