Kontzeptua

Euskarazko testuliburuak

Euskaldunei euskarazko irakaskuntza eskaintzeko lehenengo pisuzko saiakerak XX. mendearen hasierako hamarkadetan bideratu ziren. Bereziki II. Errepublikako garaian. Hor ezarri ziren gerora, mendearen amaiera aldera, finkatu ziren euskal eskola eta euskal curriculumerako lehenengo oinarri sendoak. Halere, 1936an piztu zen Gerra Zibilak, eta ondorengo hamarkadetan frankismoak eraman zuen politikak erabat zapuztu zituen, beste proiektu asko legez, euskarazko irakaskuntzarako saiakerak. Euskara espazio eta erabilera publikotik erabat desagerrarazi zuten, etxe-espazio eta esparru pribatuetan ezkutatuta geratuz.

Frankismo garaiaren azken aldera, ordea, euskararen berreskurapen publikoa abian ikusiko dugu, klandestinitatea egoeran hasiera batean, eta nolabaiteko onarpen egoeran sartuz ondoren. Isiltasunaren kultura batetik euskal identitatearen ezaugarrien errebindikazio publikora igaro zelarik, batik bat 60 hamarkadatik aurrera. Publikotasun mailan euskararen erabilera ezarri eta garatzeko asmotan burutu ziren ekintza eta proposamenak zirela eta, etapa interesgarrienetarikoa izan zen 70eko hamarkada. Berriz, 80koa aurreko hamarkadan zehar bultzatu ziren euskararen aldeko adierazpen sozialak bideratu, arautu, antolatu eta erakundetuz joan zireneko garaia dugu.

Frankismo garaiko lehen eskola legeek espresuki galarazi zuten euskararen erabilera (1945eko oinarrizko irakaskuntzarako legea, eta 1967ko testua). Legedia leundu zen, baina, 1970ko Lege Orokorraren ondoren eta, batez ere, 1975. urtetik aurrera. Bien bitartean, gerra aurreko euskal eskolen esperientziaren ildoari nolabaiteko jarraipena eman nahi zitzaiolarik, martxan jarri zen, klandestinitatean, haur euskaldunei zuzendutako oinarrizko euskarazko irakaskuntza. Lehenengo esparru murritzean, eta gero zabalagoan bi esperientzia nagusi sortu ziren: Donostian Elbira Zipitriaren inguruan sortu ziren Etxe-eskolak (1946-1969) bata, eta 1960tik aurrera garatzen hasi zen Ikastolen mugimendua bestea.

Oro har, esan dezakegu, klandestinitate (1943-1960) eta hedapen eta legeztatze fase (1960-1975) baten ondoren, eskolatze sare berri baten sorreraren aurrean gaude 1960-1975/78 urte bitartean, etorkizuneko euskal eskola publikoaren eraikuntzarako derrigorrezko erreferentzia izango dena, hain zuzen. Ondorengo urteak normalizazio juridikoa eta berdinketa publikoa eskuratzeko ahaleginen garaia izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean bederen.

Euskarazko testuliburuen argitalpenak, bere aldetik, eskolatzearen ibilbide bera egingo du. Frankismoaren lehenengo etapetan, euskarazko testuak argitaratzeko arazoak medio, gerra-aurretik argitaratutako testu eta irakurketa liburuetara jo beharko da bai etxe-eskoletan bai lehenengo urteetako ikastoletan. Testurik erabiliena I. Lopez Mendizabalen Xabiertxo izango da. Ondorengo urteetan, aldiz, irakaskuntza maila bakoitzari dagokion materiala egokia argitaratu ahal izango da.

Ikastola, sortu, alternatiba pedagogiko gisa sortu zen eta berarekin ekarri zuen material didaktiko berria sortu behar izatea. Testuinguru horretan bi kolektibo ditugu, denborarekin irakasleriarentzako derrigorrezko erreferentzia bihurtu zirenak: Gordailu, 1968-1969 ikasturtean Donostian sortu zena, eta Iker, 1972an Bilbon sortua. Ikasleek eta irakasleek erabil zezaketen material pedagogiko berria sortzea zuten helburu izaki, hainbat material sortu zuten, Gordailuren Ikastola liburutegia eta Ikerren Saioka, adibidez, eskoletan luzaroan iraun zuena.

Irakaskuntza eskaera berriekin bat zetorren material didaktikoa sorrarazi zuen Ikastolak. Baina, baita ere entziklopedien itzulpenak, eskolarako hiztegien ekoizpena, irakurketa liburuak eta haur literatura. Margo Ederdun Entziklopedia dugu horietako bat, Timum Mas argitaletxeak 1969an eta 1971 bitartean argitaratua, eskola ekintzaren elementu osagarria izaki, ikastola gehienetako liburutegietako parte izan zena.

Dudarik ez dago ekoizpen idatziari dagokionez, oro har, eta testuliburuei dagokienez, zehazki, garairik emankorrena XX. mendeko azken hamarkadena izan dela. Kuantitatiboki bistan geratzen den fenomenoa da. 1978ko Konstituzioarekin bideraturiko aldaketa politiko berriak eta ikastolarekin sorturiko eskolatze prozesuaren finkatzeak euskara gero eta leku gehiago hartzen joan deneko eskola sarea ezartzea ekarri du, eta honek, aldi berean, euskarazko testuliburugintzaren areagotzea. 1975. urtetik aurrera eta, batez ere, 1982ko euskararen normalkuntzarako legearen ondoren, legea eskola eremura aplikatzeak sortarazi dituen behar berriek euskarazko testuliburuen eskaera iraunkorra ekarri du. Prozesuaren helmugan egongo da euskal curriculuma sortzea.

Izan ere, legeak ezarri duen marko berriaren testuinguruan eskola sistema osoan hizkuntza mailaren araberako hezkuntza eredua (A, B, D) ezarri da eta Autonomia Erkidegoko eta Foru Erkidegoko eskola mapak lege berriak ezarritakora egokitu dira, euskaraz eta gazteleraz idatzitako testuliburuen erabilera berria ekarriz.

Euskarazko testuliburuen ugaltzea hain izan da nabarmena, ezen azken berrogeita hamar urte hauetako euskal liburugintzaren portzentajerik altuenak bereganatu baititu. J.M. Torrealdaik (2011) eskaintzen dizkigun datuen arabera, hezkuntza eta irakaskuntzari loturiko ekoizpenak 70eko hamarkadan hasi zuen nagusitasunari heldu dio, bere lehen posizioa finkatuz jada 2009an (osoaren %32a bereganatzen du) euskal liburugintzaren barruan.

Indartuz doan hizkuntzaren normalizazioaren adierazle da, halaber, testuliburuek izan duten garapen maila. Oro har, esan daiteke beste hizkuntzetan argitaratzen diren testuen ezaugarri bertsuak dituztela euskarazkoek, bai edukietan bai forma, euskarri eta osagarrien mailan. Testuliburuek osagarri gisa izango dituzte irakurketa koadernoak, ariketa koadernoak eta irakasleei zuzenduriko gidak. Azken hamarkadetan, berriz, areagotu egin dira euskarri desberdinetan (ikus-entzunezkoak, software didaktikoak, etab,) egindako eskola materialak, testu idatzia ordezkatu baino honen osagarri gisa erabiliko direnak.

Antzekotasunak antzekotasun, ordea, alderdi materialean gazteleraz argitaratzen direnen antzekoak izango badira ere, ezberdintasunik egon izango da, euskal curriculuma ulertzeko modua dela eta, argitaletxe desberdinen argitalpen proiektuen mailan. Edukietan eta gaien inguruan egingo diren tratamenduan, lurraldetasunaz, hizkuntzaz, kulturaz, historiaz, kontzepzio desberdinak agerian geratuko dira hemendik aurrera euskarazko testuliburuetan.