Zinekoak

Euskal pilota, larrua harriaren kontra

Julio Medemen seigarren film luzea. Medemek berak eta Koldo Zuazuak produzitu zuten obra, Alicia Produce-rentzat, 2003an. Euskal zuzendariaren proiektu pertsonal bat da.

2001eko maiatzeko euskal hauteskundeetan espainiar nazionalismoak euskal abertzaletasunaren aurka abiatutako lintxamendu-kanpaina du jatorria. Medemek izututa ikusi zuen hori Madrildik, eta dokumental bat egitea erabaki zuen euskal gatazkaz. La pelota vasca, la piel contra la piedra-Euskal pilota, larrua harriaren kontra ipini zion izentzat. Proiektuak honako fase hauek izan zituen: 70 elkarrizketako film luze bat, zinema-aretoetarako; 55na minutuko hiru kapituluko sail bat, 80 elkarrizketa baino gehiagorekin, telebistetarako; 5 orduko DVD bikoitza, ehun elkarrizketa baino gehiagorekin; elkarrizketa guztiak biltzen dituen liburu bat, eta, azkenik, web orri bat, elkarrizketatuen parte-hartzeekin eta eztabaida-foro batekin. Dokumentalaren ondoren, beste bat egiteko asmoa zen, titulu honekin: Aitor, la piel contra la piedra-Aitor, larrua harriaren kontra. Bi filmak senideak izango ziren, abizen bera edukiko zuten: Larrua harriaren kontra. Medemek euskal espektro sozial eta politikoko esparru eta ideia guztietako pertsonak elkarrizketatu nahi izan zituen, elkarrizketa moduko zerbait antzeratzeko, baina asmoak ez zuen aurrera egin. Ez ETAren buruzagitzak, ez PPk, ez zuten parte hartu nahi izan. Justu Donostiako Zinemaldian estreinatu aurretik, dokumentalak sekulako eraso-kanpaina jasan zuen PPren eta espainiar nazionalismo erradikalenaren aldetik.

Hain zuzen ere, antzeko kanpaina batek bultzatu izan zuen Medem filma egitera. Indarkeria zuritzea egotzi zioten dokumentalari, eta, zinismo erakustaldi ikaragarrian -gogorarazi behar da PPk uko egin ziola filmean bere iritzia agertzeari-, salatu zuten Medemek protagonismo handiagoa eman ziola euskal abertzaletasunari espainiar konstituzionalismoari baino. Donostiako Udaleko PPren eledunak eskatu zion, gainera, Donostiako alkateari dei zezala Zinemaldiaren Kontseilua, dokumentala erakustearen komenigarritasuna aztertzeko. Espainiako Kultura Ministroak berak ere, nahiz eta aitortu ez zuela ikusi dokumentala, sekulakoak esan zituen Medemen obraren aurka, eta harriturik agertu zen Zinemaldiak hura erakusteko asmoari eutsi ziolako. Adierazpen askatasuna garaile atera zen, eta erakutsi zuten La pelota vasca Zinemaldian. Ikusleek eta kritikariek erabateko sostengua agertu zioten. Izan ere, Medemek dokumental tragiko eta ederra lortu zuen. Estreinatu zenetik, kulturako eta zinemagintzako nahitaezko erreferentzia bihurtu zen. Alde artistikotik aztertuta, aipagarria da zinemagilearen iaiotasuna. Sekulako talentuz nahasten ditu elkarrizketak eta beste elementu batzuk: euskal bazterren irudiak, Euskal Herriari buruzko beste film batzuetako planoak - Orson Welles-en Around the World with Orson Welles filmakoak, adibidez- eta artxiboko irudiak. Elkarren aurkako iritziek halako itolarri eta etsipen moduko bat sortzen dute, nolabait. Sentipen hori maiz gertatzen da euskal zinema modernoan. Aipatzekoa da, halaber, kamerak jasotako irudien lirismoa eta transzendentzia. Sentiberatasun handiz erakusten dira euskal bazterrak eta ohiturak. Horregatik, obra hunkigarria eta ederra da benetan. Ohiko gauza, Julio Medemen zineman.

  • Angulo, Jesús; Rebordinos, José Luís: Contra la certeza. El cine de Julio Medem, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Festival de Cine de Huesca, 2005, 322 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.