Kontzeptua

Euskal Literatura XX. mendean. 1975-2000

1983. urtea ipuingintzaren urtea izan zen. Garai hartan poesia nagusi bazen ere, batez ere argitalpenen aldetik, eta nobelak bere tokia mantentzen bazuen ere, genero laburraren eztanda gertatu zen 1983. urtean. 10 ipuin liburu argitaratu ziren urte hartako Durangoko azokarako. Batzuk aipatzearren, hauek izan ziren urte hartan plazaratu ziren zenbait liburu:

Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (Elkarrek Euskal Literatura Sailari hasiera emateko aukeratua), Mikel Hernadez Abaituaren (1959) Panpinen erreinua (Hordago), Joxemari Iturralderen (1951) Dudular (Erein); Laura Mintegiren (1955) Ilusioaren ordaina (Erein). Gainera, zenbait idazle beteranok ere argitaratu zituzten beren ipuin liburuak, hala nola Arantxa Urretabizkaiak bere Aspaldian espero zintudalako ez nago bakarrik (Erein), edo Mario Onaindiak (1948-2003) Gau ipuinak izeneko liburua. Eta, gainera, izan ziren bakarka nahiz taldean eginiko beste liburu batzuk ere.

Denborak ematen duen ikusmiran Joseba Sarrionandiaren ipuingintzak sona handia hartu du. Bere lan narratiboan ezagunak dira bere testuetan ageri diren zenbait ezaugarri. Lehenik, gai aldetiko batasunik gabeko ipuin bildumak egiteko, bere ustetan badago ipuinetan "it", "zera" deitu dezakeguna eta "zera" horrek ematen dio batasuna bildumari, nahiz eta gai aldetik oso desberdinak izan han agertzen diren ipuinak; haren kasuan, tonu nostalgikoan aurkitu beharko litzateke "it" hori. Bigarrenik, bide beretik, euskaraz lehenago aurkitzen ez ziren gaiak eta moldeak eman nahi zituen bere lanetan: gai arturiko gaurkotua, edo anakronikoa, marinelen historiak, Herman Melvilleren (1819-1891) antzera, ipuin errealistak, ipuin guztiz hautsiak, fantastikoak, eta era berean mitikoak. Joseba Sarrionandiaren ipuingintzak mila zertzelada desberdin ditu beti, baina espresioaren duintasunean egongo litzateke bere tasun poetiko nagusia, idazteko orduan Jon Miranderen bidetik jo zuen heinean, sinbolismoaren urratsei jarraiki. Hirugarrenik, Joseba Sarrionandiarekin nabari da garaiko idazlearen biblioteka, esan nahi da idazleek irakurtzen zutena aldatzen ari zela. Frantziarekiko miresmena nabari bazen aurreko idazleengan, ingelesarekiko zaletasuna hasi zen zabaltzen, Jorge Luis Borgesen (1899-1986) eragina ipuin liburuaren izenburuan ere nabari zelarik.

Ipuingintza modernoaren generoa zabalduz joan zen, nahiz eta eztabaidarik ez zen falta izan. Alvaro Rabellik (2011) honela laburbildu ditu ipuingintzaren arrakastarako izan ziren alderdi soziokulturalak:

"Ipuingintzaren arrakastaren zenbait gako ditugu:

· Idazleek hartutako generoarekiko kontzientzia.
· Nazioartean ere ipuingintzak arrakasta eta ospe handia lortzea.
· Narrazio lehiaketak ugaritzea.
· Euskal eskolatik testu txikien eskaera handitzea.
· Literatura aldizkarien generoaren aldeko lana.
· Argitaletxeen apustua. Merkatua hobetzen duen testuen eskariari idazle gazteen bildumak argitaratuz erantzuten diote.
· Zenbait libururen arrakasta sonatuak irakurleengan piztutako ipuinekiko arreta.

Ondorioz, ikusi bezala, 1983. urtea mugarria izan zen euskal ipuingintza garaikidean".

Urte haietan bizi izan zen giro horrek batez ere aldizkarien ugaritasuna bultzatu zuen. Eta une horretan ezagutu zen euskal literaturaren gertaera garrantzitsu bat: Bernardo Atxagaren Obabakoak lanaren argitalpena 1988. urtean. Baina urte horretara heldu aurretik, izan ziren beste joera batzuk euskal literaturan.

Ipuingintzarekin batera, beste genero batzuk ere ezagupen handia lortu zuten euskal irakurleriaren artean, hala nola nobelak. Anjel Lertxundik (1948) , ipuingintzan hasi bazuen ere bere ibilbide literarioa, 1983. urtean argitaratu zuen Hamaseigarren aidanez garai artako Jon Mirande Saria, esan nahi da, Euskadiko Gobernuak ematen zuen Saria irabazi zuena; ikaragarrizko arrakasta lortuko zuen liburu horren bidez. Ondorengo urteetan, eta Obabakoak lanak izan zuen itzalaren ostean, nobela errealista utzi eta abangoardia kutsuko nobela idatziko zuen, eta lan hauek argitaratu: Carla (1989), Kapitain Frakasa (1991), horren ondoren beste aldaketa bat emateko bere nobelagintzari. Beste nobelagintza sendo baten adibide zehatza da Joan Mari Irigoien (1948). Euskal historiaren joera gatazkatsuan oinarriturik, esanahiaren aldetik kontrarioen batasuna lortu nahi zuen nobelak egituran erabili ohi zuen joera hori, batzuk -karlistak- eta besteak -liberalak- jarraitu kapitulu desberdinetan, eta gizonezko zein emakumezkoen txirikordatzea osatu, familien historien bidez Euskal Herriko ibilbide historikoa (Poliedroaren hostoak, 1983) edo egoera garaikidea nahas-mahasekoa (Udazkenaren balkoitik, 1987) aztertu nahi izan zuen.

Poesiaren ibilbidea ere indartsua izan zen. Askotan errepikatzen den bezala, sistema literario baten eragina da belaunaldi desberdineko idazleak plaza berean jartzea. Eta horrela Bitoriano Gandiagak (1928-2001) bere sorkuntza literarioko lan berezi bi eman zituen argitara. Bere ahots poetiko propioaren indartze eta eraberritzea izango zen Denbora galdu alde (1985), eta askoz ere pribatuagoa zen Gabon dut anuntzio (1986). Xabier Letek (1944-2010) Urrats desbideratuak argitaratu zuen 1981.ean. Joxanton Artzek (1939) , ordea, erlijio naturalista baten alde eginez Ortzia lorez, lurra izarrez berezia utzi zigun gure irakurketaren plazererako, bide berria zabalduz bere sorkuntza literarioan.

Juan Mari Lekuonak lan sinbolistak eta gero eta indartsuagoagoak edo estetizistagoak eman zituen argitara hamarkada bukatzen ari zenean: Mimodramak eta ikonoak (1990). Garai horretan eman zuen bere poesiaren uztarik oparoena Joxe Austin Arrietak (1949) ere.

Garai horretan gertatzen da Joseba Sarrionandiaren (1958) poesiaren agerpena ere: 1981koa da Izuen gordelekuetan barrena, eta 1987koa, zeharo desberdina den eta gerora agertuko duen estetikaren berri ematen duen , Marinel zaharrak. Esperientzia poesiatik hurbil kokatzen dira Felipe Juaristi (1957), Juan Kruz Igerabide (1956) eta Amaia Iturbide (1961), ikusten denez laurak lau urteren buruan jaiotakoak. Tere Irastortzak (1961) bide berezia egin du gure poesiaren alorrean, eta traiektoria luzeko poeta dugu. Bere ondoan jarri beharko litzateke Itxaro Bordaren (1959), nahiz eta honek esperimentalismoa nahiago duen. Ikusi dugunez, 1983. urtean hasi zen argitaratzen Susa argitaletxea Xabier Montoiaren (1955) Anfetamiña lanaren bidez. Esperimentalismoa maite duten poetak dira Iñigo Aranbarri (1963) eta Jose Luis Otamendi (1959). Beraz, adin desberdinetako taldeak ari ziren lanean euskal poesiaren alorrean.

Sistemaren panorama, baina, aldatzera dator Obabakoak liburuaren argitalpenarekin eta kanpoan lortzen duen sonarekin. Bernardo Atxagaren lan horrek 1989. urtean Espainiako Narratibako Sari Nazionala eskuratu zuen eta ordu arte euskal literaturak amestu ezin zukeen zabalkundea lortu zuen Euskal Herritik kanpo.

Lanaren arrakastak eragin nagusi bi izan zituen:

  1. Alde batetik, soziala: euskal egoera politikoaren ispilua bihurtu zen literatura. Nahi bada, eta nahiz eta hori izan ez egilearen asmo nabarmen eta lehena, zalantzarik ez, euskal autonomiak zeraman ibilbidearen ispilua zen literatura indartsua egin izanaren froga. Literatura Sistemaren indarra, neurri batean, behintzat, sistema politikoaren eragina ere bazen, literatura laguntzeko eta sustatzeko jarri ziren laguntzen eragina, zeharkakoa bazen ere.
  2. Bestetik, literarioa zen eragina. Ordu arte, euskal literatura literatura txiki bat zen, orain literatura handien ezaugarri bat behintzat lortuko zuen: beste literatura batzuetan eragina izateko ahalmena, beste literatura batzuek jakingo zuten bazela euskal literatura, baina gainera, bazen modurik haietan eragin literarioa izateko. Ez zen soilik euskal literaturak ikusgarri izatea (bisibilitatea) lortzea, baizik eta literatura handien pareko egiten zela zenbait aldetan, eraginenetan adibidez.

Orduan ikusi ez ziren beste eragin batzuk ere ekarri zituen Sari horrek. Ez da txikienetako bat kanpoko eraginek barnean duten eragina kontuan izatea. Eztabaida hainbat urte beranduago sortu zen eta Sari Nazionalek sistemaren barnean duten eraginez aritu izan dira. Egia bada ere Sari Nazionala lortu duten euskal lanek, (kasu gehienetan behintzat) lehenik euskal sistema literarioan izan dutela arrakasta, ez da zalantzarik sariaren ostean sarituen oihartzuna handiagoa izan dela, euskal sistemaren barnean ere bai.

Obra horrek euskal literatura sistema eratu eta definitu egin zuen. Gauzak, sistema literarioa, nondik nora zihoazen definitu zuen, eta neurri batean, "arautu".

Anjel Lertxundik adierazi zuen bezala, Obabakoak-en ondoren tradizionala ez den, esan nahi da argumentuari, kontakizunari atxikia ez den beste narratiba mota bat egin behar zen. Berak esperimentazio narratiboaren bidea aukeratu zuen. Beste idazle batzuek, ordea, epe luzeak emango dituzte argitaratu gabe, kasu batzuetan ez Bernardo Atxagaren lanagatik; agian, krisia lehenagotik zetorren: Ramon Saizarbitoriak, adibidez, 1976. urtetik 1995. urte arte izan zen isilik, Koldo Izagirreren (1953) poesiak (Sari Nazionala plazaratzen zen urte berean argitaratu zuen utopiaren alde egiten duen Balizko erroten erresuman, 1989) isilik iraun zuen 1989. urtetik 1997. urte arte, Non dago Basques' harbour poema liburua plazaratu arte.

Obakakoak lanak euskal sistema literarioa berdefinitu egin zuen. Geroztik egoerak ez ziren berak izango. Narratibaren nagusitasuna gero eta argiagoa geratu zen. Poesiak zailago izango zuen argitalpena, merkatura gero eta zorrotzago begiratuko zuen industria kulturalaren menpe.