Kontzeptua

Euskal literatura klasikoa: XVI. mendea

XVI. mendeak berebiziko garrantzia du euskal literaturaren historian, orduan argitaratu baitziren euskarazko lehenengo liburuak, izan literaturazkoak, izan erlijioari lotutakoak. Jakina da XV. mendeko asmakizun eta aurkikuntzek (inprentak eta merkataritza-bide berriak, batik bat ordutik aurrera Amerikarekin lotutakoak, esate baterako), aurreko beste zenbait berrikuntza eta aurrerapenekin batera, paradigma aldaketa ekarri zutela liburugintzaren eta literaturaren esparruetara, oro har.

Euskarari dagokionez, arestian esan den bezala, Erdi Aroko idazkunen, hitz solte nahiz zerrendatuen, testu laburren eta beste hizkuntzetako literatur lanetan txertatutako esaldi laburren ondoren, XVI. mendearen erdialdean kaleratu zen, Bordelen, euskarazko lehenbiziko liburua (Etxepareren Linguae vasconum primitiae, 1545), euskal literaturari hasiera emateaz gain, euskararen historiaren baitan aro berria zabaldu zuena.

Euskal literatura XVI. mendean hasi zela eta mende hartan bertan lan bat baino gehiago argitaratu zela jakiteak ez gaitu eraman behar euskarazko literatura orduan egonkortu zela uste izatera. Egia da orduz geroztik, sasoi batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, (ia) etengabe argitaratu izan direla euskarazko liburuak, baina horrek ez du esan nahi lan horien guztien artean lotura egon denik; are gehiago, zenbat eta denboran atzerago joan, orduan eta isolatuago ikusten ditugu obrak eta egileak (maiz gertatu zen, XIX. mendera arte, hainbat autorek gaur egun funtsezkotzat ditugun lan zaharragoak ez ezagutzea). XVI. eta XVII. mendeetan, esate baterako, Etxeparek maitasuna, autobiografia omen dena, erlijioa eta euskararen gorantza landu zituen hamabost poematan (1545). Hogeita hamar urteren buruan, berriz, Joannes Leizarragak kalbinismoa zabaltzeko itzuli zuen Testamentu Berria (1571), hogeita bost urteren buruan Betolazaren dotrina argitaratu zen Bilbon (1596) eta urte hartan bertan Bizkaiko errefrau-bilduma bat, Refranes y sentencias, agertu zen Iruñean. Artean, Joan Perez Lazarragakoak zenbait olerki eta artzain-eleberri bat idatzi zituen Araban, 2004ra arte aurkitu ez zirenak, eta Garibay, Isasti edo Ibargüen Cachopinek ahozko literaturako material sakabanatu eta sarri zatikatuak bildu zituzten euren historia-lanetan. Bada, aurreko lan eta material-segidari begiratzea nahiko da aipatutako "isolamendu" eta jarraitasun ezaz jabetzeko.

Ipar Euskal Herriari gagozkiolarik, aipatzekoa da bertako egileek idatzi zituztela euskaraz XVI. eta XVII. mendeetan inprimatu ziren liburu (literaturazkoak nahiz erlijioari buruzkoak) gehienak eta garrantzitsuenak, nahiz eta gutxi izan. XVI. mendean, Ipar Euskal Herriko lau liburu inprimatu ezagutzen ditugu: Etxepareren Linguae vasconum primitiae (1545) eta Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testament Berria (1571), ABC edo christinoen instructionea (1571) eta Kalendrera (1571). Oihenartek beste egileren bat (Jean Detchegaray, esate baterako) aipatu zuen, baina ez zaigu haren lanik iritsi.

Berez "berandura" arte idatziz jaso gabe egondako materialak bildu arren, euskarazko ahozko literatura zaharrari lekua eman behar zaio euskarazko lehenengo letrak inprimatu ziren garaiaz aritzean; izan ere, ematen du sasoi hartakoak eta antzinagokoak direla zenbait balada, kanta eta kopla ezagun. Zaila izaten da, oro har, balada eta kantu zaharrak datatzea: zenbat eta hedatuago egon, hainbat eta gehiago aldatu (eguneratu, hizkuntzaren ikuspegitik) ohi dira, garai ezberdinetako jendeak bere egin ahala. Ipar Euskal Herrian, zuberotar jatorriko Bereterretxeren khantorea edo Ozaze Jaurgainian bezalako balada zaharrak dira aipagarriak. Badirudi biak ala biak direla Erdi Aroaren amaierakoak, eta ahoz aho iraun zutela harik eta XIX. mendeko folklorista eta historialariek (Chaho, Sallaberry, Michel, Jaurgain, etab.) euren kantutegietan jaso zituzten arte.

Bereterretxeren khantorea da euskaraz osorik iritsi zaigun balada zaharrenetariko bat eta, ziur asko, ezagunena. Sallaberryk jaso zuen, lehenengoz, Chants populaires du Pays Basque (1870) bilduman. Orduz geroztik, Jaurgain historialariak, Bordesek, Azkuek eta Gavelek bildu zuten, eta XX. mendeko Kantu, Kanta, Khantore bilduma bitxian ere ageri da. Gavelek baladaren hiru aldaera bildu zituen (Santa Grazin, Irurin eta Atharratzen) eta hirurekin bertsio berria osatu zuen. XX. mendeko 60ko hamarkadan, berriz, Jon Mirande idazleak aitari entzundako ahapaldi ordura arte idatziz jaso gabea kaleratu zuen.

Bereterretxeren khantorea baladak traizio eta hilketa baten istorioa kontatzen du: Konde batek Bereterretxe Larraineko etxetik irtenarazi egiten du modu onean, iruzur eginda ("Jaun Kuntiak berhala / traidore batek bezala: / Bereterretx, aigü borthala / ützüliren hiz berhala"), eta preso eraman ondoren, Maulera bidean, Ezpeldoi etxaurrean, hil egiten du era odoltsuan ("Ezpeldoiko alhaba / Margarita deitzen da: / Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da"), babesteko aukerarik eman gabe. Sallaberryk (eta gerora Jaurgainek, aurrekoaren bidetik) Iruriko konde bati egotzi zion hilketa, beharbada lehiakide zuelako, Ezpeldoiko Margaritaren amodioa eskuratzeko edo bestelako hutsegiteren bategatik. Jaurgainen esanei jarraikiz, kondea Louis de Beaumont izan zen; hots, 1434tik aurrera Mauleko gobernadore izan zen -eta horrek izango luke zeresanik datazioan-. Lapurtar historialariaren arabera, bestalde, Bereterretxeren hilketa beaumondarren eta agaramontarren arteko gatazken ondorio izan zen.

Jatorria Zuberoan daukan arren, Ozaze Jaurgainian edo Atharratz Jauregian balada aurrekoa baino zabalduagoa dago, Ipar Euskal Herri osoan ez ezik, baita Nafarroa Garaian ere. Ez dakigu zehazki noizkoa den, baina badirudi kontatzen dituen gertakizunak XVI. mendean gertatu zirela. Poésies Populaires de la France izeneko bilduman argitaratu zen lehenengoz (1753). Jada XIX. eta XX. mendeetan, hainbat folkloristek (Chahok, Michelek, Sallaberryk, Bordesek, Aita Donostiak, Irigarayk, etab.) jaso zuten, eta XX. mendeko kantutegian ere agertu izan da. Jaurgainek hiru baladaren aldaera bildu eta bertsio bakarra osatu zuen, eta, horrekin batera, baladako pertsonaiei buruzko informazio asko bildu zuen. Lapurtarraren usteei jarraikiz, onartu izan da baladan ageri den ezkontza behartua Jaurgaingo Maria gaztearen eta Charles Luxe atharratzarraren artekoa dela; izan ere, hori da baladak kontatzen duena: Maria maitemindurik dago Sala izeneko gizonarekin, baina derrigor ezkondu behar du Atharratzeko jauntxoarekin. Bada, ahapaldietan barrena jauntxoa Mariaren bila joan aurreko uneak ageri dira, eta aldaeren arabera, Mariaren patua era batekoa edo bestekoa da.

Ipar Euskal Herriko tradizioko baladak dira, halaber, (nahiz eta, ziur asko, aurrekoak baino berriagoak izan) Egun bereko alarguntsa, Errege jan, Jaun Barua, Judu Herratua, Musde Sarri, Urrutiako anderea, etab.

Herri-antzerkira igarota, gorabehera handiak egon dira pastoralen jatorria aurkitu nahian ibili direnen artean, ez baita erraza zehaztea noizkoak diren lehenengoak. Lafittek eta Hérellek XVI. mendekoak zirela defendatu zuten, baina ematen du proposamen horri eusteko erabilitako argudioak ez zirela oso sendoak izan, zeharkakoak baizik (dokumentu eta testigantzak baino, antzerkiaren eta hizkuntzaren balizko ezaugarri arkaikoak aipatu zituzten).

Dokumentu zuzenez den bezainbatean, Hérellek 1500eko Clovisen pastorala aipatu zuen, baina ez da horren arrastorik aurkitu. Oihenartek, halaber, Artzain gorria (1565ekoa omen zena) aipatu zuen, baina horren alerik ere ez zaigu iritsi. Parisko Liburutegi Nazionalean, bestalde, Saint Jacques pastoralaren ale idatzi bat dago, eta eztabaida-iturri izan da, batzuek (Hérelle, Urkizu) 1634 data ikusi duten lekuan, beste batzuek (Oyharçabal) 1834 jartzen duela frogatu dutelako. Azkenik, Hérellek berak 1723ko data jarri zion Jeanne d'Arc pastoralari, argudio garbirik eman gabe.

Aurreko guztia ikusirik, ezin esan daiteke XVI. mendean jada pastoralak bazirela defendatu dutenek horri eusteko argudio sendorik eman dutela: dokumentuak falta dira, argudioak zeharkakoak eta ahulak dira, datazio-arazoak egon dira, etab. Hori ikusirik, ezin esan daiteke mende hartan ez zegoela pastoralik, baina datu sendoak daude uste izateko, berez, beranduago (XVIII. mendean?) hasi zirela.

Bernat Etxepare da, kronologikoki, euskaraz idatzitako lehenengo liburuaren egilea, eta egileaz ezagutzen diren datu gehienak liburuko izenburutik eta testu batzuetatik atera izan dira. Badirudi 1475 aldera jaio zela Sarrasketan (Nafarroa Beherea), Eiheralarreko erretore izan zela eta Biarnon espetxeratu zutela, ziur asko, Nafarroako gerlan Gaztelako erregearen eta beaumondarren alde agertzearren. Ezagutzen zaion obra bakarra, jada aipatutako Linguae vasconum primitiae, Morpain inprimatzaileak argitaratu zuen, Bordelen, 1545ean.

Orduko edizioaren ale bakarra gorde da gaur egunera arte (Frantziako Liburutegi Nazionalean dago), baina zenbaitek uste izan du, liburuaren amaieran ageri den oharra dela eta (obra hiru urtez argitaratzeko baimena Morpaini bakarrik ematen zaiola azaltzen duena), liburua aurretik argitaratu zela lehenengoz. Bestalde, Arnaud Oihenartek Adrian Morront-ek egindako beste edizio bat aipatu zuen, gugana iritsi ez dena eta, egotekotan, 1545ekoaren ondokoa izango zena. Harrerari gagozkiolarik, nolanahi den ere, ez dirudi egileak nahi beste zabaldu zenik; izan ere, Oihenartek aipatzen (eta kritikatzen) duen arren, ez da Etxepareren lanaren aipurik ez Pouvreau-ren lanetan, ez Larramendirenetan.

Linguae Vasconum Primitiae lan laburra da: 56 orrialde, zenbait ohar labur, eskaintza erako hitzaurrea eta hamabost poema (1.159 bertso-lerro) biltzen ditu. Egilearen asmoari dagokionez ere obra garrantzitsua dugu; izan ere, Etxeparek bazekien aurretik ez zegoela euskal lan inprimaturik (bere lanaren izenburua begiratzea besterik ez dago), eta euskaraz eman nahi izan zituen beste hizkuntza batzuetako literaturetan lantzen ziren zenbait gai.

Etxepareren poemak gaika multzokatu izan dira: erlijiosoak, maitasunezkoak, autobiografikotzat jo izan den bat eta kanta-itxurako bi, euskara ahots goran goraipatzeko egindakoak.

Garaztarraren erlijiozko poemek ("Doctrina christiana", oro har, eta horren baitako "Iudizio generala") egilearen ideologia islatzen dute, zenbait ikertzaileren ustez. Lehenengoaren izenburuak bete-betean laburbiltzen du testuaren edukia, bertsoz emandako dotrina kristauaren azalpena baita (euskal literatura erlijiosoko lehenengoa, bide batez). Bigarrena, aldiz, dekalogoa dugu. Bi testu horietako nia, hia eta zua egileari, Jainkoari eta obraren hartzaileei, hots, irakurleei, dagozkie, hurrenez hurren. Testuotan ikus daiteke Etxeparek barneko bizimoduari ematen dion garrantzia, barne-otoitza liturgia hutsaren aurrean lehenesten baitu.

Era horretako eta bestelako zenbait ideia direla eta, Kempis-en debozio modernoaren eta Erasmoren eragina ikusi du Aurelia Arkotxa irakasle eta idazleak Etxeparerengan, baina ez dirudi kritikari guztiek ikuspegi horrekin bat egiten dutenik. Iñaki Aldekoak, nagusiki, Erasmoren balizko eragin horren aurkako argudio sendoak eman ditu: besteak beste, Etxeparek Erasmoren eraginpean idatzitako zenbait lerro Gerson-i jarraikiz egindakoak direla frogatu du oñatiarrak. Are gehiago sakontzeko, edukiari gagozkiolarik, Etxepareren dotrina kristaua tradizionala dela aldarrikatu du Aldekoak: garaztarraren ahapaldietako irudiak tradizio kristaukoak dira, eta dotrinen eta predikatzaileen mende daude. Bestela esanda, Etxepareren dotrina kristaua azaltzeko ez dago Erasmo zertan aipatu; are gehiago, balizko aipamen hori egiteak arazoak besterik ez dakartza, Etxepareren zenbait ideiek Erasmoren zenbait ikuspegirekin talka egiten dutelako, aurrez aurre. Esate baterako, judizio orokorrari dagozkion irudi eskatologikoak ageri ditu Etxeparek, eta ez dirudi halakoak Erasmoren gustukoak zirela, ez baitzen irudi harrigarriak eta beldurgarriak erabiltzearen aldekoa. Beste alde batetik, Erasmoren testuetako eta Etxeparerenetako Jesukristoren irudia ere ez da bera. Lehenengoak Jesukristoren irudi hurbilaren alde egin eta haren gizatasunean sakondu nahi izan zuen; garaztarrak, aldiz, Erdi Arotik zetorren irudia baliatu zuen: Jesukristo epailearena. Gainera, haren alderdi jainkotiarrena erakutsi zuen. Azken bateraezintasun bat aipatzearren, Ama Birjinaz hitz egin daiteke: Etxepareren liburuan hainbat alditan ageri da Ama Birjina, harenganako debozio bizia erakusten du egileak, ardatz gisa maitasuna duten testuetan ere bai. Erasmoren pentsamenduan, aitzitik, Ama Birjinak leku eskasa dauka eta ez dago aipatutako debozioaren antzik ere, Erasmok Jesukristo jotzen baitu gizakien salbaziorako bide bakartzat.

Maitasunezko testuez denaz bezainbatean, Etxeparek maitasun mundutarra eta zerutiarra uztartu zituen; esan nahi baita, Erdi Aroko azken mendeetako literatur ereduen jarraitzaile izan zen garaztarra. Kristautasunean oinarritutako maitasun ederrarekin batera, emakume debekatu mundutarra maitale bidegabeen helburu gisa ageri da Etxepareren testuetan, eta erotismo-zantzuak ere ez dira falta. Patxi Salaberrik esandakoarekin bat, Ama Birjinaz aritu ondoren, gizakien mundurako bidea egin zuen garaztarrak, eta emakume mundutarrengan sarri aurki daitezke Ama Birjinaren islapen eta zantzuak, gogoratu behar baita Ama Birjina ere emakumezkoa dela, nor eta Jaungoikoaren ama, hain zuzen ere (amaierak amaiera, "Emazten fabore" testuko ahapaldi gehienetan emakumeak goraipatzen dira). "Amorosen gaztiguya" da Linguae vasconum primitiae liburuko lehenengo maitasun-poema, ondoren datozenen aitzindari eta bide-urratzaile, non egileak bekatuzko amodioak utzita, maitasuna Ama Birjinarengana zuzentzeko deia egiten baitu: "amoretan plazer baten mila dira dolore" dio poema horretan, eta ideia hori anplifikatu besterik ez da egiten hurrengo poemetan, harik eta "Amore gogorraren despita" poeman horren guztiaren azken ondorioa ematen duen arte: "Andre faltaz eniz hilen balinba ni lehena; / oroz etsi behar dizit, non balitate hobena; / heki ezin medra naite, bai gal neure arima; / bategatik sarri niro diren oroz arnega".

Bestalde, arestian esan den bezala, emakumezkoak ia Ama Birjinaren parean ageri dira Etxepareren zenbait poematan, baina ez da gauza bera gertatzen gizonezkoekin; izan ere, gizonak darama galbidera emakumea ("Emaztiak ez gaitz erran ene amorekatik; / gizonek utzi balitzate, elaidite faltarik. // Anhitz gizon ari bada andrez gaizki erraiten, / arhizki eta desoneski baitituzte aipatzen, ixilika egoitia ederrago lizate; / andrek gizoneki bezi hutsik ezin daidite"). Gizona, gaiztoa izateaz gain, aseezina eta bortxatzailea da ia, kortesia ez da nahiko berarentzat, kortesiak ez du asetzen eta, emakumeen ezetzaren aurrean, gizonak emakumea menpean hartzen du.

Jada esan denarekin bat, Etxeparez dakigun gehiena bere liburutik ateratako datuak dira, eta egilearen biografia egitean berebiziko garrantzia eman zaio "Mosen Bernat Etxeparere kantuia" poemari (testua autobiografikotzat jo dutenen artean, behintzat); izan ere, bertan eman zuen garaztarrak bere kartzelaratzearen berri.

Liburuko azken bi poemetan ("Kontrapas" eta "Sautrela"), aldiz, bestelako izpiritua atzematen da: izpiritu berriagoa, alaiagoa eta indartsuagoa. Euskara goraipatzeko, mundura ateratzeko eta beste hizkuntzen parean jartzeko idatzitako testuak dira, buruz ikasi eta kantatuz zabaltzekoak. Gaia, bada, kontuan hartzekoa da, poetak herriko hizkuntzaren inguruko hausnarketa egin zuela erakusten baitu, eta horrek, zenbait adituren ustez, Etxepareren testuok (eta, bide batez, Bernard Leheteri idatzitako hitzaurre-itxurako eskaintza) Ernazimendu hasierako izpirituarekin lerratzen baititu. Euskarari plazara eta mundura irteteko deia egiten zaio eta jada inprimaturik dagoela esaten da.

Aurrekoaren ildotik, Etxepareri buruzko eztabaida gehienak, metrikari dagozkion zenbait alde batera utzita, egilearen kokapenari buruzkoak izan dira: batzuek Erdi Aroaren amaierako eta Ernazimenduaren hasierako autore gisa ikusi dute, baina beste batzuek diotenez, humanista da, ia bete-betean, garaztarra. Aurelia Arkotxak, esate baterako, Linguae vasconum primitiae obraren peritestua aztertuta, Etxepare Ernazimendutik hurbilago ikusi izan du Erdi Arotik baino. Horretarako, honakoak aztertu ditu: barruko portada (latinez idatzia, izenburua eta egilearen eta lanaren berri ematen duena), liburu amaierako hitz-atzea, inprimatzailearen oharra (latinez idatzia, ortografiari eta ahoskatzeari buruzko argibideak ematen dituena), tipografia (biribil humanistikoa, Morpainek Bordelen 1542an sartutakoa), sarrerako puntuazioa (ez dira Dolet-en jarraibideak jarraitzen), liburuan ageri diren grabatuak eta luxuzko koadernatzea (ziur asko XVIII. mendekoa).

Beste alde batetik, zenbait ikertzailek bi idatzi-aldi, aro edo estilo ezberdindu izan dituzte (Lafon izan zen hori adierazi zuen lehenengoa). Batean sartuko lirateke Linguae vasconum primitiae-ko hitzaurrea eta azken bi poemak ("Kontrapas" eta "Sautrela") eta bestean gainerakoak; hots, lehenengoak Ernazimenduko izpiritutik hurbil ikusi izan dira, eta bigarrenak Behe Erdi Aroko literatur moldeetatik hurbilago, hala edukiz nola formaz.

Azken horretaz, hau da, formaz, ezer esatekotan, Etxepare, oro har, Erdi Aroko ahozko bertsogintzatik hurbil aritu zela esan izan da, ahozkotasunetik zuzenean hartutako baliabideak (formulak, errepikapenak, esaldiak, etab.) erabili zituela eta ordura arteko inguruko hizkuntza erromantzeetako literaturetako kanta-poesiaren antzeko ezaugarriak aurki daitezkeela Linguae vasconum primitiae lanean.

Obraren harrerari gagozkiolarik, gaitza da esan ahal izatea egiazki nolakoa izan zen, baina, jada aipatutakoen arabera, ez dirudi garaztarraren obra asko zabaldu zenik. Esan den bezala, Pouvreauk eta Larramendik ez zuten aipatu, eta ez dirudi XVI. mendean bertan piztutako erlijio-mugimendu eta istiluek ezagutza horren alde egin zutenik: Etxepareren testuetako edukia oso urruti zegoen kalbindarrengandik, eta zer esanik ez Trentoko Kontzilioak (1545-1563) eta Kontrarreformak era zurrunean ezarritako ideietatik.

Joannes Leizarragaren bizitzaz gauza gutxi dakigu: bere jaiotza- eta heriotza-datak ez dira ziurrak, baina badirudi 1506an jaio zela Beskoitzen (Lapurdi) eta protestante bihurtu aurretik apaiz katolikoa izan zela. Euskaraz argitaratu zuen lehenengo prosa-idazlea eta itzultzailea izan zen.

1560 aldera katolizismoa atzean utzi, kalbinistekin bat egin eta kartzelaratu egin zuten Leizarraga. Garai hartako erlijio-gatazka eta mugimenduak ulertzea ezinbestekoa da Leizarragaren itzulpenak (literaturaren) historian kokatzeko. XVI. mendearen bigarren erdialde hartan Luteroren ideia eta aldarrikapenak zabaltzen ari ziren, eta Joana Albretekoa, Nafarroako erregina, protestante bihurtu zen 1560 aurretxoan. Bada, kalbindarren ideiak herritarrengan zabaldu eta finkatze aldera, Euskal Herrian euskararen bidez egin beharreko lana zen hori. 1563an kalbindarrek lehenengo sinodioa egin zuten Paben, eta hara gonbidatu ondoren agindu zioten Leizarragari Testamentu Berria eta beste zenbait otoitz kalbindar itzultzea. Badirudi, lan handia izanagatik, Leizarragak bizpahiru urtean burutu zituela itzulpenak; izan ere, 1565ean lau laguntzaile euskaldun izendatu zituen Olorongo biltzarrak Leizarragak egindako lana gainbegiratzeko eta zuzentzeko: Piarres Landetcheverry eta Sanz de Tartas zuberotarrak, Joannes Etcheverry lapurtarra eta Tardets izeneko Bastidartua.

1566an Nayko sinodoan Leizarragak egindako lana goraipatu zuten, eta handik urtebetera Paueko sinodoak ministro izendatu eta Bastidara (Nafarroa Behera) bidali zuen lehenengoz. Jakin badakigu 1570eko hamarkadaren hasieran Leizarragak hiru ministroren semeak izan zituela euskara- ikasle, baina mende amaiera hurbildu ahala gero eta eskasagoak dira beskoiztarrari buruz ezagutzen diren datuak: badakigu 1577an eta 1579an protestanteek egindako bilkuretan egon zela, 1582an Jacobo Augusto de Thou frantses politikari eta historialariari bere itzulpenen ale bat eman ziola eta ez zela 1590eko hamarkadako protestanteen bilkuretan egon; hortaz, ondoriozta daiteke 1600. urtearen inguruan hil zela.

Joanes Leizarragaren lan nagusiak hiru dira, eta hirurak 1571n kaleratu ziren Arroxelan: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (itzulpen-lan nagusia), Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea.

Lehenengoan, hots, Testamentu Berriaren itzulpenean, itzulpen nagusiaz gain badaude beste zenbait testu ere: alde batetik, obraren hasieran eta amaieran Leizarragak berak sortutakoak daude, hots: erreginari zuzendutako gutuna ("Gucizco Andre noble Ioanna Albrete Naffarroaco Reguina Bearnoco Andre guehiénic, denari...), "Heuscalduney" atala, hau da, obraren benetako hitzaurrea, eta "Çuberoaco herrian usançatan ezdiraden hitz bakoitz batzu hango ançora itzuliac" izenekoa. Beste alde batetik, "kalbindar elizak agintzen zuenari segituz burutu ziren" (Salaberri, 2010a: 121) testuak daude, hau da, beste itzulpen-, moldapen- eta egokitzapen-lan txikiago batzuk, hala nola: "Testamentu Berrico hitz eta minçatzeco manera difficil bakoitz batzu bere declarationéquin", "Batbederec iaquiteco, eta maiz iracurtzeco duen Advertimendua nola Iesus Christ den Iaincoaren Leguearen fina, eta gure salvatzeco moien bakoitza", "Testamentu Çaharrac eta berriac iracasten draucuten guciaren sommarioa", "Testamentu Berrico liburuën icenac", "Testamentu Berrico materien erideiteco Taulá" nahiz "Testamentu Berrian diraden icen propri Hebraico eta Greco batzuen declarationea".

Testamentu Nagusiaren itzulpena dela eta, zenbait ikertzaile jatorrizko lana zein izan daitekeen argitu nahian aritu dira. Luzaroan uste izan da beskoiztarrak Olivétan-en frantsesezko bertsioa, grezierazkoa eta Vulgata baliatu zituela; alabaina, azken urteotako ikerketek baztertu egin dute uste hori. Patxi Salaberriren ustez, 1559 eta 1563 artean frantsesezko Nouveau Testament delakoa izan zuen Leizarragak eredu nagusitzat.

Kalendrera lana, bestalde, izenburuak dioen bezala, 16 orrialdeko egutegi soila da, erlijio-egutegia.

ABC, edo Christinoen instructionea othoitz eguiteco formarequin, azkenik, haur eta gazteak gogoan hartuta egindako liburua da eta lau atal nagusi ditu: hitzaurre-antzekoa, gramatika, aritmetikari buruzkoa eta, garrantzitsuena, dotrinari buruzkoa. Badirudi Leizarragak Lyonen 1555an argitaratutako eredu kalbindarrari jarraiki egin zuela ABCa.

Leizarragak lanak amaitu zituenetik Arroxelan argitaratu zenera arte sei bat urte igaro ziren. Bada, Joana Albretekoa erregina 1572an hil zen, eta handik bi urtera (1574) eman zuten lana banatzeko baimena; hortaz, izan daiteke erreginak berak itzulpenak ikusi ez izana. Obren inguruko zalantzak ez dira hor amaitzen, ordea: Vinson ikertzaileak 40 bat aleko tirada egin zela esan zuen, baina ale batzuen eta besteen arteko aldea nabarmena da, idazkeran bertan. Aldaketa horiek ikusita, Lacombek lanak baten baino gehiagotan argitaratu zirela proposatu zuen, baina Vinsonek kontrako argudioa eman zuen, inprimatu ahala Leizarragak berak proposaturiko aldaketak izan zitezkeela esanda.

Lanak sasoiz amaitu eta kaleratu ziren arren, protestanteen asmoen porrotak Leizarragaren itzulpenek euren helburua bete ezin izatea eragin zuen. Joana Albretekoa hil zenean Enrike III.a Nafarroako erregeak (Enrike IV.a Frantziakoa) erlijio katolikoa berrezarri zuen, bai eta kultu protestantea debekatu ere. 1589an Frantziako errege izendatu zuten, eta katolizismora bihurtu zen. Handik sei urtera Rex Christianissimus izendatu zuten, eta hortik bere esaldi ezaguna: "Merezi du Parisek meza bat". Ondoko mendeetako euskal idazleak, gainera, indarrez sartu ziren, eta bestelako ereduak sendotu zituzten. Hori horrela, Leizarragaren lanak ez ziren XIX. mendera arte berrargitaratu, euskal ikertzaileen eskutik batez ere, eta zatika.

Itzulpenak itzulpen, edizioak edizio eta iturriak iturri, Leizarragaren hizkerak edo, hobeki esanda, Leizarragak hautaturiko hizkerak ematen die atentzioa egungo ikertzaileei, batik bat. Zalantzarik gabe lan handi, sakon eta zaila egin behar izan zuen beskoiztarrak agindutako lana gauzatzeko; izan ere, hizkuntza-eredu bat hautatzeaz gain, sortu egin behar izan zuela uste dute ikertzaile gehienek.

Hotsei eta morfologiari dagokienez, eredu zinez arkaikoa da Leizarragarena. Lexikoaz den bezainbatean, bestalde, latinerako daukan joera nabarmena da edozein pasarte irakurri orduko. Hainbatek esan legez, zalantzarik gabe jatorrizko testuetatik (gehiegi) aldendu behar ez izateak izango zuen eragin zuzenik latinarekiko "zaletasun" horretan; hots, eredutik hurbil idatzi beharra, jatorrizko testuek esaten zutena albait berdinen islatu beharra, izan daiteke egilea latinera hainbeste hurbiltzeko arrazoietako bat. Eta ideia horren alde egiten du itzulpenak ez diren testuetan, gutxi izan arren, egilearen joera hori "lasaitzea", nolabait esatearren.

Gauza gutxi dakigu Beltran Zalgiz edo Bertrand de Sauguis-i buruz, eta badirudi bere obra gehiena galdu egin dela. Ez dakigu noiz jaio zen, baina jakin badakigu zuberotar jauntxoa izan zela, kalbinista eta legegizona. Bere emaztea, Catherine de Vesgez, Arnaud Oihenarten familiakoa zen. Kargu garrantzitsuak izan zituen Maulen, Piamonten (Italia), Paben eta Donapaleun. Oihenartek berak azaldu zuen Zalgize poeta ona zela, baina, tamalez, zuberotarraren testuak galduak dira. Zenbait errefrau ere bildu zituen Zalgizek, Oihenartek bere bilduman jaso eta guganaino iritsi direnak.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.
  • ALDEKOA, Iñaki. "Bernat Etxepare 'Doctrina Christiana' y poesía amatoria". (ASJUn argitaratzeko), 2010.
  • ARKOTXA, Aurelia. "Oihenarten amodiozko poesien azterketa konparatiboa". Iker 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • ARKOTXA, Aurelia; OYHARÇABAL, Beñat. "El siglo XVI: Las primicias de las letras vascas". OLAZIREGI; Mari Jose (ed.). Studies in Basque classical litterature. Reno: Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2008.
  • BATZUK. Iker 8. Oihenartenlaugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • DAVANT, J. L. Zuberoako literaturaz. Antologia laburra. Bilbo: Euskaltzaindia, 2009.
  • MICHELENA, Luis. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • ORPUSTAN, J.B. "Bernat Etxepare'ta Arnalde Oihenart: ondoriotasunetik harat". Iker 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkarlanean, 2002.
  • SALABERRI, Patxi. "Iturri urdinen bila (Leizarragaren Testamentu berria eta hari erantsitakoak)". Egan. 2010-1/2. 109-149. orr.
  • SALABERRI, Patxi. "ABC, edo christinoen instructionea" (1571). Egan. 2010-3/4. 111-138. orr.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.
  • VILLASANTE, Luis. Axular. Mendea. Gizona. Liburua. Oñati: EFA, 1972.