Kontzeptua

Euskal literatura klasikoa: XVI. mendea

XVI. mendera etorrita, zer, non eta nola argitaratu zen begiratzea besterik ez dago esandakoaren frogagarri. Gutxi argitaratu zen garai hartan, eta argitaratutakoa ere ez zaigu osorik heldu. Ipar Euskal Herrian aipatzekoak dira Etxepareren Linguae vasconum primitiae (1545) eta Leizarragaren itzulpenak, baina zer idatzi eta inprimatu zen Hego Euskal Herrian? XVI. mendeko Hego Euskal Herriko euskal idazkiak lauzpabost multzotan bana daitezke: erlijio-lanak, hizkuntza-lanabesak (hiztegiren bat), garaiko historialarien obretan jasotako ahozko euskal literatura, errefrau-bildumak eta Lazarraga arabarraren zenbait poema eta artzain-eleberria. Material horiek guztiak, baina, ez ziren sasoi hartan argitaratu, eta, esan bezala, gehienak ez dira osorik iritsi gaur egunera arte. Izenburuari jarraikiz, artikulu honen ardatza ikuspegi literarioa izango da.

XVI. eta XVII. mendeetako historialari, kronika-egile, genealogista eta antzeko kultur gizonen obretan (guztiak ez ziren orduan argitaratu) ahozko euskal literaturako hainbat material ageri dira transkribaturik. Esteban Garibai, Zaldibia, Lazarraga, Ibargüen-Cachopin edo Isasti bezalakoen lanez ari gara. Euren kronika eta historiari buruzko lanetan Euskal Herrian Erdi Aroan, hots, zenbait mende lehenago, egondako gudu eta gerren berri eman zuten, eta hitz lauzko azalpenekin batera, hainbat biderrez han-hemen entzun edo irakurritako kanten zatiak ere sartu zituzten testuen lagungarri gisa. Tamalez, testu horietarik gehien-gehienak ez daude osorik, eta, osorik daudela ematen dutenetan ere, ulermen-arazoak larriak dira: badirudi batzuetan testu-pasarteak falta direla, koadernatze-lanek zenbait pasarte ezin irakurtzea ekarri dute, ahapaldi batzuen artean ez dago loturarik, etab.

Aipatutako historialarien artean, nabarmena da Esteban Garibai arrasatearraren ekarpena. 1533an jaio eta ezagutza zabaleko gizona izan zen. Espainian eta Portugalen barrena ikertzen egon ondoren, 1570ean Flandriara jo zuen argitaratzaile bila, eta handik urtebetera kaleratu ziren Compendio historial de las crónicas y Universal historia de todos los reinos de España lana osatzen duten berrogei liburukiak. 1575an Felipe II.a erregeak liburuzain izendatu zuen, eta 1592an, kronista.

Garibairen lanetan, besteak beste, 1321ean gipuzkoarrek nafarrak gainditu zituztela azaltzen duen "Beotibarko guduaren kanta" eta zenbait eresi daude, hala nola, Martin Bañez Artazubiagakoarena eta Mila Lasturkorena.

Ibargüen-Cachopínen kronikan, bestalde, "Arrasateko erreketaren kantua" daukagu (beharbada historialariaren kronikari gerora erantsitako idazkia), Erdi Aroan ganboatarren eta oinaztarren arteko borroka latzak islatzen dituen testua. Kronika horretan bertan ageri dira "Akondiako guduaren kantua"-ren hasiera, "Martin Ibanez Labierokoaren epitafioa", "Diego Lopez de Haroren eresia" edo "Salinasko kontearen kantua".

XX. mendea etortzearekin batera, zenbait ikertzaile testuok bildu eta argitaratzeaz arduratu ziren: Juan Carlos Guerrak egin zuen lehenengoz 1924an, eta Koldo Mitxelenak Textos arcaicos vascos (1964) eta Ibon Sarasolak Contribución al estudio y edición de textos vascos (1990) lanetan, gerora.

Datuak eta testigantza biziak jasotzeko nahiari eutsiz, Esteban Garibai historialariak bi errefrau-bilduma osatu zituen eta Juan Idiakez idazkari eta Estatuko kontseiluko buruari igorri zizkion, baina Idiakezek ez zituen argitaratu. Tamalez, gaur egun ez dago bilduma horien ale originalen arrastorik, baina batzuen kopia Espainiako Liburutegi Nazionalean G139 kodeaz dago gordeta. 1854an argitaratutako Garibairen memorietan ageri diren errefrau-sorta da hori, eta letra XVII. mendekoa da, hots, baten batek kopiaturikoak dira.

Bigarren bildumaz denaz bezainbatean, liburutegi horretan bertan egon zen eta Cc79 kodea zeukan. B. Maestrek F. Micheli oparitu zion dokumentua, eta Michelek Oihenarten atsotitzen argitalpen batean eranskin gisa sartu zituen. Nahastea XX. mendearen hasieran areagotu egin zen, gainera, Julio Urkixok esan zuenean lehenengo errefrau-bilduma (Espainiako Liburutegi Nazionalean kopiaturik dagoena) ez zela Garibairena. Jakin bazekien Garibaik bi bilduma atondu zituela, baina, bere ustez lehenengo bilduma Refranes y sentencias (Bilbo, 1596) zen. XX. mende hasieran bertan Gerra Urkixoren hipotesiaren alde agertu zen, eta nahiz eta Refranes y sentencias bildumako hizkera Orozkokoa zela pentsatu, Azkue ere ez zen Urkixoren aurka agertu. Urkixoren hipotesia Lakarrak deuseztatu zuen XX. mendearen amaieran honako lau argudio hauek emanik.

Lehenengo eta behin, G130 nahiz Cc79 bildumak tamaina bertsukoak dira, eta errefrauak antzeko eran aurkezten dira, hots, lerroz lerroko gaztelaniazko itzulpen laburren bidez; bigarrenik, izenburua aipatu zuen Lakarrak, bitxia izango bailitzateke beste inork egindako lanaren izenburuan "compuestos por Esteban de Garibay y Çamalloa" agertzea; hirugarrenik, ez dirudi G139 bilduma osatzeko Cc79 bilduma baliatu zenik: bi bildumetan antzeko 37 esaera agertu arren, Cc79 bilduman bi errefrau ez dira inoiz jarraian ageri; azkenik, hizkuntzari eta idazkerari lotutako arrazoiak eman zituen arratzuarrak.

Errefrauei eurei helduta, Garibaik euskal esaerarekin batera gaztelaniazko itzulpena eman zuen (sarri oso itzulpen hertsia): Aita gurea bein eliçara eta orduan nequez / Nro padre vna vez á la yglesia y entonçes con trabajo. Gaiei dagokienez, era guztietakoak daude, eguneroko bizitza- eta gizarte-paisaiaren baitakoak denak ere, halako bildumetan gertatu ohi denarekin bat: pertsonen izaerari lotutakoak, lanari buruzkoak, dirudun nahiz txoriei buruzkoak, eguraldiari buruzkoa, herri- eta erlijio-egutegiei buruzkoak, hiri zehatzei buruzkoak, animaliei buruzkoak, eta abar.

Garibaik bildutako esaerak aldamenean utzita, 1596an beste errefrau-bilduma bat kaleratu zen Iruñean: Refranes y sentencias comunes en Bascuence, declaradas en Romance con numeros sobre cada palabra, para que se entiendan en las dos lenguas. Bilduma hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko testu zaharretan interesgarriena, XVI eta XVII. mendeetako atsotitz-bildumak baino luzeagoa delako (539 errefrau daude bertan) eta, hizkuntzaren ikuspuntutik, oso zaharrak direlako bertan ageri diren hainbat ezaugarri.

Esan dugun bezala, testua 1596an argitaratu zen, gaur egun badakigu Oihenartek eta Larramendik ezagutu zutela; alabaina, testua, nolabait esatearren, XIX. mendean berraurkitu zen: Van Eysek topatu zuen 1894an Darmstadt-eko Hesse-ko Artxiduke Handiaren liburutegian. Zorionez, Julio Urkixok originalari argazkiak ateratzeko aukera izan zuen, handik gutxira desagertu baitzen testua gerraren ondorioz. Orotara, 539 errefrau biltzen ditu, baina badirudi Darmstadteko alea ez zegoela osorik eta Larramendik ale osoagoa baliatu zuela; izan ere, andoaindarrak Darmstadteko alean ageri ez diren atsotitzak aipatu zituen. Lakarraren ustez, bilduma osoak 800 edo 1.000 errefrau bil zitzakeen.

Aurretik esandakoari jarraikiz, Julio Urkixoren ustez Garibai izan zen Refranes y sentenciasen egilea, eta are gehiago, bertan jasotakoei erdal kutsua aurkitu zien nonbait, euskal egileak oinarritzat Hernán Núñezen atsotitzak baliatu zituela proposatu baitzuen.

Errefrauak emateko moduari dagokionez, orrialde bakoitzean bi zutabe ageri dira: ezkerrekoan euskal atsotitza ematen da eta eskumakoan gaztelaniazko itzulpena. Atsotitzak zenbakituta daude, eta euskal eta erdal hitz bakoitzaren gainean ere zenbaki bat dago, itzulpenean euskal hitz bakoitzaren erdal baliokidea zein den adierazteko:

1212
190.ArdiadardunaOvejacornuda
345345
ta beisabeldunayvacaBarriguda

Refranes y sentencias bilduma zabala da, eta orotariko atsotitz-motak (apotegmak, denotatibo-konnotatiboak eta figuratiboak) eta gaiak ageri dira, gehienak ere garaiko bizimodua osatzen zuten elementuen ingurukoak: familia, jendearen izaera, animaliak, jabetzak, aberastasuna eta pobrezia, egutegia, eguraldia, leku eta pertsona handikiak, etab.

Literarioa baino, balio linguistikoa dute hala bilduma batek nola besteak.

Borja Aginagalde dokumentalistak aurkikuntza handia egin zuen 2004ko otsailaren 18an: Joan Perez de Lazarraga arabarraren eskuizkribua. Lazarraga Arabako Larrean jaio zen 1547-1548 aldean, jatorri oñatiarreko jauntxoen familian. 1575an Katalina Gonzalez Langarikarekin ezkondu zen Arriolan, eta bi seme-alaba izan zituzten. Bere eskualdean bertan kargu publikoak eduki zituen eta 1605eko apirilaren 12an hil zen.

Ezagun zen Lazarragak bere leinuaren kronika idatzi zuela gaztelaniaz, eta berea omen zen Historia de Alava izeneko lana ere (galdutzat jotzen da, kronika genealogikoa izendatzeko beste modu bat ez bada izan, behintzat). Larreakoaren genealogia-lanaren kopiak zenbait lekutan daude, Espainiako Liburutegi Nazionalean, besteak beste. Hain zuzen, María Comasek ale horren zati handi bat transkribatu eta argitaratu zuen 1936an. Inork ez zekien, aitzitik, Lazarragaren ezizena "El Poeta" izan arren, artzain-eleberritxo bat (amaitu gabe dago) eta zenbait poema ere idatzi zituela, eta horiek ageri dira, hain zuzen ere, Aginagaldek aurkitutako eskuizkribuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen eskuizkribua, eta handik gutxira interneten jarri zuen ikusgai. Gaur egun Gasteizko BiBat Museoan dago gordeta. Aginagaldek berak 1564 eta 1567 artean idatzi zela esan zuen eta Joseba Lakarra filologoak testuak hainbat ikuspegitatik zeukan funtsezko garrantzia nabarmendu zuen hasierako filologia-hurbilketan. Lakarrak berak zuzendutako lan-taldeak dauka eskuizkribua aztertu eta interneten argitaratzeko ardura.

Eskuizkribuak 51 orrialde dauzka orotara (52 orrialde estandar inguru), eta gehienak euskaraz idatzita dauden arren, gaztelaniazko zatiak ere badira. Badirudi, gainera, pleguak ez daudela osorik eta hainbat orri galdu egin direla. Eskuizkribuan esku bat baino gehiago aurkitu dute ikertzaileek, eta idatzaldi bat baino gehiago egon dela ere adierazi dute.

Nahiz eta eskuizkribuan jasotako testuak ez diren XXI. mendera arte argitaratu, begi-bistakoa da euskal literaturaren eta hizkuntzaren historiarako XVI. mendeko arabar jauntxoaren testuak daukan garrantzia: 2004ra arte XIX. mendearen amaiera-amaieran kokatzen zen euskal eleberriaren sorrera, esaterako. Aurkikuntzak hasiera hori zenbait mendez aurreratu zuen. Orri-kopurua ere aurretik Araban zeuden testuen luzerarekin erkatzea besterik ez dago hizkuntzaren iturri gisa daukan interesaz jabetzeko.

Lazarragaren lanak literaturaren ikuspegitik kokatu ahal izateko, beharrezkoa da garai hartako jauntxoen literatur zaletasunak ezagutzea. Arestian esan dugun bezala, eskuizkribuan artzain-eleberri laburra (amaitu gabea) eta zenbait poema ageri dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Esan beharra dago poema horietako batzuk ez direla Lazarragarenak, ezpada Estibaliz Sasiola izeneko egile ezezagunarenak.

Lehenengo eta behin, gogoan izan behar da ez dakigula, ezinezkoa baitzaigu, egiazki zer eta zenbat testu zeuzkaten eskura garai hartako irakurle eta idazleek, zer jotzen zuten ontzat eta zer ez, ziur asko argitaratutako lanak baino askoz ere gehiago izango baitziren. Iñaki Aldekoak Gutierre de Cetina-ren adibidea erabili izan du ideia hori Lazarragaren kasuan bertan: Cetinaren lana, garai hartakoa izanagatik, ez zen XIX. mendearen amaierara arte kaleratu, baina begi-bistakoa da Lazarragaren A8 zenbakidun poemaren eta Cetinaren "Zagala, quán libre estás" idazkiaren arteko antzekotasuna. Bestela esanda, edo Lazarragak Cetinaren lana ezagutu eta oinarritzat hartu zuen, edo biek edan zuten iturri beretik.

Aginagaldek Lazarragaren testuak XVI. mendeko bigarren erdialdean kokatu zituen, eta gogoan eduki beharrekoak dira, testuok literaturaren ikuspegitik aztertuko badira, garai hartako eleberrigintzaren moldeak.

Erdi Arotik zetorren zaldun-eleberrien arrakasta handia ahuldu egin zen XVI. mendean: XVII. mendera arte nagusi izan arren, indarra galdu zuen XVI. mendeko erdialdetik aurrera, eta ahultasun hura artzain-eleberriak baliatu zuen gora egiteko. Kronologia erlatibo hori ikusirik, argi dago Lazarragak bat egin zuela artzain-eleberrien indar-hartzearekin, ez baitzuen hautatu jada ordurako gainbeheran zegoen zaldun-eleberrien moldea, nahiz eta jauntxoen artean erabat arrakastatsua izan zen. Kontuan hartu behar da garai hartarako jauntxoek ere indarra galdua zutela erregearen aldean, aristokraziaren nolanahiko bizimodua jada ez zela egiazkoa ez zeukalako antzinako botere eta indarrik; hain zuzen ere, hori da zaldun-eleberriek jauntxoen artean arrakastatsu suertatzeko arrazoietako bat: literaturak galdutako mundu hori jartzen zien betaurrean berriro ere, joandako garaiak, jokaerak, bizimodua eta jarrerak berreskuratzen zituzten, nolabait, literaturaren bidez: jada fantasia besterik ezin izan zitekeen mundua. Lazarragak ere zaldun-eleberrietan ageri zen buru-fikzioaren baliabidea erabili zuen, bestelako ñabardurekin erabili bazuen ere.

Artzain-eleberrietan zaldunen nolabaiteko indar-galtzea baliatu zen: zaldun-eleberrietako heroi eta protagonisten borrokak apaldu eta lasaitu egin ziren, eta amodioa nagusituz joan zen. Artzainak eurak, zaldun-eleberrietan bazterreko eta baztertzeko pertsonaiak besterik ez zirenak, erdigune bihurtu ziren. Aldi berean, heroi borrokazalearen hainbat ezaugarri artzain protagonistengan apaldu egin ziren. Nolabait esatearren, artzain-eleberrietan zaldun-eleberrietako ezaugarriek bat egiten dute tradizio bukolikoarekin, eta ez da ahaztu behar, horrekin guztiarekin batera, irakurleen sentsibilitatea ere aldatu egin zela. Literatur testuinguru horretan argitaratu zen Jorge Montemayorren Los siete libros de Diana (1559) lana, eta artzain-eleberrigintzaren gorakadarekin bat egitea ez ezik, eleberri-molde horren arrakasta egiaztatu eta bultzatu besterik ez zuen egin.

Lazarragaren nobelako hasiera eta amaiera galdu egin badira ere, badago bertan kontatzen den istorioa ulertzerik. Laburbilduz, esan daiteke zenbait pertsonaien arteko maitasun-nahiek gorpuzten dutela: Silverok Sirena maite du, baina Sirena Doristeorekin dago maiteminduta, Doristeo Silviarekin eta Silvia Silverorekin. Eta ez dago batzuen nahiz besteen maitemina sendatzerik. Pertsonaiek maitemin horiek kantatzen dituzten artean, irakurleak garaiko molde horretako literaturan ageri ohi zen irudiak ikusten ditu (haranak, basoak, itzalpeko iturriak, larreak, erreka-bazterrak) eta aldian-aldian zaldun-eleberrietan ohikoak ziren naturaz gaindiko agerpenekin egiten dute topo.

Poesiaz den bezainbatean, Lazarragak kanta-poesia egin zuela esan daiteke, genero horren ezaugarriak biltzen baitituzte Larreakoaren poemek. Alabaina, ezin hitz egin dezakegu homogeneotasunaz, ez gaiari (nagusi den amodioaz gain, erlijioa, iseka, erotismoa, narrazioa ere ageri dira, besteak beste), ez formari dagokionez (neurri, molde eta eredu anitzak baliatu zituen). Egoera heterogeneo horrek zalantzak areagotzen ditu, noski. Poemetako ezaugarrien artean, aipatzekoa da amodio gortesauaren inguruko ohiko elementuak ageri direla: maitemindutako galai dotoreak gustuko duen dama bereganatzeko etengabeko ahaleginak egiten ditu, eta poeta damaren menpe gelditzen da. Nabarmentzekoa da, bestalde, Lazarragak, idazle gisa, bat egiten duela, berriro ere, garaiko joerekin; izan ere, ohikoa zen gazteak, joko legez ia-ia, poesia idazten aritzea. Aipatzekoak dira, halaber, Erdi Aroko kanta-poesiatik edan ondoren Larreakoak testuratu zituen elementuak.

Iñaki Aldekoaren esanei jarraikiz, beste alde batetik, Lazarragak ez zuen jo, beste egile batzuek egin zuten bezala, eredu italiarretara, ez zuen bat egin Europako XVI. mendeko poesian nagusi izan zen izpiritualtasun berriarekin, gerora Oihenartek egin zuen bezala. Lazarraga erdibidean gelditu zela esan daiteke, XV. mendeko eredu tradizionalaren eta Petrarca italiarraren eskutik Europan zabaldutako eredu berriaren artean.

Amaitze aldera, aipa ditzagun interes filologikoa besterik ez daukaten bi erlijio-lan. Badirudi Odietako Sancho de Elso izeneko eliz gizonak katixima bat idatzi zuela gaztelaniaz eta euskaraz 1561ean (Nafarroako lehenbiziko idazlea eta euskal testuetako lehenengo katixima izango litzateke), baina, tamalez, oraindik ere ez da aurkitu. Lan hori agertu artean, Joan Perez de Betolatzaren Doctrina christiana en Romance y Bascuence (1596) dugu euskaraz argitara emandako lehenbiziko dotrina, Bilbon kaleratua. Egileaz ezer gutxi dakigu: dotrinaren berrargitalpena atondu zuenean (1955), Mitxelenak Betolatza bilbotarra izan zitekeela esan zuen, baina 1980ko hamarkadan Enrike Knörren ikerketa-lanek Arabako Betolatza herrikoa zela erakutsi zuten. Betolatzaren dotrina Ripaldaren 1591eko dotrinaren itzulpena da, testua gaztelaniaz ageri da zutabe batean eta euskaraz aldamenean, eta Trentoko Kontzilioaren ondoren Kalahorra eta Galtzadako Santo Domingoko apezpiku Pedro Manso Zuñigak eman zuen itzultzeko agindua.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.
  • ALDEKOA, Iñaki.Ernazimentua Lazarragaren literaturan. EGAN, 2009, 2009-1/2, 99-111 orr.
  • ALDEKOA, Iñaki. "El renacimiento en la literatura vasca: Juan Pérez de Lazarraga". Argitaratu gabea.
  • AROCENA, Fausto. Garibay. Zarautz: Icharopena, 1960.
  • ARZAMENDI, J. eta ZUBIAUR, J. R.. "El léxico vasco de los Refranes de Garibay". ASJU, 1976, X, 47-145 orr.
  • GARATE, Gotzon. Euskal atsotitzak. 2. argitalpena. Bilbo: Deia, 2002.
  • KNÖRR, Enrike. "Betolazaren zenbait berri". ASJU, 1986, XX-2, 499-508 orr.
  • LAKARRA, Joseba Andoni. "XVI. mendeko bizkaierazko errefrauez 1. Garibairen bildumak". ASJU, 1986, XX-1, 31-65 orr.
  • LAKARRA, Joseba Andoni. (arg.). Refranes y sentencias. Ikerketa eta Edizioa. Bilbo: Euskaltzaindia, 1996.
  • LAKARRA, Joseba Andoni. "Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua (XVI. mendea): lehen hurbilketa". Gipuzkoako Foru Aldundia, Lazarragaren eskuizkribua, Madrid: Edilán-Ars Libris, 2004.
  • MICHELENA, Luis. "La doctrina cristiana de Betolaza (1596)". BAP, 1955, 11, 83-100 orr.
  • MICHELENA, Luis. Textos arcaicos vascos. Madrid: Minotauro, 1964.
  • URKIZU, Patri (arg.). Joan Perez de Lazarraga. Dianea & Koplak. Donostia: Erein, 2004.
  • URQUIJO, Julio. El refranero vasco I. Los Refranes de Garibay. Donostia: Imprenta Martín, Mena y Comp., 1919.
  • URRIZOLA, Ricardo. "Sancho de Elso y su Doctrina Cristiana en castellano y vascuence". Fontes Linguae Vasconum, 2006, 101, 109-146 orr.
  • Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldea. Lazarragaren eskuizkribua. Edizioa eta azterketa [Kontsulta-data: 2011ko irailaren 2a].