Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

Hamarkada horretako bigarren ezaugarri gisa aipatu dugu postmodernitatearen agerpena. Postmodernitatea gure artean noiz hasi zen zehazteko iritziak oraindik bateraturik ez badaude ere, ez da zalantzarik aldez aurretik aipaturiko zenbait obratan bazela mugimendu estetiko horren adibiderik. Adibidez, Obabakoak lanean, edo beste batzuen ustean lehenago ere bai (100 metro nobela ere aipatu izan da).

Orain arte ikusitako nobeletan baziren postmodernitatearen estetikaren zenbait ezaugarri: iraultzaren indarrarekiko ilusioa galtzea (Gizona bere bakardadean), metanarratibaren zantzuak (Argizariaren egunak), fikzioaren eta errealitatearen arteko nahasketa (Hamaika pauso), generoen hibridazioa (Zeru horiek, Hamaika pauso), konstruktibismoa, egiarekiko zalantza (Hamaika pauso, Bihotz bi. Gerrako kronikak). Dena dela, susmoa dut Ramon Saizarbitoriaren lanean ironiak duen garrantzia alde batera utziz gero, modernitateak asko agintzen duela Bernardo Atxagaren narratiban, Historia eraiki nahi duen neurrian, zein Anjel Lertxundiren nobelan, bere pisu morala eta sublimea garbi geratzen delarik.

Euskal literaturarenn alorrean bada iritzi nahiko zabaldu bat adierazten duena garai hauetako lan guztiak ez direla postmodernoak, nahiz eta garaia ala izan. Eta zuzena deritzat iritzi horri. Hain zuzen ere badira narrazio lanak erabat postmodernoak direnak, eta beste batzuk modernitatearen utopien agerpena egiten dutenak. Generoaren garapenetik hurbil da Alberdania argitaletxearen sorrera 1993. urtean. Ipuin liburu batekin eman zion -hamar urte lehenago Elkarrek bezala- bere literatura sailari hasiera, baina Ipuin antologia bat izan zen bigarrena.

Postmodernitatearen estetika zabalago agertu zen 90. hamarkadako ipuingintzan. Genero horretan egin ziren beste edozeinetan baino sakonago postmodernitatearen joera nagusiak. Batez ere hiru ezaugarri nagusi agertu zituen ipuingintzak postmodernitatearekin agerbide sendoan lotuko zutenak: arreta irakurlearengan jartzea, narrazio arinak eskaintzea, eta indibidualismoaren nagusitasuna, matazak pertsonaien harremanetan gertatzen direla batik bat.

Ipuinlarien artean aipatu beharrekoak dira Mikel Hernandez Abaituaren (1959) Bazko arrautzak (1993), Pello Lizarralderen (1956) Sargori (1994), 80.eko hamarkadan nobelagile gisa ezaguna egin zen Pako Aristiren (1963) Autoestopeko ipuinak (1994), aurretiaz aipatu dugun Piztiaren izena (1995) Anjel Lertxundirena; Arantxa Iturberen (1964) Lehenago zen berandu (1995), Xabier Montoiaren (1955) Gasteizko hondartzak (1997), Harkaitz Canoren (1975) Telefono Kaiolatua (1997), Javier Cillero (1961) egile extraterritorialaren Hollywood eta biok (1999), eta 2001. urtean Iban Zalduaren (1966) fikzioaren aldeko apustua Traizioak liburuan.

Agian haien artean, eta irakurraldi arina eginez, -1963-1964. urteetan jaiotako idazleen agerpenarekin batera, eta datua esanguratsua da, urte biotan euskal idazleen, gaur arte zergatik gertatu ote zen ez dakigun arren, baby boom handia gertatu zelako- honelako ezaugarriak agertzen dira: estetiken ugaritasuna, fikzioarekin jolasteko gogoa, ironia, azalean geratzeko gogoa, sakontasunik eza, kultura jantzia eta kultura popularra lotzeko ahalegina, mass medien agerpena, bai zinemaren bidez, bai musikaren alorra aldarrikatuz. Joera extraterritoriala ere aipatzekoa da. Badira -izan ziren neurri berean- Euskal Herritik kanpo euskaraz idazten duten idazleak, Javi Cilleroren moduan, Estatu batuetan bizi eta idatzi eta hemen argitaratzen dutenak.