Kontzeptua

Euskararekiko jarrerak foru garaian

"Besteak", ezberdinak, pentsatzen ez dutenak, hitz egiten ez dutenak edo "gure" moduan jarduten ez duten haiek kulturalki hautemateko jolasa aurreiritziz beteta dago, leku arruntez beteta, eta gaitzespenetik harriduraraino doazen jarrerez hornitzen da. Tartean iseka eta gutxiespena, eta arras gutxiagotan harridurazko sentsazio neutro edo positiboak, mirespena edo irrika.

Gehiegitan, ordea, iritzien, egiaren asmoz emandako informazioen eta ustez kritiko diren azterketen atzean interesak (pertsonalak nahiz kolektiboak) eta joera ideologikoak gordetzen dira. Gainerakoan, norbere kulturaren gorespena, gainerakoen gainetik jarri nahia ageri da. Gorespen edo gogo horretan balioen gutxi gorabeherako defentsa esplizitua azaltzen da eta, batez ere, elementu sozial eta ekonomikoen edota instituzionalen defentsa. Euskarari dagokionez, mendeetan zehar, bidaiari, geografo, hizkuntzalari edo politikari atzerritar gehienek harekiko emandako iritzietan inguruan zituzten hizkuntzekin alderatuz arras ezberdina zen hizkuntza batekiko ulertezintasuna eta harridura agertu ohi da. Literaturan gutxi landu zena, menpeko klaseekin lotzen zena eta, azken batean, landa-ingurunearekin identifikatzen zena. Horri aurre egin asmoz, intelektual euskaldunez osatutako multzo handi samar batek guztiz aurkako ikuspegia sustatu zuen. Euskara hizkuntza noblea izango litzateke, herri noble bati zegokiona, gogoa bera baino zaharragoa, Babel deskonposatzean sortu ziren hizkuntzetako bat izateraino. Noek eta haren ondorengoek ekialdeko Iberian mintzatzen zutena, Arkak hondoa jo ostean Kaukasoko mendietara iritsi zena eta, bereziki, familia hartuta mendebaldeko Iberia populatzera etorri zen Tubalek hitz egiten zuena, altzoan zibilizazioaren bi harribitxi zituelarik: euskara eta monoteismoa.