Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

Literatura sisteman narratiba gailentzen zen neurrian, poesiaren eremua urritzen joan zen urte horietan. Merkatura -eta eskolara- begira ziren argitaletxeek urritu egin zuten poesiaren argitalpena, beti bezala poesiaren alde lan eginez jarraitu zuen Susa argitaletxearen salbuespenarekin, noski. Hamarkada Juan Mari Lekuonaren Mimodramak eta ikonoak (1991) liburu miresgarriarekin hasi bazen (urte bi lehenago argitaratu zuen Koldo Izagirrek bere Balizko erroten erresuma) ikuspegi orokor batean emango luke poesiaren alorra ahuldu egin dela. Kritika eta azterketa gutxiago du, salmenta urriagoa, argitalpen eskasagoa, egileak ere gutxitu egin ziren 90. hamarkadan 80koarekin konparatuz.

Argitalpena gutxitu bada ere, lehiaketa literarioek eta poesiaren taularatzeak, poesiaren eta musikaren arteko anaitasun garbiak mantendu dute poesiaren sua bizirik. Dena dela, ez da poesiaren ahuleziaz hitz egiten duen topikoa era batean eta guztiz sinistu behar. Gutxi argitaratzen denez, argitaratzeko irizpideak zorroztu egin dira eta neurri horretan liburuen indarra mantendu egin da. Baldintza sozioekonomiko eta irakurleriaren ohituren ondotik, euskal poesiak oso aro ona ezagutu zuen 90. hamarkadan. Eta gainera postmodernitatearen ezaugarri nagusiak eta bere kezka sozialak oso forma sakonean eman dira euskal poesian.

Rikardo Arregik (1958), poeta gasteiztarrak joera klasiko zalea landu du bere liburu bietan: Hari hauskorrak (1993) eta Kartografia (1998). Bizitzaren kartografia zehatza eskaintzen du bere lan poetikoan, eta berea da agian euskal literaturan hamarkada horretan idatzi den poemarik hunkigarrienetariko bat: "66 lerro hiri situatuan", Sarajevoren hesiaz egin den elegiarik sarkorrena. Miren Agur Meaberen (1962) poesiak egunerokotasuna eta hizkuntza berria lotu nahi ditu bere Azalaren kodea (2000) liburuan. Gorputzaren hizkuntza sortu nahi duelarik, bere poesiak era argi batean tratatu du ametsen mundu onirikoa eta egunerokotasunaren arruntasuna. Juanjo Olasagarrek (1963) komunitatearen aldaketa hartu du gaitzat bere poesia liburuetan: Bizi puskak (1996), Puskak biziz (2000). Autobiografiarekin loturiko lana da berea, eta denborak nola hautsi dituen komunitate txikiko gizakiak hartzen du gai nagusitzat, nola astindu dituen, nola haizeratu, nola identitate jakina zutenak identitate ugarien bukatu duten aztertu nahi du bere poesiaren bidez. Harkaitz Canoren (1975) poesiak surrealismoaren eragina mantendu zuen bere lehen liburuan: Kea lainopean bezala (1994).

Poesia saltzen ez zela eta irakurtzen ez zelako ustea Kirmen Uribek (1970) puskatu zuen bere Bitartean heldu eskutik (2001) liburuarekin. Oso denbora laburrean 5.000 ale saldu zituen eta laster argitaratu zen liburua atzerriko hizkuntzetan: gazteleraz, frantsesez eta ingelesez Estatu Batuetan. Poesia irakurgarria egin du, guztiz pentsatua, sinplea dirudiena baina irakurlearengan eragin zuzena duena. Bera da, orain arte, euskal poesiaren azken mugarria.