Erakundeak

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzaren eginkizunez dihardugunean Botere Betearazlearen jabe eta organo kolegiatu bezala berari agindutako eginkizunez ari garela ohartarazi beharra dago. Eta beraz, ez gara ari jaurlaritza osatzen duten organo anitzei banan banan aintzat hartuz aitortzen zaizkien eskumen bereziz.

Aurretiazko ohar hori eginda, izaera sistematikoz eta Autonomia Estatutuko 29. Artikuluan ezarritako hitzei jarraituz, "Euskal Herriko funtzio exekutibo eta administratiboak bere eskutan dituen organo kolegiatua Euskal Gobernua da". Zehaztasunez 7/1981 Legeko 16. artikuluak Eusko Jaurlaritzak guztizko politika-helburuak ezarri eta Euskal Herriko Arduralaritza artezten duela, horretarako legegintza-arioa, egiterapen-iharduna eta arauak emateko ahalmena darabiltzala, ezartzen du.

Horrela bada, Garcia Herrerarekin (García Herrera, 1985: 332-344) bat etorriz Eusko Jaurlaritzak, Botere Betearazlearen jabe, funtsean, hurrengo eginkizunak egotzita dituela argi esan dezakegu.

  1. Estatutuaren berraztertzearen eginkizuna eta horren arabera Jaurlaritzak Autonomia Estatutuaren balizko eraberritzeari ekiteko proposamenerako gaitasuna du.
  2. Autonomiaren aldezpenerako eginkizuna. Gai honi dagokion arloan, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuari eragin diezaioketen lege mailako xedapen arautzaileen eta legeen aurkako konstituzio-kontrakotasunarekiko gora-jotzeak aurkezteko zein Konstituzio Auzitegiaren aurrean eskumen-gatazkak aurkeztu ahal izateko erabateko zilegitasuna dauka.
  3. Politika arteztearekiko eginkizuna, hainbat ekimenetan gauzatzen dena eta euron bidez Autonomia Erkidegoko helburu politikoak egikaritzeko ahaleginak eginez. Horrela, eginkizun horretan, adibidez, gobernuaren parte hartzea sar daiteke; ekonomia plangintzari buruzko legegintzan; Euskal Herriko aurrekontu nagusien prestakuntzan; edo Estatuari ordaintzen zaion Kupoaren ezarpenean.
  4. Administrazioaren artezte eta betearazle eginkizuna, zerbitzuen eskaintza eta kudeaketarako teknikoki gaitutako lanarigoaz osatutako erakunde instrumentala den heinean.
  5. Eta araubidezko ahalmena, legeen mailapeko arau diren hiru mailatako Dekretuen onarpenean azaltzen da: estatuko eta erkidegoko legeen garapen eta egikaritzarakoak; antolaketa eta sailkako egiturekikoak eta zerbitzuei buruzkoak; eta Goi Karguen izendapen eta kargu uztearekikoak. Esandakoari Jaurlaritzak duen lege mailako Dekretu legegileak izeneko arauak emateko duen aukera ere erantsi beharko litzaioke.