Dantza

Ezpata-dantza

Joera honetako adierazlerik hoberena izango da ziur aski Guridiren Amaya operaren ezpata-dantza, zalantzarik gabe 1920an estreinaturiko operaren une distiratsuenetariko bat da, non egile honek modu zoragarri batean orkestratzen ditu hauetako pieza batzuk. Eszena honetan, Estrabonen deskripzio lauso eta zaharrak eszenaratzen dira Chaho eta Navarro Villosladaren iragarkietatik pasa ondoren, ezpatak -hemen bai- eta kutsu borrokalaria oso agerian agertuz. Esteka honen bidez hagitz arrakastatsua izan den koreografia honetako bertsio bitxi baina oso egoki bat ikus daiteke, 1952n Luis Marquinak zuzendutako Amaya pelikularako prestatu egin zena.. Interpretazio honetan, halere, eta askotan gertatzen den bezala, 6/8ko zatiak ez dira 3/4koak baino geldiagoak.

Koreografia hau euskal ikono abertzale eta borrokalari gisa interpretatzen da une honetan. Oso adierazgarriak dira, zentzu honetan, idazle eta Jagi-jagiko partaidea izan zen Adolfo de Larrañagaren azalpenak, operak duen kutsu wagnerianoaz oharturik (1930):

"Amaya Guridiren opera ikaragarriaren bigarren ekitaldian nire bizitzako arrazazko emozio handienetariko bat gozatu nuen [...] Dantza honek, tradizionala izateagatik, aberria suspertzeko bertutea du. Askatasunaren usaina du, galdu den zerbaiten esentziaren urrina duen flaskoak bezala, eta hain berezia da, ezen, hizkuntzak bezala, ez duen ezeren antzik [...] Gure ezaugarri nazionalak aurkezteko esaten digutenean, nik beti ezpata-dantzan aurkituko dut dantza guztien artean jatorrizkoena, adoretsuena, harmoniatsuena eta kastuena. Valkirien garrasia bezain sutsua zara."

Baina ezpata-dantzaren balio sinbolikoa ez zen bakarrik alde estetikoan preziatzen. Azkuek, euskal musika Grezia Klasikoarekin konparatu zuenean, batez ere antzekotasun erritmikoak aurkitu zituen (1919,I,52). Horretarako, jakina, erabili zuen lehen zortzikoaren erritmoa eta bigarren lekuan ezpata-dantzarena: XIX. mendearen buruan Gevaert-ek Euripides-en Orestesen azterturiko zati ñimiñoa 3/4 eta 6/8 amalgaman idatzi zuen, ezpata-dantza euskal erritmoa idazten den bezala alegia, eta horretan aurkitu zuen Azkuek musika grekoarekiko erlazioa. Baina argi dago hemen hain garrantzitsua zen eredu kultural honekin lotzeko nahia lekeitiarraren bere musika idazteko fintasuna baino handiagoa zela, adibide greko horretan ez baitago ezer suposatzeko Azkuek berak euskal ezpata-dantzetan lehen aldiz azaldu zituen abiadura ezberdinak ematen zirenik, posible egingo zutenak berdin idazten diren erritmo horiek praktikan ere berdinak izatea (Sánchez Ekiza 2002).

Ezpata-dantzaren erritmoaren idazkerak, izan ere, ez du normalean ñabardura hori kontuan hartzen. Guridiren Amaya operarena hau zalantzan jartzekoa baldin bada, badugu egile berberaren beste adibide argiago bat: Euzko Irudiak abesbatza eta orkestrarako obran, hirugarren mugimenduan ezpata-dantza erritmoa aurkitzen dugu, non zati luze batean lehen agerturiko ezpata-dantza doinu bat 6/8ko konpas hutsean idazten den Hator-hator gabon-kanta ezagunarekin batera entzuten da. Hau, jakina bakarrik egin daiteke ezpata-dantzaren 6/8ko eta 3/4ko konpasek abiadura bera baldin badute.