Kontzeptua

Euskararekiko jarrerak foru garaian

Egile euskaldunek nortasunaren irudikaria taxutzeko orduan, garaiko pentsamoldearekin bat zetozen gai konplexu batzuetara jo zuten: euskal lurretako biztanleen izaera autoktonoa, lehenengotzat eta jatorrizkotzat jotzen baitziren (Tubal iritsi zenetik behinik behin), berdinzaletasunean oinarritutako kaparetasun unibertsala, jatorrian ezaguna zen eta mendeetan zehar besterendutako lurraldean kokatzen den noblezia, lurralde horiekin lotzen diren deiturak, kanpo harremanik izan gabe garatu ziren leinu horien kutsadurarik eza eta purutasuna, zanpatu izan ez denaren independentzia sekularra eta bakuntasun politikoa, ondorioz, bi mito eraikitzea eragin zuena: kantabrismoa (Kantabria eta Baskonia erromatarren aurkako erresistentziaren azken gotorleku gisa hartzen dituena) eta euskal-iberismoa (Baskonia eta Iberiaren hasierako identifikazioa, euskaldunak lehenengo eta jatorrizko espainiar jotzen dituena)... eta, hori guztiori, hizkuntza bitxi batekin frogatzen da batez ere. XVI. mendeko bigarren erdialdeko egileek gai guzti horiek aintzat hartu zituzten. Egile horiek laikoak ziren gehienak, bereziki eta besteak beste, Esteban de Garibay (1525-1599), Juan Martinez de Zaldibia (?-1575), Andres de Poza (1547-1595), Baltasar de Echave (1548-1623) eta Lope Martinez de Isasti (1565-?). Dena den, Manuel Larramendi jesuitak XVIII. mendearen erdialdera idatzitako testu bat hartuko dut, ideologia konplexu hori modu sintetikoan laburbiltzen duena:

"La nación de los vascongados, y particularmente la de Guipúzcoa, ha tenido el ser mirada y atendida de Dios con especial cuidado entre todas las de España, y pudiera decir del mundo todo. Esta nacioncita siempre ha estado en este ángulo septentrional, jamás se ha confundido ni mezclado con ninguna de las naciones que vinieron de fuera, ni de moros, ni de godos, alanos, silingios, ni de romanos, ni de griegos, ni de cartagineses, ni de fenicios, ni de otras gentes. Y la demostración de esta verdad es el vascuence, lengua que evidentemente nos distingue de esas otras naciones. Sabe Guipúzcoa que la sangre de los suyos no tiene que ver con las de estas naciones, y que a ninguna de ellas tiene que recurrir en busca de su principio, de su alcurnia y de su genealogía. Sabe que por ninguna de ellas está interrumpida su línea y ascendencia. Y asegurada de estas negativas y exclusivas, sabe en fin positivamente que viene, en derechura y sin cortaduras, de la familia de los hijos de Túbal que poblaron a España: cuya sangre nobilísima y limpísima ha mantenido en tantos siglos, a pesar de las bárbaras naciones que inundaron el resto de España" 1.

Eta horren guztiorren atzean, euskal lurralde ezberdinak Frantzia eta Espainiako monarkien egituran barneratzeko sistema bitxiaren defentsa gordetzen zen: foru-sistema. Aipatutako teorialari horiez gain, euskal legelari eta historialari multzo bat Foruak hiru zutabetan sostengatzen ahalegindu zen: antzina-antzinako independentzia, berariazko edo borondatezko entrega eta itunen aldeko joera. Hau da, lurraldea independentea izango zatekeen beti, une jakin batean monarkiarekin hitzarmena egingo zukeen berariaz monarkian barneratzeko, baina ustez monarkiaren aurrekoa zen Forua mantentzeko baldintzapean; modu horretan, Erregeak Forua zinpetu eta bete beharko zuen derrigorrean eta haren agintea mugatua izango litzateke. Horrek guztiorrek ondorio oso larriak zituen, debekuetan oinarritutako sistema juridiko eta administratiboak ekarriko zituena. Sistema horietan barneratzen ziren, besteak beste, fiskaltasuna edota antolaketa militarra. Eta atzean, horren noble, berdin eta bestelakoak ziren euskal taldeen eskubideak berresteko asmoz, teorialari apologistek euskal hizkuntza arras zahar eta bereziaren argumentua aurkezten zuten, froga modura.

Pentsa daitekeen moduan atzerritarren ikuspuntua oso bestelakoa zen. Juan de Marianak (1536-1623) erabat ukatzen zuen euskara antzina Iberia osoan hitz egiten zenik, eta euskara hizkuntza baldar eta basatia baino ez zela esaten zuen, hizkuntza bezain basatiak eta ankerrak ziren hizkuntza horren hiztunak. 1620 eta 1630eko hamarkadetan identifikazio horrekin lotuta tentsioak sortu eta 1640an ondorengotzarekin lotutako tentsioak lehertu ziren; horren ondorioz, euskal hizkuntzaren inguruan sortutako polemikak gora egin zuen nabarmen. 1620 inguruan Pedro Fernandez de Castrok, Lemoseko Kondeak, inprimatu ez zen baina eskuizkribu modura batetik bestera ibili zen testu bat idatzi zuen: El Búho gallego. Bertan garai hartan euskarari eta euskaldunei erants zekiokeen jatorri gutxiesgarriena ematen zen: juduta. Ildo bera jarraitzen zuen 1624ko beste testu anonimo batek. Testu hori ere, 1876an Castellanos y vascongados izenburupean argitaratu zen arte, batetik bestera ibili zen eskuizkribu modura. Potosin (Bolivia) euskaldun eta gaztelarren artean lehiatu zen "Los Vicuñas" izendatutako gerraren testuinguruan kokatu behar da haren argitalpena. Teoria horiek izan zuten erantzun euskalduna (El Tordo Vizcaíno, 1638 inguruan). Bertan erabat ukatzen zen horren jatorri prestueza eta euskararen purutasuna eta arrazaren eta hizkuntzaren antzinatasuna babesten zen.

1LARRAMENDI, Manuel de, Corografía o descripción general de la M. N. Y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de ediciones, 1969, 144 orr.