Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XIX. Mendea

XIX. mendeko gerrek eta haiek sortarazi edo ondotik dakartzaten gatazkek markatzen dute euskal literatura, gaiei eta argitalpenei dagokienez, izan ere gehienetan liburuen argitalpena eragotzi baitzuten: frantsesteko gerra (1808-1814), liberalen hiru urteko agintaldia (1820-1823), I. karlistaldia (1833-1839), III. karlistaldia (1872-1876), foruen galera (1876). Frantzian III. Errepublikak (1870-1940) gizartea eta batez ere irakaskuntza laikotzea bultzatu zuen, Eliza Katolikoarekiko gatazka piztaraziz. Gertaera horien lekuko dira, liburuak ez ezik, bertso-paper ugari.

XIX. mende hasieran bizkaiera literarioa sortu zen, Juan Antonio Mogel eta Añibarroren eskutik. Haiekin batera, Fr. Bartolome Madariaga (Santa Teresa), Fr. Pedro Astarloa, Juan Jose Mogel, Bizenta Mogel eta Juan Mateo Zabala izango dira idazle nagusiak.

Gipuzkeraz Kardaberaz, Mendiburu eta Ubillosen bideari jarraitzen diote J. A. Mogel (1745-1803), J. B. Agirre Asteasuko (1742-1823), Gerriko (1740-1824) eta J. K. Etxeberria (1773-1853) elizgizonek. Lehen hirurek beren obrak frantseste aurretik idatzi zituzten baina mendearen erdi ingurutik aurrera argitaratu. Etenaldi luze baten ondoren susperraldi bat dator gipuzkerazko liburugintzan, lehenik Iztueta eta Iturriagaren eskutik, geroxeago Lardizabal eta Arruerenetik.

Euskal alegigintza Mogeldarrekin hasten da, neoklasizismoaren garaian. Genero honek gizabanako eta gizarteari moral bat irakastea du helburutzat, eta ikasbide hori nahi izan zion eskaini Juan Antonio Mogelek euskaldun kristauari eta euskal gizarteari. Garai honetako euskal alegigileak Juan Antonio eta Bizenta Mogel, Fr. J. M. Zabala eta Iturriaga ditugu. Iparraldean J. B. Arxu, Goihetxe eta G. Adema "Zaldubi" dira alegigileak. La Fontainenak itzultzen edo egokitzen dituzte neurtitzetan, hark ospe handia eman baitzion alegigintzari.

Bonaparte printzearen dialektologia ikerketak eta haren eraginezko itzulpen eta argitalpenek (1850-1870) bultzada handia eman zieten Bibliako testuen itzulpenari eta euskalki literarioei (lapurtera, zuberera, gipuzkera, bizkaiera); tokian tokiko desberdintasunek ere garrantzi berezia hartu zuten. Haren laguntzaile fidelenak Uriarte, Duvoisin eta Intxauspe idazleak izan ziren; lehen biek Biblia osoa itzuli zuten, batak lapurterara eta besteak gipuzkerara.

XIX. mendeko mugimendu literario garrantzitsuena erromantizismoa da. Erromantizismoa ilustrazioko argien eta arrazoiaren kontra jaiki zen. Gizabanakoaren beregaintasuna eta nagusitasuna predikatzen du, baita herrien nortasuna eta beregaintasuna. Euskal literaturako egile erromantikoen artean aipagarriak dira, Iparraldean, Kamusarri, Xaho eta P. Topet Etxahun. Hegoaldean "Bilintx", Iparragirre, P. M. Otaño, E. M. Azkue eta Arrese Beitia.

Erromantizismoak folklorezaletasuna eta herri kulturaren bilketak bultzatu zituen. Kultura alderdien artean (hizkuntza, ohiturak, musika etab.) herri literatura ere aintzat hartu zuen, bere generoekin (herri-poesia, herri-ipuinak, elezahar edo leiendak eta orohar kontakizunak, errefrauak...). Hor kokatzen dira, beraz, Iparraldean Hiribarren eta Hegoaldean Iztueta, baita Lore Jokoetako poetak (Elizanburu, Zaldubi, Dibarrart, etab.). Hain zuzen, mende erditsutik aurrera Antonio Abadiak Euskal Festak (Lora Jokoak) antolatu zituen, eta horietan barne ziren koplarien guduak (1853-1897). Abadiaren Euskal Festetan poesia eta bertsolaritza instituzionalizatuz eta eratuz joan ziren.

XIX. mende bukaeran, III. karlistatearen ondoren Hegoaldeko probintziek foruak galtzen dituzte (1876). Aurki, Pizkundea mugimendua abiatuko da. Donostian Manterolak Euskalerria kultura aldizkaria sortuko du (1880-1918), obra literario ugari argitaratuko dituena; donostiar giroko antzerti irrigarri eta satirikoa sortuko da, Soroaren eskutik; Donostiako Euskal festen inguruan elezahar edo leiendak landuko dira; Bilbon Azkuek eta Aranak euskara garbia asmatu nahiko dute, baita euskara gizarteratzea, horretarako antzertia eta kazetaritza bultzatuz: Azkuek Euskalzale (1897) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariak sortuko ditu; S. Aranak ideologia abertzalea sortuko du. Beraz kontaera eta antzertia genero nagusi bilakatuz doaz: Duvoisin, Elizanburu, Daskonagerre, Apaolaza eta Azkueren kontakizunen ondotik, nobela sortzeko beste urrats bat egiten du Tx. Agirrek (Auñamendiko lorea, 1898). Donostian T. Alzagak antzerti eskola bat sortzen du. Berak komediak idatzi zituen eta, haren ondotik, Barriolak dramak.

XIX. mende amaieran Frantziako III. Errepublikaren (1870-1940) eta Eliza Katolikoaren arteko gatazka piztu zen. Elizak bere irakastetxe, ondasun eta eskumenak arriskuan ikusi zituen eta erlijioaren eta bere interesen defentsari ekin zion. Erlijio katolikoaren eta kristau dotrina irakastearen aldeko eta Errepublikaren kontrako liburu, kazeta eta bertso ugari argitara ziren. Idazleen artean aipagarriak dira M. Elizanburu, Lapeire, Intxauspe, Arbelbide, D'Iharasarri. Kazetaritzan aipagarria da Eskualduna astekari elebiduna (1887-1944), eta haren idazle nagusi J. Hiriart-Urruti, A. Abadie eta B. Adema. Errepublikarrek ere izan zituzten euskara-frantses astekari elebidunak: Réveil Basque (1886-1894) eta Le Pays basque-Eskual-herria (1898-1914). Hagiografia (santuen bizitzak) landu zuten zenbait idazle bikainek: Laphitz, Ioanategi, G. Arrue, K. Beobide. Iparraldean bezala, Hegoaldean ere antzeko generoak agertzen dira liberalismoaren kontra eta katolikotasunaren alde.