Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

1992. urterako Europako ekonomiak krisialdian sartuak ziren. Espainian atzeratu egin zen, Alderdi Sozialistak sortu zituen ekintza nagusiei esker: Bartzelonako Olinpiadek (1992) eta Sevillako Mundu arteko Erakusketak ezkutatu egin zuten laster eztanda egin zuen krisialdi ekonomikoa.

Euskal Herrian krisiak beste erantzun batzuk izan zituen: ontziola nagusiak desegin egin ziren eta, neurri berean, industria nagusien pisua jaisten joan zen, industria ahaztu gabe zerbitzuak eta turismoa ere kontuan izango zuen ekonomia indartzen zelarik. Ez da ahaztu behar, dena dela, euskal ekonomiaren zenbait alor pisutsuk oraindik bizirik zirautela, hala nola banketxeak; Bizkaia eta Bilbao Bankuak 1988. urtean batu ziren. Iberdrolak bere indarra erakusten jarraitu zuen, 1992. urtean sortu zelarik, elektrika desberdinak batuz. Krisi ekonomikoak bere indarra erakusten zuen unean agertu ziren, neurri berean, etorkizunari aurre egiteko modu desberdinak.

Kultura arloan, Bilbon Guggenheim Bilbao Museoa eraikitzeko asmoak 1991. urtean hasi ziren eta 1992. urtean Frank Gehry arkitektoa eta Museoa eraikitzeko lurrak erabaki ziren.

Une hartan, erabakiak ikaragarrizko eztabaidak sortu zituen eta erabili izan zen argumentu batek euskal kultura laguntzarik gabe (diru-laguntzarik gabe) geratuko zela esan zuen. Ez zen horrelakorik gertatu eta Museoak Bilbo munduko mapan jarri du.

Museoak ondorio bi izan ditu euskal kulturan: alde batetik, elkarrizketa anitz jarri ditu martxan arte munduan, eta, beste alde batetik, postmodernitate arkitektonikoaren agerpenaren enblema bihurtu zen. Agian, arte postmoderno baten ikono nagusia izan genuen begi aurrean. Eztabaida guztien ondoren, euskal kultura kolonizatzera zetorren erakundea zela Guggenheim ahaztu gabe, euskal kulturaren amerikanizazioa gertatzen zela, Guggenheim Museoak Euskal Herrian egiten den kulturaren eraberritzea ekarri du. Une horretan jarraipena/haustura eztabaida politiko nagusia bazen, ordutik aurrera beste batzuk izango ziren kulturaren erronkak: kanpoaldetiko begirada edo barne identitatearen defentsa.

Kontuan hartu behar da 1980. hamarkada "berunezko" aroa izan zela, euskal gizartean ETAk eta ETAren aurkako taldeek sortu zuten borroka gupidagabearengatik. Museoa gizarte eta kultura egoera ikusteko beste modu baten sinbolo bihurtu zen, eta, azken paradoxa gisa, egin zuen arkitektoari atsegina egin ez zitzaion gizartearen irudia sortu arte.

Gugenheim Bilbao Museoak postmodernitatea begien aurrean jarri zuen, eta euskal literaturan beste gertaera batzuk eman zioten indarra euskaraz egindako sorkuntza literarioari.

Gertaera bi izango ditugu kontutan: nobelaren aro nagusia eta postmodernitatearen agerpena. Iñaki Aldekoak (2004, 259-269) ikusi duenez, 1993-1995 urteen bitartean hiru nobela nagusi argitaratu ziren euskal literaturan.

1991. urtean hitzaldi sonatu batean bere estetikari aldaketa nagusia eman ondoren, Bernardo Atxagak Gizona bere bakardadean argitaratu zuen. Donostiako Udako Ikastaroetan emandako hitzaldian egileak Obabakoak lanean aukeraturiko estetika sinbolista eta fantastikoa alde batera utziko zuela agertu zuen. Bide estetiko berriaren agerbideak bi izango ziren, alde batetik, errealismorako bidaia eta beste alde batetik, irakurtzeko errazagoa izango zen testu baten aldeko apustua. Errealismora egindako bidaia horretan, gazteentzako idatzitako Behi euskaldun baten memoria (1991) aurrekaria izan zen. Baina lan horretan gertatzen ez zen bezala, Gizona bere bakardadean lana Euskal herriko azken historia jasotzeko eta interpretatzeko ahalegin nagusia dugu. Bernardo Atxagak gure herrian, bere herrian, gertatzen ari denaren irakurketa sinbolikoa egin nahi du eta neurri batean, bere nobela historiaren kontaketa sinbolikoa bihurtuko da. Gorago aipatu dugu 80ko hamarkada gure "berunezko aroa" izan genuela, eta gizarteak sufritu zuen guztiaren erroetara joateko ahalegin estetikoa egin zuen Bernardo Atxagak. Terrorismoaren gaia tratatzeko ahalegin sendoa egin zuen Asteasuko idazleak bere trilogia osatu arte. Aipatzen dugun nobelarekin batera hona ekarri beharko genituzke Zeru horiek (1995) eta gure muga kronologikotik kanpo geratzen den Soinujolearen semea (2003). Hiruretan Euskal Herriak azken urteotan ibili izan duen bidea agertu nahi izan du Atxagak. Fabulatik Historiara doan bidean ez du izan gustuko errealismo hitza aipatzea, nahigo baitu "gaurkotasunaz" hitz egin. Desberdinak dira planteamenduz Gizona bere bakardadean eta Zeru horiek. Lehenak, genero poliziakotik hurbil egonik, Espainiako Futbol Mundu Txapelketa du denbora muga gisa. Gaurkotasuna lortzeko asmoz, errealitatea eta fikzioa nahasten ditu egileak. Bartzelonako hotel batean bizi dira Euskal Herritik joandako eta ETAkoak izandako pertsonaia talde bat. Haien artean Carlos, okina, eta taldea guztiz ahaztu ez duena. Hotelera datozen beste militante batzuk gordeko ditu, ahalik eta polizia gerturatzen den arte, eta nobelak tragedia kutsuarekin bukatu arte. Hari sinboliko asko bildu ditu egileak nobela horretan. Ageriko batzuk aipatzeko: gure euskal gizartean gertatzen den afektibitatearen eta ideologiaren arteko borroka, bakartasunaren indarra eta tragedia, gizartea alde batera utziz gero, materialismoaren garrantzia; mugimendu iraultzaileekiko agerturiko desilusioa...

Carlosen nortasunaren azterketa egiten bazen nobela horretan, Zeru horiek nobelako protagonista den Ireneren izaera izango da nobelaren gakoa. Kartzelatik irten berri da Irene, eta garbi utzi du Barne Ministerioaren politikari esker irten duela kartzelatik, beraz herriratzen denean ingurukoen mesprezua jasan beharko du. Pertsonaia nagusiaren erretratu osoa egin du Atxagak, soziala, politikoa eta literarioa uztartuz. Etorkizuna aurrean duela agertzen da Irene, eta galderez datorkion bere bizitzako aro berriaren aurrean bakarrik izango du pertsonaia marjinatuen babesa: monja bi, emazte gaixo bat, eta kartzelan utzitako adiskideen oroimena.

Anjel Lertxundik 1994. urtean eman zuen argitara klasiko gisa onartu zitzaion Otto Pette nobela. Anjel Lertxundi esperimentazio garai batetik zetorren, eta aldi horretakoak dira Carla (1989) eta Kapitain Frakasa (1991). Azken horren bidea jarraiturik Otto Pette nobelak ere identitate prozesu baten ibilbidea kontatuko du. Erdi Aro asmatu batean kokaturik, azken egunetan den pertsonaiak bere bizitzaren berri emango du, iraganaren bideetan bere izaeraren aztarnak aurkitu nahirik. Esperimentazio ezpalak leundu zituen Lertxundik nobela horretan, eta euskara aberatsaren aldeko apustua indartu. Otto Pettek bere bizitzaren errepasoa egiten duen neurrian alegoriako joera nabarmentzen du, ahalmenaren eta boterearen krudeltasunaz ariko da uneoro. Bizitza gogoratzen duen neurrian infernurako bidaia deskribatzen du. Aba Yakue eta eragotzi zioten izurritearen errua, Grazibelen heriotza. Erdi Aroko zenbait topoi literario erabiliz, Anjel Lertxundik bizitzaz eta heriotzaz, botereaz eta krudelkeriaz, gai unibertsalei buruzko ikuspegi aberatsa eman zuen Otto Pette nobelan.

Horren ostean, Ifrentzuak proiektua plazaratu zuen. Euskal ahozko zenbait legenda eta Europa osoko literaturan ezagutzen diren zenbait mito eman zituen argitara lau aletan. Piztiaren izena (1995) ipuin bildumak Fausto eta deabruaren mitoak izan zituen kontagai. Azkenaz beste (1996) betiko ihesean eta heriotza ezagutu gabe bizi behar duen judu errariaren mitoan oinarriturik dago. Argizarien egunak (1998) lanak hiru gai aztertzen ditu: idazkera, zoramena, heriotza, eta Herioren Dantza du sostengu nagusi. Letrak kale kantoitik (1996) nobelen ziklotik aparte dagoen liburua litzateke, baina euskal tradizioko zenbait esaldi eta esaeren glosen bidez osaturiko liburua da. Horrela proiektuarekin hamarkada osoa osatu zuen Anjel Lertxundiren kontagintzak. Bere lana eta beste nobelagile handien lana argitaratzearekin batera sortu zen 90. hamarkada nobelaren hamarkada zelako iritzia, juxtu oso zehatza ez zena.

Piztiaren izena eta Zeru horiek lanak agertu ziren urte berean eman zuen plazara, urteetan isilik egon ondoren, Ramon Saizarbitoriak Hamaika pauso, bere lan erraldoia, eta sinbolismoz osatua. Jon Juaristiren ustetan belaunaldi oso baten nobela delarik, Ramon Saizarbitoria Frankismoak fusilaturiko azken pertsonaiagan oinarriturik, batez ere Angel Otaegiren pertsonaian, nobela haratago doa. Errealitatea eta fikzioa tartekatuz, nobelak Hamaika pauso deitzen den -baina irakurtzen ari garena ez den- nobela idazten ari den Iñaki Abaituaren historia du gai nagusitzat. Daniel Zabalegiren eraginpean jausiko da nobelagile hori eta ezetz esaten ez jakin arren bere buruaz beste eginaz bukatzen du, Émile Durkheim-en El suicidio lanaren itzala estali gabea delarik nobela osoan. Hamaika pauso-k Ramon Saizarbitoriaren bizitza pertsonala eta kulturala hartzen du kontutan, hor dira bere belaunaldikoen agerpenak (batez ere, baina ez bakarrik Ibon Sarasolarenak) ahalegin kulturalak, zalantza politiko eta bitalak, eztabaidak bizitzari eta modernitateari buruz. Baina garai bateko erretratu hori maisu era batez adierazi zaigu, oroimena "plater hautsi" bat dela gogoratuz, berez, bada, oroimena ere galdu eta berreskuratu egin den tresna izanik. Badira Ramon Saizarbitoriaren prosaren zenbait ezaugarri: esaldiaren errepikazko egitura, detaileen egiatasuna eta horiei emandako garrantzi ia patologikoa, badago historia eta fikzioa nahasteko gogoa eta fikzioaren barnean maila desberdinak osatzeko borondatea, egia zein den benetan ezkutatu arte.

1996. urtean Bihotz bi. Gerrako kronikak nobela eman zuen argitara, hori ere nobela mardula eta aberatsa. Denbora maila desberdin bitan kokaturik dago nobela, eta era berean, kontakizun maila desberdinetan. Gaur eguneko maila narratiboak James Joyceren nobelaren eraginak ditu eta Saizarbitoriarengan geroago eta sendoagoa den gaia ageri da, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko komunikazioaren ezina edo zailtasuna, sexuen arteko gerra gisa deskribatu dezakeguna. Bigarren mailan, 1936ko Gerrako kronika kontatzen da Hanbre jatetxean biltzen diren gerra garaiko adiskideen bidez. Eta maila horretan kontaketa erak lotura handiagoa du memoria historikoaren kontaketarekin. Bien arteko lotura xuxena egin du egileak intzestu baten agerpenaren ezusteko batekin bukatzeko, eta maila biak biltzeko. Nobela bion plazaratzearekin Ramon Saizarbitoriak berriro hartu zuen gunearen tokia euskal literatura sisteman eta bere nobelagintzako bigarren aroa hasi zuen.

Hiru nobelagileen lana dela eta, eta lehenago adierazi dugunez, hamarkadari buruzko iritzi berezia sortu zen. 90ko hamarkada nobelaren hamarkadatzat jo zen. Baina iritzi orokor horren aurka ikusi beharko genuke ipuingintzaren agerpena ere joria izan zela.