Erakundeak

Eusko Jaurlaritza

Autonomia Estatutuko 30. artikuluaren arabera Lehendakariak eta Sailburuek Eusko Jaurlaritzako ezinbesteko kide izan behar dute. Eta 7/1981 Legearen 17. artikuluak Lehendakariordeak eransten ditu, Jaurlaritza Lehendakariak eta Lehendakariak izendatutako Sailburuek osatzen dutela adieraziz, horietatik lehenengo Lehendakariorde bat eta Lehendakariorde bat edo batzuk izendatu ahal izango dituela ezarriz. Beraz, inoiz adierazi izan den bezala, ez dago Lehendakariorde "soilik" Lehendakariorde-Sailburua baizik, bai Sail baten jabe izanik bai Sailik gabeko izanik ere (García Herrera, 1983: 1022).

Aurrerago esandakotik Eusko Jaurlaritza hurrengoek eratzen dutela eratortzen da: Lehendakaria, Lehendakariordea/k hala badagokio, eta Sailburuek. Eta Lehendakariak izendapenarekiko dekretuak Lehendakariordeen jardun-esparru eta betekizunak ezarriko ditu.

Horrela bada, organo Betearazlea osatzen duten kideen artetik euren presentzia, estatutuaren aginduz, beharrezkoa dutenen artean bi sailkapen egin ditzakegu: Lehendakariarena eta Sailburuena.

Lehendakariaren izendatzea

Estatutuak, zehatzago 29tik 33ra arteko artikuluetan, jaurlaritza parlamentarioari buruzko sistemaren alde ekiten dio. Horrek hauxe dakar: Lehendakaria Eusko Legebiltzarrak bere bazkideen artetik inbestidura prozedura izenekoaren bitartez hautatua izatea. Beraz, Lehendakariak euskal legebiltzarkide izaera izatea eskatzen da, horretara, legebiltzar-izendatzea eta herri-hautaketa beregan izateari esker dagokion zilegitasun demokratikoa bermatzen baita (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 123).

Ikus dezagun, labur bada ere, zertan datzan Lehendakariaren inbestidura prozedura. Eusko Legebiltzarra berritzen denean eta legedian aurreikusitako beste gainerako kasuetan ere, erakunde horretako Lehendakariak Lehendakaria hautatzeko Legebiltzarrerako deia egiten du. Eskematikoki, inbestidura-prozeduraren jarduera desberdinak honako hauek dira:

  1. Legebiltzar-Talde desberdinek hautagai-saloak aurkeztuko dizkiote Legebiltzarreko Mahaiari.
  2. Hautagaiek, Legebiltzarrean, eratu nahi luketen Jaurlaritzaren egitasmoaren xede nagusiak agertuko dituzte.
  3. Gero, hau da, egitasmoen azalpenen ondoren, Legebiltzar-Talde bakoitzaren izeneko batek eskuhartuz eztabaidari hasiera emango zaio.
  4. Behin eztabaida bukatutakoan, boto emanketa egingo da. Lehendakaria izendatzeko lehen boto-emanketan Legebiltzarraren erabateko gehiengoa lortu dezana Lehendakari izendatua izango da eta hogeita lau ordu igaro ondoren izango den bigarren boto emanketan, emandako baliodun botoen artetik gehien atera dezana izendatuko da Lehendakari. Hori bai, Legebiltzarrari lehendakaria hautatzeko deia egin zaionetik 60 egunetako aldia igaro eta hautagairen batek ere aipatutako gehiengoa lortu ezean Legebiltzarra ezabatu egingo da.
  5. Eta behin Legebiltzarrak Lehendakaria hautatuz gero, Lehendakaria Erregeak izendatuko du. Egintza hori, Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 27ko 5/1987 erabakian adierazi zuen bezala, Nazioko Gobernuaren Presidenteak berretsia izango da. Geroago, Lehendakaria bera izango da Jaurlaritzako Sailburuak izendatuko dituena.

Lehendakariaren nagusitasun egoera

Aurreratu dugun bezala, Eusko Jaurlaritzako kide, ezinbestean, Lehendakaria eta berak izendatutako Sailburuak ditugu, lehendakariaren nagusitasun nabarmen bat dagoena argi eta garbi dagoena esan daitekeen arren. Baieztapen hori Konstituzioaren 152.1 artikuluaren arabera "Lehendakariari Gobernu Kontseiluaren artezkaritza, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren ordezkotza gorena eta Erkidego horren lurretango Erresumaren agizkoa ere dagozkio" adierazi izatetik eratortzen da. Eta, 7/1981 Legeak " lehendakaria mailarik goreneko egoera juridikoan ezartzen du, Kontseiluko gainerako kideengandik botere politiko sendo eta bereiziak aitortuz" (García Roca, 1985: 194). Horrela, Garcia Herreraren hitzetan, Sailburuengandik Lehendakaria urrutiratzen duen egitura bipolarra sustraitzen da (García Herrera, 1983: 1003).

Adierazitakoak Eusko Jaurlaritzan maila bi nabarmen bereizi daitezkeela baieztatzeko aukera ematen digu: bat Lehendakariak ordezkatutakoa, eta bestea Sailburuek ordezkatua. Eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren barruan lehenak duen nagusitasun hori dimentsio bikoitz batera hedatzen dela esan dezakegu, alegia:

Alde batetik, organoen arteko harreman esparruan. Hau da, Estatuarekin zein Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuekin mantentzen dituen harremanei buruzkoa.

Eta, bestalde, barne mailan edo gobernu arteko harremanen esparruan. Ikus ditzagun bai esparru baten bai bestean lehendakaritzaren lidergo horren erakusgarri zehatzak izate asmorik ez duten batzuk.

Horrela, organo arteko harremanen esparruari dagokionez, lehentasun egoera hori, adibidez, hurrengo arlo biotan gauzatzen da:

  1. Estatuko erakundeei dagokienez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren ordezkotza gorena du eta Erkidego horren lurretan Erresumaren agizko ordezkotza ere izanez.
  2. Eta Eusko Legebiltzarrari dagokionez, zuzeneko zilegitasun parlamentarioa duen Eusko Jaurlaritzako kide bakarra da. Eta hori, 7/1981 Legetik eratortzen denez, honetan gauzatzen da: Eusko Legebiltzarrak zuzenean hautatutako kide bakarra da; berak besterik ez du Legebiltzarra aurretiaz deuseztatzeko ahalmena; eta, Eusko Legebiltzarrari usteona azaldu diezaioke Gobernuan aldez aurretiko eztabaida izan ondoren.
    Eta, bere aldetik, gobernuen arteko harremanen esparruari dagokionez, Lehendakariaren nagusitasuna, 7/1981 Legearen irakurketatik eratortzen denez, besteak beste, hurrengoetan nabarmentzen da:
  3. Jaurlaritzaren norabide politikoari zein bere ekimen politiko zehatzari buruzkoan erakunde horren Lehendakaritza eta artezkaritza dagozkio.
  4. Sailburuak izendatzea eta kentzea dagokio, sailburuen artetik Jaurlaritzako Idazkaria izendatzea, eta hala badagokio, Lehen Lehendakariorde bat edo Lehendakariorde bat edo gehiago izendatu ditzake.
  5. Jaurlaritzaren batzarretarako deia egiten du, batzarrotako gai-zerrenda ezartzen du eta batzar-buru izan eta eztabaidak artezten ditu.
  6. Kanpoan edota eri gertatutako Jaurlaritzakideen ordezkatzea erabakitzen du.
  7. Eta bereak dituen eskumenetan Dekretu mailadun xedapenak eman ditzake. Horrela, adibidez, Lehendakariaren Dekretu bitartez Sailburuak izendatu edota kendu ditzake.

Lehendakariak nagusitasun egoera duena edozein zalantzatik at gelditzen dena argi dago eta Saiz Arnaizek adierazten duen bezala, lehentasunezko maila hori Jaurlaritzako Lehendakari bezala Sailburuekiko mailaz goragoko tokia izatean gauzatzen da (Saiz Arnaiz, 1995: 69).

Aurreratu dugun bezala, Sailburuak ere, beharrezko organoak dira, Lehendakariak behin izendatutakoan euren zerbitzu harremana Lehendakariak berak haren izendapena baliogabetzea erabakitakoan, tokia uztean, Legebiltzarraren usteona galtzean edo heriotzagatik amaituz.

Sailburuek izaera bikoitza dutena adierazi beharra dago: politikoa eta administratiboa. Izaera bikoitz hori Eusko Jaurlaritzak betekizun politikoa egiteaz gain, aldi berean, Jaurlaritzaren egitasmoa bete ahal izateko Administrazioa arteztuz administrazio betekizunak ere gauzatu behar izateari dagokion egitatetik eratortzen da.

Horrela bada, Sailburuek:

Alde batetik, organo kolegiatu diren heinean Jaurlaritzakide dira. Jite politiko horren arabera, Jaurlaritzari egotzitako betekizunak garatu, bere borondatea eratu eta erabakiak hartzerakoan irizkide izatea dagokie. Beste era batera esateko, Sailburuek gobernuaren norabide politikoarekiko zereginean parte hartzen dute, Jaurlaritzaren eztabaidetan eta berari hartzea dagozkion erabakietan partaide izanez.

Eta, beste alde batetik Sailburuei Sail jakin bateko buru izatetik datorkie administrazio-izaera edota ezaugarria. Esandako guzti horretan, gogoan izan bedi, 7/1981 Legearen 8 c) atalak Lehendakariari Sailen aginte-eremuen banaketarako edo Jaurlaritza-Sailak sortu, kendu, edota izena aldatzeko eskumena aitortzen diona. Horretara administrazioarekiko antolaketa Gobernuaren ildo politikoaren arabera egokitu dezake (García Herrera, 1985: 315).

Aipatutako eskumena, gaur egungo legegintzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 27ko Lehendakariaren Dekretuaren onarpenarekin gauzatzen da. Araudi horrek Jaurlaritza hamaika Sailetan eta Lehendakariordetza batean, Lehendakaritzaz gain, ataltzen du. Sailak honako hauek dira: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila; Herrizaingo Saila; Industria, Merkataritza eta Turismo Saila; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Osasun Saila;Kultura Saila; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila; Garraio eta Herri Lan Saila; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila. Beraz, nabarmen azaltzen da Lehendakaria dela, horrela, jaurlaritza-egituraketa guztia antzaldatu dezakeena.

Aipatutako 8/2005eko Dekretuko 5. Artikuluak Lehendakariordetzari, beste hainbaten artean, hurrengo jardun-arloak aitortzen dizkiola zehaztu beharra dago: Jaurlaritzaren Idazkaritza; Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste instituzioekiko harremanak eta komunikazioak; Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulazioa bultzatzea eta garatzea; Politika publikoen definizio, koordinazio eta exekuzioan euskal gobernantza publikoa diseinatu eta aplikatzea; edo, Autonomiaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jarduerak koordinatzea. Beraz, kargu erabat politikoa da, praktikan alderdi bereko Sail desberdinetako buru direnen arteko koordinazio-lanak egiteaz gain organo Betearazlean diren gainerako beste alderdiarekin harremanak ezartzen dituena.

Bere aldetik, 8/2005 Dekretuko 4. Artikuluak, hurrengo azaltzen diren jardun-arloak Lehendakaritzarenak zirena aintzat hartzen zuen: Jaurlaritzaren bozeramailetza; Jaurlaritzaren informazio eta komunikazio politika Komunikabideekiko; gizarte eta erakunde harremanak; Jaurlaritzaren politika Europako Gaiekiko, Mugaren bi aldeen arteko Lankidetza eta Eskualdeen arteko Lankidetzarekiko, Euskal Gizataldeekiko eta Euskal Etxeekiko; Euskadi kanpoan ordezkatu eta ezagutaraztea; Aukera berdintasuna genero arloan.

Sailburuek Sail jakin baten buru diren bitartean hurrengoak bezalako betekizunak egikaritzen dituzte:

  1. Buru direneko Saileko ordezkotza, artezpena, iharduna eta ikerpena.
  2. Sailaren egitura eta erakundetzaren saloa egitea, onarpena eman diezaion.
  3. Edo bere Sailari dagozkion gaiei buruzko Dekretuen saloak egitea.

Beraz, sailburuengan gobernu-organoa bere osotasunean aintzat hartuta bereizten duten zeregin politikoa eta administraziozkoa ematen dira (Lucas Murillo de la Cueva, 1992: 118). Jaurlaritzako kide bezala Sailburuei dagozkien eskumenen eta Sailburu bezala ematen zaizkienen arteko bereizketa egiterakoan 7/1981 Legeak bereak ere aipatzen dituen osagai bikoitza dira esparru bi horiek.