Kontzeptua

Euskarazko testuliburuak

Herritarren irakurketa joerak aurreko mendeetako ildotik bazihoazen ere, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan idazketarako joerak aldatzen hasiak ziren, eta kultura idatziaren ekoizpena zabaltzen hasia apurka. Ekoizpena kuantitatiboki areagotu zelarik, eduki mailako dibertsifikazioa nabarmentzen hasi zen, formazio erlijiosora zuzenduriko lanek izan zuten nagusitasuna desagertuz, nahiz eta idatzi zen guztiaren oinarria funtsean katolikoa izan oso (Eizagirre, 2007). Literatur lanen ugaltze eta dibertsifikazioaz gain, epealdia azpimarragarria da, nagusiki, hegoaldean sortu ziren, eta nolabaiteko sendotasuna eduki zuten, kultur talde ugariengatik eta, gehienetan haiei lotuta argitaratu ziren aldizkariengatik.

Epe honetan Eusko-Ikaskuntzak (1918), bere kongresuen bitartez, euskal kultura eta hizkuntzaren normalkuntza helburu nagusitzat zuten intelektualak bildu zituen Espainiako Gerra Zibila heldu bitartean. Bere irakaskuntza batzordeak aurreko mendearen amaierarako jada jeltzaleek plazaratu zituzten euskarazko irakaskuntzaren aldeko errebindikazioen berrindartzea ekarri zuen, euskal eskola errebindikatuz eta euskarazko testuliburuen argitalpena sustatuz.

Errebindikazioak ez ezik, euskarazko irakaskuntzako lehenengo esperientzia iraunkorrak eman ziren. Aintzindarietako bat Muñoa jauna dugu, 1914. urtean ireki zuen "Koruko Andra Mariaren Ikastetxea"-rekin, mugak gaindituz, irakaskuntza osoa euskaraz izatera iritsi baitzen. Bidea irekita, 20ko hamarkadatik aurrera, batez ere, euskarazko irakaskuntza bultzatu zuten eskolak abian jarri ziren, zela Muñoaren adibideari jarraituz, zela Bizkaiko eta Gipuzkoazko diputazioek bultzaturiko auzo eskolen bitartez, zela Eusko Alderdi Jeltzalearen eremu abertzaleko euskaltzaleek eta elkarteek Bigarren Errepublika garaian martxan jarri zituzten euskal eskolen bitartez. Eta, euskararen erabilera sustatu nahi zuten eskola esperientzia horiekin erabat lotuta eman zen euskarazko testuliburuen garapena. Euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten laguntzeko liburu eta kartilak, irakurketa liburuak, ipuinak, geografia edota aritmetika irakasteko testuak, etab. argitaratu ziren, oraingoan Eusko Ikaskuntzak gauzatutako hizkuntzaren berreskurapen kulturalerako politikaren barruan.

Hasitako bide zaharrei jarraituz, euskara ikasteko gramatika eta hiztegiak -nahiz eta gehienak eskoletarako baino helduei begira idatziak egon-, eta euskarazko irakaskuntzari begira, bestalde, silabarioak eta eskola kartilak argitaratzen jarraitu zuten. Goikoez gain, aipa dezagun Umearen Laguna, irakurtzen ikasteko biderik errezena, Lopez Mendizabalek 1920an argitaratua. Liburu horren laburpen gisa argitaratu zen 1931ean Martin Txilibitu. Irakurbide laburra, eta Eusko Ikaskuntzak sustatuta, halaber, Txomiñ-Ikasle eta Sabin euskalduna, Bernardo Estornesena.

Pixkanaka bada ere, euskara irakaskuntza-gai ugariagotara zabaltzen hasi zen, aritmetika eta zientziaren alorreko testuak argitaratuz, adibidez: euskal eskoletan irakasteko I. Lopez Mendizabalek idatzi zuen Ume koxkorrentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmetica; Luis Eleizaldek 1920an idatzitako Lenengo ikasle malarako Euskal-Zebakiztia, edo Zabala Arana jaunak argitaratutako bi testuak -Euskerazko zenbakera (1929), eta Zenbakiztija (1932)-. Geografia eta historia eremuetan ere saiakera bat edo beste egin zen, R.M. Azkueren Erkindea-Geografia (ume txikientzat, 1900), Zabala-Aranak 1922an argitaratu zuen Euzko-lutelesti Txikia, eta Pirmin Iturrioz apaiz-maisuak idatzitako Lutelestia. Iru maietan (1932), kasu.

Baina, irakurketa liburua izan zen eskola testuen artean gehien landu zen generoa. Besteren artean, aipatu behar ditugu: R.M. Azkueren Lenengo irakurgaia Bein ta betiko (1893), J.M. Lertxundiren Polli eta Pello (1910), eta Gauzen ikuskizunak umientzako (1925); Evaristo Bustinzaren Abarrak (1918), B. Garitaonaindiak argitaratu zuen Ipuin laburrak umetxoentzat (1922), edota Vicente de Aizkibelen Ipuin Aberkoyak -planteamendu nazionalistak argi eta garbi azaltzen dituenak-. Errepublika garaiko euskal eskolek eskura izan zuten, halaber, Julene Azpeitiak 1932an idatzi zituen Irakurri maite eta Osasuna, merketza ta yanaritzaz, eta, aholkuen literaturaren barruan, Gipuzkoako Diputazioak Nekazaritzako irakuraldiak 1933an, mendialdeko ikastolentzako egina.

Material didaktiko eskasia arindu zuten liburu hauek eta, bestalde, jeltzaleen ideologiarekin bat zetorren Euskal Herriaren ikuspegia emateko aukera ere eskaini zuten. Hala, esango dugu, beraien bitartez nazionalismoaren unibertso ideologikoa osatzen zuten erizpideak -erlijiotasuna, nazio identitatea, tradizioak, euskararen defentsa, etab.- sendotuz joan ziren eskolaren testuinguruan. Orain bai, unibertso nazionalista osoa ongien jaso zuen testulibururik zabalduena Lopez-Mendizabalen Xabiertxo. Umeei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia izan zen, 1923an Euskalerriaren Alde elkarteak saritua eta 1925ean Eusko Ikaskuntzaren laguntzari esker argitaratu zena.

Euskara zein euskarazko irakaskuntzari begira argitaraturiko liburu eta kartilen ugaltzea nabarmena izan zen mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, lehen esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren kultur berreskurapen politikaren barruan argitaratu ziren lanen ildotik. Hor, nabarmen ageri den izena I. Lopez Mendizabalena da, berak eta bere inprimategiak esparru didaktikoa egin zuten lana erabat esanguratsua izan baitzen ondorengo urteetan garatu zen euskarazko irakaskuntzarako, jada abertzaletasun jelkidearen inguruan finkatu zen testuinguru ideologikoaren barruan.